Euskal alderdi nagusietako ordezkariek erronkei, neurriei eta gizarte-politikei buruzko eztabaida batekin emango diote hasiera kanpainaurreari, egungo ziurgabetasun globalaren testuinguruan inor atzean gera ez dadin

Hauteskunde-debatea kartela
Alderdi politiko nagusiekin debatea Euskadiren erronken inguruan eta hartu behar diren neurriei eta politika sozial eta lankidetza-politikei buruz ziurgabetasun global handiko testuinguruan.

Euskadiko hirugarren gizarte-sektoreak antolatu du topaketa hau, egungo testuinguruan gizarte-politikek zer garrantzi duten gogorarazteko.


Oraintxe da unea herritarrek alderdi politikoen lehentasunak ezagutzeko, haien proposamenak baloratzeko, horien inguruan hausnartzeko eta bozkatzeko.


Talde antolatzaileek borondatea agertu dute indar politikoekin lanean jarraitzeko Euskadik behar duen gizarte-agenda eraikitze aldera, eta hauteskundeen ondoren eztabaidako hitzak ekintza bihurtzeko gonbita egin diete.


Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundea, garapenerako lankidetzan lan egiten duten 85 euskal GKE biltzen dituen antolakundea, eta Sareen Sarea, Euskadiko hirugarren gizarte-sektoreko 17 erakunde-sare biltzen dituen elkartea, kanpainaurrean sartuko dira hauteskunde-eztabaida hau antolatuz.Bertan parte hartuko dute maiatzaren 28ko udal- eta foru-hauteskundeetara aurkeztuko diren euskal alderdi politiko nagusien ordezkariek.

Elkartasuna da erantzuna: erronkak, neurriak eta gizarte-politikak Euskaditik ziurgabetasun global handiko testuinguruan inor atzean gera ez dadin izenburupean apirilaren 25ean, asteartea, izango da eztabaida, 18:00etatik 19:30era, ONCEren Donostiako areto nagusian (Etxaide, 14) (honekin batera informazioa atxiki dugu). Xabier Madariaga Idirin kazetariak moderatuko du, eta alderdi nagusietako honako ordezkari hauek hartuko dute parte:

  • Olaia Duarte, EH Bildu
  • Susana García, PSE-EE
  • Víctor Lasa, Elkarrekin Podemos-IU
  • Mikel Lezama, PP
  • Maite Peña, EAJ-PNV

“Garai nahasiak bizi ditugu, ziurgabetasunez beteak. Krisi bat bestearen atzetik kateatzen ari gara hainbat arlotan; besteak beste, ekonomian, osasungintzan, ingurumenean, elikaduran, orain Europaren atarian dagoen gerra batean, zeinak energia-krisia eta prezioen gorakada geldiezina eragin baititu… Bata bestearen atzean etorri diren krisi horiek gero eta gehiago estutzen dituzte herritarrak, eta munduan milioika pertsona jartzen dituzte prekaritatearen, pobreziaren, berdintasunik ezaren eta giza eskubideen urraketaren amildegian”, kolektibo antolatzaileek ohartarazi dutenez.

Halaber, gogorarazi dute krisi global horiek gure gizarte hurbilenak astintzen dituztela, baina baita urrunago dauden beste leku batzuk ere. ”Gainera, modu bereizian eta desberdinean astintzen dituzte, hainbat aldagairen arabera, hala nola munduko zer lekutan gertatzen diren; zein den pertsonen jatorria edo arraza, haien sexua edo gizarte-klasea…”.

Pertsonak, eztabaidaren erdigunean

Parte-hartzaileek hiru multzo hauek izango dituzte eztabaidagai: gure erronkei aurre egiteko gizarte-zerbitzuek planteatzen dituzten politikak; sustatuko duten garapenerako lankidetza-politiken eredua eta politika horietan garapenerako GKE-ek izan behar duten zeregina; eta garapen jasangarrirako 2030 Agenda nola bultzatu Euskadin.

Hilabete pasatxoan hautetsontziak irekiko dira, eta herritarrek hurbilen dituzten erakundeetan, zehazki, udaletan eta lurraldeko batzar nagusietan, ordezkatuko dituzten pertsonak aukeratuko dituzte. “Horregatik, gure iritziz, unea da hauteskunde hauetan parte hartuko duten indar politiko nagusien lehentasunak ezagutzeko, eta egiaztatzeko ea lehentasun horien artean jasota dauden egoera ahulenean dauden pertsonei arreta ematea eta gizarte-politikak, garapenerako lankidetza-ekimenak barne”, azaldu dute.

“Hauteskunde hauek aukera ezin hobea dira ordezkari publikoekiko kontzientzia kritiko eta zorrotza izango duten herritarrak eraikitzen jarraitzeko, pertsonak erdigunean jarriko dituzten politikak zehazte aldera. Halaber, aukera ezin hobea dira Euskadi ere mehatxatzen gaituzten arazo globalen konponbidearen parte izan dadin. Azkenik, aukera ezin hobea dira herritarrek boto arduratsua eman dezaten, Euskadin eta mundu osoan egoera ahulenean dauden pertsonekiko elkartasuna ere hautetsontzian sartuko dugun boto-txartela aukeratzeko irizpideetako bat izan dadin”.

Ekintza honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza du.

Hedabideei gonbidapena egiten diegu hauteskunde-eztabaida honi babesa eman diezaioten.Informazio osagarririk behar izanez gero, zuen esanetara gaude. Bertaratuko zaretela baieztatzeko eskatzen dizuegu, zuen lana errazteko eta zuen beharrei erantzuteko.

ENTRADAS RELACIONADAS

Argazkia Erkidego Autonomikoen Topaketa Argazkia 2024

Bizitzeko lankidetzan aritzea, eusteko lankidetzan aritzea

Gijonen izan da, urriaren 3tik 5era, Garapenerako GKE-en Erkidegoko Koordinakundeen Sarearen XIX. Topaketa, eta Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak ekimen horretan parte hartu du. Azken ebazpenean, koordinakundeek defendatzen dute «herrien arteko elkartasunaren aldeko apustua, indentitatearen ikur gisa».

Utzi erantzun bat