Giza garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Euskadiko enpresak nazioartekotzeko politika azterketa 2017-2019

Giza garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Euskadiko enpresak nazioartekotzeko politika azterketa 2017-2019

Urtea: 2020
Lanketa: Euskadiko GGKE-en Koordinakundea, Bakea eta Duintasuna-Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia

Enpresa-nazioartekotzerako euskal politikaren ikuspegi osoa edukitzearren, ikerketa honek Euskal Autonomia Erkidegoko foru-egituran sakontzen du, eta Eusko Jaurlaritzak egindako ekintzen jarraipena egiten du, aurreko argitalpen hartatik bi urtera. Herrialde-mailako politika zehatz horren ezaugarrien analisi kritikoa egiten du, eta zenbait gomendio ematen ditu ere politika hori koherentea izan dadin giza garapen ekitatiboa eta jasangarria lortzeko helburuekin, eta munduan pobrezia desagerrarazteko eta desberdinkeria guztiak gainditzeko.

Ikerketa hau COVID-19aren ondorioz erabateko shock ekonomiko eta soziala bizi dugun garaian eman da argitara. Hain zuzen ere, fenomeno honek zalantzan jarri du, besteak beste, egungo eredu ekonomikoa, balio-kate globalen protagonismoan oinarritua. Izan ere, nazioartekotutako ekonomia horrek –merkatu berriak eskuratu nahian eta kanpo-inbertsioa lortu nahian dabilen ekonomia horrek– agertu du une kritiko hauetan ahultasun eta hegakortasun handiena.