EUSKADIKO GGKE-EN KOORDINAKUNDEA

30. urteurrena

30 URTE AZTARNA UZTEN IKUS-ENTZUNEZKO KANPAINA #30UrteAztarnaUzten

30 aniversario de la Coordinadora de ONGD de Euskadi

Emakumeek hitza hartzen dute

Manos Unidas elkarteak Peruko La Libertad departamentuko CEDAPAS Norte erakundeari laguntzen dio genero-desberdinkeriaren aurkako borrokan. Bi erakundeen artean emakumeen jarduera ekonomikoak indartzeko proiektuak gauzatzen dituzte, produktibitatea areagotzearekin lotuak: esnetarako abeltzaintza, akurien hazkuntza eta barazkien ekoizpena. Izan ere, ingurune horretan, emakumezko ekoizleek ez dute ia batere parte hartzen ekoizpen-baliabideak eskuratzeko eta kontrolatzeko prozesuetan, ezta beren komunitateen antolamenduan ere. Gainera, eskala txikiko nekazaritzarako muga teknikoak dituzte, praktika desegokiak eta ingurumenarekiko erasokorrak erabiltzen dituzte eta elkarteak sortzeko aukera gutxi dituzte.

Orain arte lorpen hauek egin dira, besteak beste: nekazaritza ekologikoko kooperatiba bat, esnekiak eraldatzeko 13 lantegi eta akuriak hazteko 500 unitate. Horrek ahalduntzeko aukera eman die emakumeei, genero-harremanetan benetako aldaketak eginez eta diru-sarrerak sortzeko ahalmena eskuratuz. Aldaketak iraunkorrak izan daitezen, beharrezkoa da tokiko eragileek esku hartzea. Horregatik, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Sektore Anitzeko Batzordea eta Familia Taldea bezalako proiektuak sustatu dira, eta barruti guztietan batzordeak eratzeko ahaleginetan ari dira.

Gutxi gorabehera biztanleen % 25ek dute desnutrizio kronikoa Boliviako Cochabamba departamentuko Andeen arteko haranetan eta Potosí departamentuko ipar-eskualdean. Ingurune horietan biztanle gehienak indigenak dira, eta herrialde osoan bazterkeria eta muturreko pobrezia handiena bizi dituen eremua da. Gainera, azterlanen arabera, pobreziak hiru aldiz eragin handiagoa du herritar indigenen artean ez-indigenen artean baino. Prosalusek indigena eta nekazarien elkarteak indartzeko eta ahalduntzeko laguntza ematen du, bereziki emakumeei begira. Horretarako, politika publikoetan rol erabakigarriagoa eta inklusiboagoa izan dezatela lortzeko espazioak sortzen ditu, beren garapen-ikuspegi eta eskari espezifikoak helaraz ditzaten, genero- eta lidergo-ekitatea bermatuko duen testuinguru batean. Proposamena nekazarien elkarteek eskatuta sortu zen. Estatuak zenbait ekintza abian jarri baditu ere, komunitate horiek pobrezia-egoeran bizi dira oraindik ere, eta bazterkeria sozial, ekonomiko, kultural eta politikoa jasan behar dituzte. Alabaina, ez da kontuan hartzen elkarte horiek Boliviako familien segurtasunari eta elikadura-subiranotasunari egiten dioten ekarpen garrantzitsua.

FISC cooperación y desarrollo erakundeak ahalduntzen laguntzen die Peruko Hegoaldeko Mendilerroko emakumezko nekazariei, bertako bazkideekin batera. Umachurco komunitateko emakumeek ez zuten erabaki politiko eta sozialak hartzeko espazioetan parte hartzen, eta parte hartzen bazuten, beren senarren ordezkari gisa egiten zuten. Beren lanak ez zuen aitorpenik jasotzen. Orain komunitateko partaidetza-tresnak aldatu egin dira. Besteak beste, Estatutua aldatu da, eta orain gizonen eskubide berdinak aitortzen dizkie emakumeei. Emakumeek beren eskubideak ezagutzen dituzte eta erabaki-espazioetan parte hartzen dute, benetan eta modu eraginkorrean.

Gainera, akurien hazkuntza teknifikatuaren arloko prestakuntza jaso dute. Lehen kutxa pilatuetan izaten zituzten, eta orain eskorta txikietan banatuta daude. Neurri horiei eta beste batzuei esker, animalien infekzioek eta hilkortasunak behera egin dute eta produktibitateak gora egin du. Hala, emakumeek beren familiei behar adina proteina emateko aukera dute, desnutrizio-mailak murrizteko. Gainera, soberakinak ere ekoizten dituzte, saltzeko. Hala, emakumeek akuriekin egiten duten lanak, lehen ikusezina zenak, balioa hartu du eta emakumeen autoestimua eta autonomia ekonomikoa hobetu egin dira.

Ayuda MAS fundazioaren laguntzari esker sortu zen Río Manta fundazioko (Ekuador) Emakumeenganako Indarkeriaren Arretarako Eredu Unitatea (UMAVI). Horri esker, genero-indarkeriaren biktima diren eta pobrezia-egoeran dauden Mantako emakumeen autoestimua eta osasun emozionala hobetu egin dira, eta gaur egun beren eskubideak baliatzen dituzte. Alegia, orain badakite emakume libre eta autonomoak direla.

UMAVIk arazo hau modu integralean lantzeko metodologia bat garatu du. Lehenik eta behin, genero-indarkeria jasaten duten emakumeengana gerturatzen da. Horretarako, familiak bisitatzen ditu eta arrisku sozial handiena duten pertsonak identifikatzen ditu. Arreta sozial, psikologiko eta legala ematen die, konfiantzaz eta abegiz, eta harrera-espazioak eskaintzen dizkie, non emakumeak elkar babesten baitira. Horrez gain, indarkeriatik atera eta beren bizitzen norabidea aldatu duten emakumeen kolektibo batean parte har dezakete, eta prestakuntza jaso dezakete autonomia pertsonal eta ekonomikoa lortzeko. Fundazio honek Mantako Familia Barneko Indarkeriaren Arreta eta Prebentzio Sarean parte hartzen du. Sare horrek giza eskubideen eta genero-berdintasunaren arloko hedapen-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-kanpainak egiten ditu kolektibo eta erakundeei zuzenduta, genero-indarkeriari aurka egiteko asmoz.

Egoaiziak eta Nekazarien Ikerketa eta Sustapen Zentroak bultzatzen dute Landako Emakumeak Sustatzeko Funtsa, Piura eskualdeko (Peru) landa-inguruneko emakumeei zuzendua. Ekimen horren helburua da emakumeei erraztasunak ematea mikrokreditu bat jasotzeko, negozio txikiak abian jar ditzaten. Hala, emakumeen autonomia ekonomikoa sustatzen da. Proiektuak eskualdeko 30 komunitate-bankutan bildutako 370 emakumeri laguntzen die. Zehazki, landa-mikrokredituak eskuratzeko aukerak ematen dizkie, beren negozioak modu eraginkorrean kudeatzeko gaitasuna ematen die eta berdintasunezko genero-harremanak sustatzen ditu familian eta komunitatean. Azken batean, babesa ematen die emakume ekintzaileei, beren historiaren protagonista izan daitezen. Horretarako, beren negozioak kapitalizatzeko zailtasunei aurre egiten laguntzen die eta indarra ematen die, ahaldundu daitezen.