Kazetaritza eta Elkartasuna ez dira delitu

Kazetaritza ez da delitua
Euskadiko GGKE-en Koordinakundetik bat egin dugu jakinarazpen honekin.

Euskadiko GGKE-en Koordinakundetik bat egin dugu Mugarik Gaberen jakinarazpen honekin:

Iragan apirilean, “Bizitza Jokoan/La Vida en Juego” kanpainaren barruan, Guatemalan ikerketa-kazetaritza komunitarioa egiten duen Prensa Comunitaria hedabidearen bisitan lagundu genuen.

ARGIA aldizkariak Mining Secret proiektua azaltzen zuen elkarrizketa bat argitaratu zuen. Munduko 20 hedabidetako 65 kazetarik baino gehiagok elkarlanean egindako kazetaritza-ikerketa da Mining Secret. Solway Investment Group meatzaritza enpresa transnazionalaren informazio eta dokumentu batzuen filtrazioan oinarrituta, jatorri errusiar-suitzarreko enpresak El Estor inguruan, Izabal aintziraren ertzean, duen proiektu estraktibistaren gorabehera eta barnekotasun guztiak ezagutzera eman zituzten.

Bere webgunean diotenez, munduan nikela erauzten duen enpresarik handiena da eta, besteak beste, Errusian, Mazedonian, Liberian edo Indonesian du presentzia. Tartean dauden loturak eta interesak hobeto ulertzeko, adierazi behar da Guatemalan erauzten den nikelaren zati handi bat altzairu herdoilgaitz bihurtzen dutela Finlandian eta gaur egun Europako etxe askotan aurki daitekeela, horrekin eta beste produktu batzuekin, harraskak, mahai-tresnak eta hainbat etxetresna elektriko egiten baitira. Azken datu gisa, aipatu behar da altzairu herdoilgaitz horren zati handi bat aipatutako produktu horien bidez iristen dela gure etxeetara, Bosch-Siemens edo Ikea bezalako enpresa ezagunek merkaturatuta.

Elkarrizketak jasotzen duen bezala, ikerketa honi esker q ‘eqchi herriak etengabe aurkeztu dituen eta sekula justiziarik edo erreparaziorik jaso ez duten salaketak berretsi ahal izan dira. Esaterako, meatzaritza-enpresa transnazional horrek aintziraren kutsaduran duen erantzukizuna; inguruko komunitateen biziraupenaren oinarri diren laboreei su ematea horiek beren lurraldea uztea behartzeko; tokiko liderrak erosteko funtsak edukitzea; edo Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzea, zeinak herritarren gizarte-protesta ezberdinetan errepresio zuzena egiten duen, baita manifestarien hilketa ere. Eta hori guztia, gaur arte, Guatemalako hainbat gobernueren babesarekin egin dute. Hauek, auzitegiek herritarrei kontsulta egitera behartu zituztenean, enpresak zehaztutako planari jarraituta egin zuten.

Orain, elkarrizketa publikatu ostean, Solway Investment Group multinazionalak elkarrizketa ezabatzea eta jasandako kalteengatik 15.000 euro ordaintzea eskatu dio ARGIAri, ordezkatzen duen abokatu-bulego madrildarraren kostuak bere gain hartzeaz gain. Hori guztia auzitegietan neurriak hartzeko mehatxupean.

ARGIAren aurkako eraso horren aurrean, behean sinatzen dugun erakundeok argi eta garbi adierazten dugu:
– Solway Investment Group enpresak adierazpen eta informazio askatasunerako eskubideari egindako erasoa gaitzesten dugu. Eraso hori planifikatutako beldurrarazte estrategia baten parte da. Gaur Argiaren aurka izan da, baina, bihar beste komunikabide edo giza eskubideak defendatzen dituen erakunde baten aurka izan daiteke, autozentsura inposatzeko ziurtasunik eza eta beldurra zabaltzea baitute helburu.
– Gure elkartasuna, babesa eta maitasuna erakusten dizkiogu Argiari. Hedabide independentea eta gizarte-justiziarekin konprometitua da, eta, jasotako mehatxua gorabehera, irmo eutsi dio enpresa multinazionalaren botere eta ustelkeria sareak salatzeari.
– Gure elkartasuna, babesa eta maitasuna adierazten dizkiogu Prensa Comunitariari, q’eqchi herriari eta mundu osoan giza eskubide indibidual zein kolektiboak defendatzen dituzten pertsonei, guztiok bizitzeko duina izango den bizitza izan dezagun lan egiten baitute. Era berean, haien lana zabaltzen, babesten eta laguntzen jarraitzeko konpromisoan berresten gara.
– Erne jarraituko dugu protesta sozialerako, informaziorako eta adierazpen-askatasunerako eskubidearen defentsa ziurtatzen eta eskatzen, salaketa honi eta etorkizunean sor daitezkeen beste batzuei oihartzuna emanez.

Kazetaritza eta Elkartasuna ez dira delitu
Donostia, 2023ko ekainaren 26a.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat