EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA

Gure historia

1988an Euskadiko GGKE-en Koordinakundea sortu zenetik gaur egunera arte, sektorearen lorpen garrantzitsuetan lagundu dugu, eta desafio eta erronka garrantzitsuei aurre egin diegu. Jarraian, gure historiaren atal batzuk erakutsiko ditugu. Historia horren orrialdeak egunero idazten jarraitzen dugu.

  • 2021

    Gure Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko Eredu-dokumentua onartu genuen. Dokumentu horretan jasotzen da gutxieneko komun partekatu batetik arlo horretan aurrera egiteko bidea.

  • 2019

    Sexuagatiko eta sexu-orientazioagatiko sexu-jazarpeneko egoeretan prebenitzeko eta jarduteko protokoloa onartu genuen. Horrek erakutsi nahi du ez ditugula inola ere egoera horiek onartzen. Era berean, prozedura bat arautzen du, eta erreferentziazko tresna izan nahi du sektorean.

  • 2018 - 30 Aniversario

    2018

    • Euskal lankidetza-politiken eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen 30. urteurrena ospatu genuen. Elkarrekin egindako bidea ospatzeko, berriz elkartzeko eta aintzatesteko urtea izan zen. Ezagutu urte zirraragarri honetako jarduera nagusiak.
    • Gure erakundea Sareen Sarean integratu zen. Sare hori Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak biltzen dituen elkartea da.
  • 2016 Gasteiz en conexion

    2016

    • Gasteiz konexioan izeneko ekimena jarri genuen martxan, herritarrak sentsibilizatzeko gure ingurune hurbilaren eta GGKE-ek lan egiten duten herrialde eta lekuen arteko loturei buruz.
    • Urkullu lehendakariak garapenerako politiken koherentziari buruzko dokumentu instituzional bat argitaratu zuen. Bertan, bere gobernuaren ekintza osoan garapenerako politiken koherentzia-ikuspegia txertatzeko konpromisoa hartu zuen. Dokumentu horrek indartu egiten du gure erakundeak arlo horretan bultzatzen duen lana.

    • Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Legea onartu zuen. Haren helburua da, batetik, Euskadiko hirugarren sektore soziala eratzea eta ezaugarritzea hura osatzen duten erakunde eta sareen bitartez, besteak beste garapenerako lankidetzakoak, eta, bestetik, horiek indartzeko eta lankidetza bultzatzeko neurriak sustatzea.

  • 2015-Refugio

    2015

    • Errefuxiatuei laguntzeko sortu berri ziren Ongi Etorri Errefuxiatuak edo Gasteiz Irekia plataformetan hartu genuen parte.

    • Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onartu zuen, eta Garapen Jasangarrirako Helburuak ezarri zituen, herrialde sinatzaileek 2030 baino lehen lortu beharreko erronka gisa. Ordutik, agenda horren ezarpenean inplikatu gara, baita begirada kritiko batekin ere.
  • 2013

    • Murrizketa ekonomikoak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara eta Bizkaiko lurraldera iritsi ziren, eta jaitsiera handiak egon ziren ekitaldi horretako eta hurrengoetako lankidetza-sailetan. Bai kasu horretan, bai Arabako aurreko urteko murrizketen kasuan, gure erakundeak funtsezko rola izan zuen murrizketak salatzeko, eta geldiarazten eta lehengoratzen saiatzeko.

    • Murrizketen testuinguru horretan, hain zuzen ere, Eraldaketarako lankidetza elkarrizketak kanpaina bultzatu genuen. 2016ra arte, Euskadiko eta Hegoaldeko hainbat pertsona ospetsuk balioa eman zioten lankidetzaren eta GGKE-en lanari.

    • Zein da zein? kanpaina abiarazi genuen. Haren helburua zen gure egungo garapen-ereduaren ondorioak azaltzea, arduradunak identifikatzea eta sistema solidarioago eta bidezkoago batera eramango gaituzten alternatibak proposatzea.

    • Gipuzkoan, Unibertsitate Kritikoaren Sarea sortzea bultzatu genuen. Sare horretan, EHUn presentzia duten hainbat eragilek hartu zuten parte, hala nola GGKE-ek, irakasleek, ikasleek eta abarrek, unibertsitatea eraldatzeko eta gai sozialak diziplina guztietan zeharkatzeko.

