Kolaboratu nahi?

Dohaintzak

Enpresa, erakunde edo instituzio bateko kide bazara, edo pertsona partikularra, eta materialen bat eman nahi baduzu, Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen bidez egin dezakezu.
Baina, aurretik, honako irizpide hauek kontuan hartzea gomendatzen dizugu:
  • Bildu ezazu ahalik eta informazio zehatzena eman nahi duzun materialari buruz (unitateak, tamaina, gutxi gorabeherako pisua) eta dokumentatu ezazu, ahal bada, argazkiekin.
  • Materialak egoera onean egon behar du eta erabiltzeko moduan. Bestela, hobe duzu dagokion edukiontzira botatzea edo garbigunera eramatea.
  • Arropa, berriz, horretarako dauden edukiontzietara eramatea gomendatzen dugu, edo zure udalerrian egiten diren kanpaina aktiboetara bideratzea.
  • Ez dugu sendagairik jasotzen, oso material sentikorra direlako. Gainera, biztanleria hartzailearen osasun-beharrei erantzun behar diete, eta medikuek agindu behar dituzte. Bilketa-leku egokietan uztea gomendatzen dugu (farmaziak, garbigunea…).
  • Objektu bat gainetik kentzea baino askoz ere gehiago da dohaintzan ematea. Egoera onean dagoen material bati beste bizitza bat eman nahi izatea da, beste pertsona baten beharra asetzeko. Adierazten du badakigula planetako baliabideak mugatuak direla, eta objektuen bizitza baliagarria luzatzen badugu, etengabe material berriak ekoiztea eta lehengai gehiago kontsumitzea saihestuko dugula. Gutxiago kontsumitzeko modu bat da berrerabiltzea. Azken batean, dohaintzan emateak egoera globalari buruzko hausnarketa pertsonala egitea dakar, eta, ondoren, erantzukizunez eta denboran modu jarraituan jokatzea.

Zure dohaintza jasotzen dugunean, bazkide diren GGKE guztiei jakinaraziko diegu, eta, emailearekin adostuta, astebeteko epea jarriko dugu, gutxi gorabehera, eskaerak jasotzeko. Epe hori igarotakoan, objektu bakarra baldin bada, zozketa egingo da eskaera egin duten GGKE-en artean, eta, bat baino gehiago badira, banaketa ekitatiboa, bidezkoa eta adostua egingo da. Ondoren, emailea eta GGKE hartzaileak harremanetan jarriko ditugu, materiala entregatzeko eta jasotzeko prozedura erabaki dezaten. GGKE bazkideek interesik ez badute, emaileari jakinaraziko zaio.

Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak bitartekaritza-lana egiten du emailearen eta GGKE-en artean, bai eta aholkularitza- eta lankidetza-lana ere. Beraz, bi aldeak harremanetan jartzen ditugunean amaituko da gure eginbeharra. Dohaintzaren bat helarazi nahi badiguzu, jarri gurekin harremanetan: