Zein da pobreziaren sortzailea?

Zein da pobreziaren sortzailea?ZEIN DA ZEIN?
Ekimenaren aurkezpena.

Munduan 1.300 milioitik gora pertsonek egunean euro bat baino gutxiago irabazten dute eta denbora berean populazioaren %10 aberatsena mundu osoko aberastasunen %85aren jabe da. Gaur eguneko sistema kapitalista patriarkalak errealitate hauek sortzen ditu: pobretasuna, giza-eskubideen urraketa, gatazka gero eta handiagoak, ingurumen arazoak, aberastasunen banaketa bidegabea eta emakumeen bazterketa. Baina zergatik sortzen dira bidegabekeria horiek? Eta noren erruz?

Informazio gehiago
Kanpo-zorra, enpresa transnazionalak, harreman komertzial bidegabeak eta gehiegizko kontsumoa.

Azken 200 urte hauetako kapitalismoak frogatua utzi du sistema hau errotik bidegabea dela, pertsonen artean pobrezia eta desberdintasunak sortzea baitu oinarri. Kapitalismoak 950 milioi pertsona hiltzen ditu gosez eta 4.700 milioi —horietatik %70 emakumeak— dauzka miserian itoak. Denbora berean, neurrigabeko oparotasun eta aberastasuna segurtatzen du populazioaren zati txiki batentzat. Egon daiteke sistema injustuagorik?

Informazio gehiago
Gerrak eta gatazkak, gastu militarra eta giza-eskubideen pribatizazioa.

Oinarrizko eskubide batzuk bermatzea estatuen lana izan da orain arte, baina une honetan ardura hori esku pribatuetara pasatzen hasi da, ondorio larriekin hala Hegoaldeko nola Iparraldeko herrialdeentzat. Bestalde, enpresa transnazional batzuk kontrolik gabe ari dira lanean herrialde pobretuetan, lan-eskubideak urratuz, ingurumena hondatuz eta populazioak beren bizilekuetatik indarrez kanporatuz. Energia baliabideak segurtatzeko abiatzen diren gerra eta gatazka armatuek dirutza izugarriak desbideratzen dituzte gastu militarretara eta areago pobretzen dituzte lehendik soberan pobreak ziren populazioak. Munduko pertsona bakoitzeko 224 dolar xahutzen dira armetan, hau da, munduko produktu gordinaren %2,7. Noiz arte izan behar du arma industriak erakunde publikoen babesa?

Informazio gehiago
Genero ezberdintasuna, patriarkatua eta matxismoa.

Kapitalismoak populazioen arteko desberdintasunak handitu eta pobrezia eta bazterketa sortzen ditu, baina nola gainera patriarkala den, dakartzan kalteak askoz ere handiagoak dira emakumeentzat. Kapitalismoak eta patriarkatuak elkar sostengatzen dute. Sistema patriarkalak justifikatu egiten du emakumea gizonaren azpian zapaldua, menperatua eta baztertua egotea. Beraz, kapitalismoak ezberdin pobretzen ditu gizonak eta emakumeak eta emakume aurpegia jartzen dio pobreziari Iparraldeko nola Hegoaldeko gizarteetan. Emakumeek janari guztien %70 ekoizten dute eta munduko lanaren bi heren egiten dute, baina gizonezkoek irabazten dutenaren hamarrena irabazten dute eta lur-azaleraren %1aren jabe baino ez dira. Eta nor arduratzen da pertsonak zaintzeaz, gure gizartean hain gutxi baloratzen eta aintzat hartzen den funtsezko zeregin horretaz?

Informazio gehiago
Krisi ekologikoa, beroketa globala, ingurumenaren hondamendia eta janariak lortzeko aukera ezberdintasuna.

Sekula ezagutu ez den bezalako krisi ekologikoan sartua dago une honetan gure Lurra. Beroketa globala, natur ondareen agortze eta degradazioa eta dibertsitatearen galera dira krisialdi horren aurpegi batzuk. Mundua muturreko bi multzotan zatitua dago: batetik, Iparralde aberatsa eta kontsumista eta bestetik, Hegoalde pobretua eta oinarrizko baliabideak lortu ezinik dabilena. Banaketa horren ondorioz herrialde pobretuak izan ohi dira krisi horren kalteak gogorkienik pairatzen dituztenak, nahiz eta ingurumen krisiaren errudun nagusiak beste batzuk izan. Munduko janari krisia ez da sortu janari gutxi ekoizten delako, baizik eta populazioen arteko baliabide banaketa gero eta desorekatuagoa delako eta horretan ere emakumeak dira kaltetuenak. Ezin dugu jarraitu mugagabe kontsumitzen baliabide mugatuko planeta batean. Baldin munduko biztanle guztiek balute Euskadin daukagun bizi-maila eta kontsumituko balute Euskadin egiten dugun bezala, hiru planeta beharko genituzke. Eta, halere, zoriontsuagoak al gara gero eta gehiago kontsumituz?

Informazio gehiago
Gain-informazioak eta merkatuaren zerbitzuko informazioak desinformatuta gauzka.

Informazioaren informazioz azkenean zeharo desinformatuta bizi gara. Albisteen azalean igerian gabiltza, sekula murgildu gabe inguruan ditugun pobrezia eta injustiziako egoeren sakoneko arrazoien bila. Bestalde, informazio enpresa handien asmo bakarra dirua irabaztea da  eta asmo horren izenean ezeztatu egin dute kazetaritzaren funtsezko eginkizun soziala: pertsona kritikoak sortzea, pertsona arduratsuak, autonomoak, Ipar eta Hegoaren arteko desberdintasunez jabetzen direnak eta zerbait egiteko prest daudenak. Gaur egun informazioa ez da besterik salbu merkatuaren beste tresna bat dirua irabazteko. Komunikazioa munduko Barne Produktu Gordinaren %15 da. Labur esanda: merkatuak ditugu gobernatzaile eta informatzaile. Nola lortu benetako kazetaritza soziala eta nola berreskuratu komunikabideen eginkizun hezitzailea?

Informazio gehiago