Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bere egiturak berritu ditu, «lankidetza eraldatzailerako euskal eredua» aldarrikatuz

Bozketa bat ekainaren 6ko Batzar Orokorrean. Argazkia: Euskadiko GGKEen Koordinakundea
  • 2025eko Batzar Orokorrean, euskal lankidetzaren garrantzia aldarrikatu dugu murrizketek eta gizarte zibileko erakundeen aurkako ofentsibak markatutako nazioarteko testuinguruan.
  • Nerea Uriarte (Garabide Elkartea) izango da lehendakari berria eta Susana Piera (Mugarik Gabe) diruzaina, Gobernu Batzordea utzi duten Josu Urrutia (Mundukide) eta Jaime Bernarren (Zabalketa) ordez.
  • Educo, Etiopia Utopia, Bidezko Elikadura eta Lagun Artean – Entreamigos erakundeak Koordinakundeko kide berriak dira.

Ekainaren 6an, ostiralean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak 2025eko Ohiko Batzar Orokorra egin du, nazioarteko testuinguru oso konplexu eta aldakor batean: populismoen gorakada, gorroto diskurtsoen indartzea, atzerakada demokratikoa, Gazako genozidioa, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa, lankidetza politiken murrizketa orokortua, belizismoaren zein gastu militarraren gorakada, GGKEen aurkako erasoaldia…

Gainera, Erdialdeko Amerikako —batez ere Nikaraguan eta El Salvadorren— eta Peru bezalako herrialdeetako egoerak zalantzan jarri ditu lankidetza eraldatzailerako euskal ereduaren oinarriak, eta bereziki oztopatu du euskal GGKEen lana: espazio zibiko eta demokratikoaren itxiera, gizarte zibil antolatuaren kriminalizazioa, giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpena…

Horren guztiaren aurrean, Koordinakundeak ospatu egin du «lege-esparruari dagokionez aurrerapen itxaropentsua» izatea, estatu mailako Lankidetza Legeari eta Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Lege berriari esker. Hala ere, politikoki eragiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute ere, «lankidetza deszentralizatua dagokion lekuan kokatzeko» eta garapenerako laguntza ofizialerako gastua %0,7koa izan dadin; azken hori 2030. urteari begira legezko konpromisoa baita jada.

Lorpenak eta erronkak

Batzarrean, Gobernu Batzordeak eta talde teknikoak 2024an egindako lanaren berri eman dute; besteak beste, webgunean laster eskuragarri izango diren memoria eta bideomemoria aurkeztu dituzte. Halaber, kudeaketa txostena eta txosten ekonomikoa aurkeztu eta onartu dira, baita lan-plangintza eta 2025eko ekitaldirako aurrekontua ere.

Urteroko topaketan, 2023an onartutako Genero Politikaren aurrerapenak eta erronkak ere errepasatu ditugu. Eta nazioarteko problematikei buruzko hausnarketa planteatu dugu, Koordinakundearen Plangintza Estrategikoa (2022-2030) testuinguru horretara egokitzeari buruzko eztabaida zabaltzeko.

Gobernu Batzordearen berritzea

Gobernu Batzordea Koordinakundearen organo exekutiboa da, eta bazkide diren GGKEtako zenbait ordezkarik osatzen dute. Batzarrak bi aldaketa onartu ditu egitura horretan: alde batetik, orain arte lehendakariorde izan den Nerea Uriarte Goitia (Garabide Elkartea) lehendakari izango da, Josu Urrutia Beristainen (Mundukide) ordez; eta, bestetik, Susana Piera Moreno (Mugarik Gabe) batzordean sartuko da diruzaintzaz arduratzeko, Jaime Bernar Bordaren (Zabalketa) ordez.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Josuri eta Jaimeri azken urteotan Koordinakundeari egindako ekarpenagatik. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Nereari eta Susanari urrats bat aurrera emateagatik, erakundean erantzukizun handiagoa hartuz.

Beraz, Batzar Orokorraren ondoren, pertsona hauek osatuko dute Euskadiko GGKEen Koordinakundearen Gobernu Batzordea:

  • Lehendakaria: Nerea Uriarte, Garabide Elkartea
  • Idazkaritza: Mary Tere Guzmán, Alboan
  • Diruzaintza: Susana Piera, Mugarik Gabe
  • Arabako ordezkaria: Enrique García Ruíz de Galarreta, Ingeniería para la Cooperación – Lankidetzarako Ingeniaritza ICLI
  • Bizkaiko ordezkaria: Ricardo Fernández, Medicusmundi Bizkaia
  • Gipuzkoako ordezkaria: Iñigo Odriozola, Tau Fundazioa

GGKE bazkide berriak

Gainera, batzarrak lau erakunde bazkide berri sartzea onartu du, sarbide prozedura bete ondoren:

  • Educo: 1994an sortutako fundazioa. Bere lan eremuak garapenerako lankidetza eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza dira. Bere misioa haurrekin eta haien ingurunearekin lan egitea da, haien eskubideak eta ongizatea bermatuko dituzten gizarte bidezkoak sustatzeko. Euskal erakundeek finantzatutako proiektuak Malin eta Senegalen garatzen dituzte nagusiki.
  • Fundación Etiopia Utopia Fundazioa Tikal: garapenerako lankidetzan, ekintza humanitarioan eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzan diharduen erakundea. Tigray (Etiopia) eremuari lotuta dago; bertan, Wukro Social Development Programarekin lan egiten dute, bertako biztanleen oinarrizko beharrak asetzeko. Inguru horretan atzerriratutako pertsona kooperante bat dute.
  • Justicia Alimentaria – Bidezko Elikadura: 1987an sortutako elkartea. Bere lan eremuak garapenerako lankidetza, eragin politiko eta soziala eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza dira. Bere misioa elikadura justizia globala da. Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan ditu proiektuak, baina Euskaditik Guatemalan eta Bolivian lan egiten dute nagusiki.
  • Lagun Artean – Entreamigos: 1994an Bizkaian sortutako elkartea. Bere eginkizun nagusia emakumeen ahalduntzea eta hezkuntza duina, inklusiboa eta kalitatezkoa lortzea da. Garapenerako lankidetzan (hainbat proiektu Guatemalan), Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzan eta giza eskubideen defentsan aritzen da, Garapen Iraunkorreko Helburuen esparruan.

Bestalde, hainbat arrazoi direla eta, hainbat GGKEk baja eskatu dute: Bizkaiko SEADen Lagunen Elkartea, Gosearen aurkako Ekintza – Acción contra el Hambre eta Osalde. Hiru erakunde horiei eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu komun honi eskaini dioten dedikazioagatik eta denboragatik. Horrela, gaur egun, 84 GGKEk osatzen dute Euskadiko GGKEen Koordinakundea.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat