- Luis González Reyes, Helena Maleno, Miguel Urbán, Júlia Martí Comas, Taher Alí, Nahia Sanzo eta Marra Junior izan dira hizlariak Euskadiko GGKEen Koordinakundeak geopolitikari buruz antolatutako lehen jardunaldietan.
- Besteak beste, Donald Trumpen politikak, autoritarismoak, demokraziarentzako arriskua, giza eskubideen atzerakada, nazioarteko gatazkak eta militarizazioa izan dituzte hizpide.
- Laster ikusgai izango dira hitzaldiaren eta bi mahai-inguruen bideoak.
Ekainaren 11n, asteazkenean, 09:00etatik 16:00etara, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatutako geopolitika jardunaldien lehen edizioa egin da Bilboko Itsas Museoaren ekitaldi-aretoan, Menderatze geopolitikari aurre egiteko estrategiak izenburupean.
Munduko geopolitikaren ezegonkortasun handiak eta eskuin muturrak herrialde askotan boterea lortu izanak markatutako nazioarteko testuinguruari buruz dugun ezagutzan sakontzea izan da topaketaren helburu nagusia. Halaber, pertsonak politikaren, ekonomiaren eta gizartearen erdigunean kokatzeko ehundu ditzakegun aliantzei eta eraiki ditzakegun alternatibei buruz hausnartzeko espazioa izan da ere, giza eskubideak (pertsona guztienak eta leku guztietan) eta giza garapen iraunkorra iparrorratz gisa hartuta.
Egungoa bezalako testuinguru konplexu batean aurrera egiten saiatzeko, jardunaldiek hiru ardatzen inguruan heldu diote gaiari, zazpi adituren eskutik: Luis González Reyes, Helena Maleno, Miguel Urbán, Júlia Martí Comas, Taher Alí, Nahia Sanzo eta Marra Junior. Zoritxarrez, bideokonferentzia bidez mintzatzea aurreikusita zegoen arren, Silvia Federicik ezin izan du jardunaldietan parte hartu.
eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz gain, jardunaldiak Bilboko Udalarekin egindako elkarlan estuaren emaitza izan dira; izan ere, Bizkaiko hiriburuan garapenerako lankidetzarekiko konpromisoaren 30. urteurrena ospatzen ari dira 2025ean.





«Trumpek plan bat du, baina ez da gure plana»
Luis González Reyes Kimika Zientzietako doktoreak eskaini du irekiera hitzaldia. Ekologismoarekin, ekonomiarekin eta pedagogiarekin lotutako gaiak lantzen ditu. Ekologistak Martxan taldeko kidea da, eta bederatzi urtez koordinatzaile konfederala izan zen. GARÚA kooperatibako bazkidea eta hainbat unibertsitatetako ohiko kolaboratzailea da. FUHEM fundazioan ere lan egiten du, eta, bertan, hezkuntza ekosozialeko koordinatzailea da. Ekologismo sozialaren hainbat alderdiri buruzko hogei bat libururen egilea edo egilekidea da.







Arriskua demokraziarentzat, atzerakada giza eskubideetan eta autoritarismoak
Eguneko lehen mahai-inguruak Helena Maleno, Miguel Urbán eta Júlia Martí Comas bildu ditu, Bego Yebra kazetariak moderatuta:
- Helena Maleno Garzón. Giza Eskubideen defendatzailea, kazetaria, idazlea eta ikertzaile hispaniar-marokoarra. Migrazioetan eta gizakien salerosketan aditua, eta honoris causa doktorea UIBen. Caminando Fronteras kolektiboaren sortzailea.
- Miguel Urbán Crespo. Aktibista, politikaria eta zenbait libururen egilea. Viento Sur aldizkariko aholku-batzordeko kidea eta hedapen nazionaleko zenbait egunkaritako eta unibertsitate batzuetako kolaboratzailea.
- Júlia Martí Comas. Garapenari buruzko Ikasketetan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Globalizazioko Zorraren Behatokiko (ODG) ikertzailea eta ekintzaile ekofeminista.






Gatazkak eta militarizazioa
Hegoa Institutuko Irantzu Mendia Azkuek bideratu du jardunaldiko bigarren eta azken mahai-ingurua, Taher Ali, Nahia Sanzo eta Marra Juniorren hausnarketekin:
- Taher Alí. Bigarren belaunaldiko palestinarra, erbestean jaioa. Palestinako Askapen Nazionalerako kausaren aldeko militantea eta Madrilgo Ateneo Palestino espazioko kidea.
- Nahia Sanzo Ruiz De Azua. Kazetaria eta soziologoa, Geopolitikaz taldeko kidea. Slavyangrad bloga argitaratzen du, eta 2014tik aurrera Donbasseko eta Ukrainako gerraren aktualitatea jarraitzen du. Hainbat komunikabidetan ere kolaboratu ohi du.
- Marra Junior. Bilboko Mugimendu Panafrikarraren sortzaileetako bat eta kidea da, militante aktiboa Euskal Herriko Arrazakeriaren Aurkako Mugimenduan, CNAAEUSeko kidea (Euskadiko Komunitate Beltza, Afrikarra eta Afroondorengoa) eta feminismo beltzaren aliatua eta Euskadiko Munduko Medikuak erakundeko esku-hartze sozialeko teknikaria (kulturarteko bitartekaria).





