Euskadiko GGKEen Koordinakundeko Gune Feminista eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako lantaldea abian dira, Basoa – Defendatzaileen Etxean ikasturteko lehen bilerak egin ondoren.
Iraileko lehen egunetan, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen jarduera normaltasunera itzuli da 2025/2026 ikasturteari begira. Koordinazio, administrazio, eragin politiko eta komunikazioko ohiko bilerez eta lanez gain, abian dira dagoeneko Koordinakundearen lantalde nagusiak, gaur egun kolektiboa osatzen duten 84 erakundeak hainbat eremutan ordezkatzen dituztenak.
Irailaren 10ean, asteazkenean, Gune Feministak aurrez aurreko bere lehen bilera egin du, Basoa Defendatzaileen Etxean (Artea, Bizkaia). Espazio hau gure Genero Politika (2023-2030) garatzeaz eta horren jarraipena egiteaz arduratzen da. Gune Feministak bere gain hartzen ditu Koordinakundeak genero gaien eta feminismoen inguruan duen jarrera politikoari lotutako funtzio espezifikoak, bai eta hainbat gairen inguruko neurri espezifikoak gauzatzeari begira ere: besteak beste, ahalduntze estrategia eta ezagutzaren kudeaketa.

Gainera, irailaren 11n, ostegunean, Koordinakundeko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (EpTS) lantaldeak ikasturteari ekin dio; kasu honetan ere, Basoan. Han, barne mailako hausnarketarako jardunaldi bat egin dugu, eta prestakuntza-saio bat ere izan da, Aise taldeen bidelaguntzarako kooperatibaren eskutik.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza pertsonen bizitzaren zein planetaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duten espazio politikoak eta sozialak proposatzeko eta eskaintzeko tresna gisa ulertzen dugu. Herritartasun kritikoa, solidarioa, tolerantea, ahaldundua eta antolatua sustatzen jarraituko dugu aurten ere. Tokikotik globalera, giza garapen jasangarriaren erronkei aurre egiteko.



