Ekainaren 2an, Ohiko Batzar Orokorra egin dugu telematikoki. Ekimen horretan, erakundearen Genero-politika berria onartu dugu. Prozesu partehartzaile baten emaitza da, eta genero-ekitatean aurrera egitea du helburu. Horretarako, bere kontzeptu-markoak ikuspegi feministaren aldeko apustua egiten du. Laster ikusgai izango da webgunean.
2022ko kudeaketa- eta ekonomia-txostenak onartu ditugu, baita 2023 ekitaldirako plangintza eta aurrekontua ere. Halaber, erakundea Garapenerako Euskal Kontseiluan ordezkatzen duten bi pertsona berritu ditugu. Bestalde, atxikimendurako protokolo berria onartu dugu; horrek oinarriak ezartzen ditu eta prozedura zehazten du antolakundeak hainbat gairi buruz posizionamenduak sortzeko edota beste batzuekin bat egiteko.
Halaber, Legebiltzarra Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Euskal Legea berria tramitatzen ari da; beraz, denbora izan dugu horren inguruan eta erakundearen posizionamenduaren inguruan hausnartzeko.
Azkenik, Baltistan Fundazioa eta Bultzapen GGKE-ek eskatu dute Euskadiko GGKE-en Koordinakundean baja ematea jarduera eten egin dutelako. Urteetan zehar proiektu komun honi eskainitako denbora eta lanagatik gure esker ona erakutsi nahi diegu.