  • 2012 RECORTES

    2012

    • Krisi ekonomikoak Euskadiko lankidetza-politikak astindu zituen, baina modu desberdinean lurraldeen eta kolore politikoaren arabera. Araban, murrizketa handiak egon ziren, eta zenbait erakundetan, hala nola Gasteizko Udalean, lankidetza-politika ia desegin ere egin zen.

    • Eragin Politikorako Eredu-dokumentua osatzen duten testuetako lehena onartu genuen. Dokumentu horrek erakundeak urteetan zehar adostutako zenbait jarrera biltzen ditu, eta eragin politikoko gure estrategiaren oinarri teorikoa osatzen du.

    • Gure lehenengo Genero-politika onartu genuen. Horrek erakundearentzako konpromiso espezifikoak planteatzen ditu, eta erakunde bazkideentzako erreferentzia-esparrua izan nahi du.

  • 2011

    Parte hartu genuen Desazkundea eta Ondo bizitzea izeneko sarean. Sare hori egungo garapen-ereduaren alternatibak bilatzen dituzten erakundeek eta kolektiboek osatzen zuten.

  • 2010

    Gure erakundeak proposatuta, Vitoria-Gasteizko eta Donostiako udalek Pobreziaren aurkako Ituna sinatu zuten, eta horrekin konpromiso garrantzitsuak hartu zituzten munduan pobrezia desagerrarazten laguntzeko.

  • 2009 iGNACIO ELLACURIA

    2009

    • Eusko Jaurlaritzak Ignacio Ellacuria saria eman zigun garapenerako lankidetzan egindako ibilbidea aitortzeko.

    • Elkartze Akordio Ekonomikoen (EPA) aurkako kanpainak bultzatu genituen. Hurrengo urteetan, halaber, bat egin genuen merkataritza libreko beste akordio batzuen aurka, hala nola Merkataritza eta Inbertsioen Itun Transatlantikoa (TTIP) eta Ekonomia eta Merkataritza Akordio Globala (CETA).

  • 2008 DIA DE ACCION GLOBAL

    2008

    Parte hartu genuen Munduko Gizarte Forotik eratorritako Ekintza Globalaren Eguna izeneko kanpainaren baitako mobilizazioetan eta aldarrikapenetan. Hurrengo urtean, Ekintza Globalaren Astean hartu genuen parte.

  • 2007-carta

    2007

    • Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren legegintzako herri-ekimena. Bertan jaso ziren Gobernuak hartutako konpromisoak kanpo-zorra ezabatzeko, arma-industriei ez laguntzeko eta bidezko merkataritza bultzatzeko.

    • Eusko Legebiltzarrak Garapenerako Lankidetzarako Euskal Legea onartu zuen, eta 2012rako euskal administrazioen aurrekontu guztien % 0,7 lankidetzara bideratzeko konpromisoa ezarri zuen.

    • Martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko Bizkaiko koordinakunde feministetan hasi ginen parte hartzen.

    • Euskal GGKEok parte hartu genuen G8aren goi-bileraren aurkako mobilizazio garrantzitsuenetan; hau da, neoliberalismoaren eta kapitalismoaren adierazleetako baten aurka.

  • 2005-POBREZA-CERO

    2005

    Zero Pobrezia kanpaina Euskadin bultzatu genuen. Kanpaina hori estatu-mailako ekimena zen, pobrezia eta desberdinkeria salatzeko eta gobernuei neurri politikoak hartzeko konpromiso argiak eskatzeko. Hurrengo urtean, Donostiako Zero Pobrezia Plataforma sortu zen; gaur egun jardunean dago oraindik.

  • 2003

    • Euskadiko GGKE-en lehen partzuergoaren buru izan ginen. Partzuergoaren helburua zen Araban gauzatzea Otro globo es posible-Egin bira lurbirari sentsibilizazio-proiektua.
    • Donostiako Udalarekin hasi ginen elkarlanean Giza Eskubideen Zinemaldia antolatzeko.
    • MEWANDO (Middle East without Wars and Oppressions) sarea sortu zen, erakunde eta mugimendu sozialez osatua; horien artean, gurea. Haren helburua zen Ekialde Hurbileko egoeraz sentsibilizatzea eta Palestinako herriarekiko elkartasuna sustatzea.
    • Araban, aurreko sentsibilizazio-proiektuarekin jarraitu genuen, eta bide eman genion Mírame con otros ojos-Aldatu jarrera proiektuari.
  • 2002

    • Mundu zabala, errealitate anitz sentsibilizazio-jarduera antolatu genuen; duela 15 urte baino gehiagotik egiten da urtero, Donostian.

    • Gure web-orria argitaratu genuen, GGKE-ei eta lankidetzari ikusgarritasun handiagoa emateko.

  • 2001

    Gure lehen ildo estrategikoak landu genituen, eta, horren ondorioz, 2005-2009 aldirako I. Plan Estrategikoa onartu genuen, 2005ean.

  • 2000

    • Araban, Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak Acercando pueblos-Herriak hurbilduz sentsibilizazio-proiektua sortu zuen.

    • Beste ekimen batzuk jarri ziren abian, hala nola Kanpo-zorra, betiereko zorra: 2000. urtea, mila milioi pertsonarentzako askatasuna; % 0,7 gehiago eta hobea; eta Bakearen Dibidendua-Bakean inbertitzea.

    • Nazio Batuek Milurteko Garapen Helburuak onartu zituzten. Haren sorrera eta aurkezpena gure sareak eta GGKE bazkideek lagundu zuten gertaera garrantzitsua izan zen.

  • 1999

    • Proiektu hauek jarri genituen martxan: Urakanaren begian eta Aldatu zure kaskoaren hegoaldea.

    • Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen Jokabide-Kodearen Jarraipen Batzordea sortu genuen.

    • Gure sarea Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundean sartu zen.

    • Mitch urakanaren ondoriozko larrialdia zela eta, erakunde batzuek antolakunde erreferente izendatu gintuzten, biltzen zituzten funtsak esleitzeko eta kudeatzeko.

    • GGKE bazkideetako emakume-talde batek GGKE-etan genero-ikuspegiari buruzko ikerketa bat egin zuen.

  • 1998

    Martxoaren 28an, gure Ohiko Batzar Nagusiak bazkide diren GGKE-en Jokabide-Kodea berretsi zuen.

  • 1997

    GGKE-en lana ezagutzera emateko, sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi genuen, bi proiektu hauekin: Berdintasun gehiagorekin mundu guztiak irabazten du eta GGKE oso aipatuak, ez oso ezagunak.

  • 1996

    Munduko zorte guztia izan duzu. Parteka ezazu kanpaina egin genuen, desberdinkeriari buruz kontzientziatzeko.

  • 1994

    % 0,7 plataformak kanpaldia antolatu zuen Bilboko Areatzan, bai eta Euskadiko beste udalerri batzuetan ere, Gasteizen, esaterako, elkartasun-adierazpenak egin ziren. GGKE-ek, kolektibo solidarioek eta ehunka pertsonak hartu zuten parte, Eusko Jaurlaritzari eta foru-aldundiei eskatzeko bidera zezatela nazioarteko lankidetzara Euskadiko barne-produktu gordinaren % 0,7, edo, udalen kasuan, aurrekontuen % 0,7.

  • 1993

    Iparra/Hegoa Giza Garapena erakusketarekin lehen sentsibilizazio- eta salaketa-jarduera publikoa egin genuen.

  • 1989-90eko hamarkada

    GGKE-en artikulazioak Euskadiko udaletako proiektuen lehen deialdiak bultzatu zituen, eta Garapenerako Lankidetza eta Laguntzarako Funtsa (FOCAD, gaztelaniazko siglak) sortzen lagundu zuen, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eskutik. Hamarkada bat geroago, aldundiek beren bideari ekin zioten, lankidetza-politikak diseinatzeko.

  • 1988

    Uztailaren 21ean, hiru lurraldeetako ondorengo 11 GGKE-ek Euskadiko GGKE-en Koordinakundea sortu zuten, Bizkaian: Justicia y Paz, Amigos del Tercer Mundo-Hirugarren Munduaren Lagunak (gaur egun, Behar Bidasoa), Medicus Mundi Bizkaia, Hegoa, Manos Unidas, Mugarik Gabe, Euskal Elizbarrutietako Misioak, Bakea eta Hirugarren Mundua (gaur egun. Mundubat), Unicef Euskadi, OPE (Osasun Publikoaren Aldeko Elkartea – gaur egun, Osalde –) eta Alimentación y Desarme Internacional. 1990ean, Gipuzkoako ordezkaritza sortu zen, eta 1992an, Arabakoa.

  • 1970

    Nazio Batuen 25. Batzar Nagusiak erabaki zuen ekonomikoki aurreratuta zeuden herrialdeek beren nazio-produktu gordinaren % 0,7 bideratuko zutela egoera ahulenean zeudenetara. Horrek bultzatu zuen euskal GGKEak sortzea eta sendotzea.