- Azaroaren 20an ospatuko da Gasteiz en Conexión jardunaldiaren X. edizioa. Motorrak berotzeko, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa bat antolatu dute Arabako GGKEek.
- Helburua gorroto diskurtsoei buruz sentsibilizatzea da, pieza artistikoen bidez hausnarketa kritikoa eta herritarren mobilizazioa sustatuz.
- Bideoak, abestiak, kontakizunak, marrazkiak eta komikiak aurkezteko epea urriaren 24ra arte luzatuko da, eta material artistikoan gastatzeko 100 eurorainoko sariak egongo dira.
Gasteiz en Conexión Arabako hiriburuko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) urteroko topaketa da, gasteiztarrek munduarekin duten lotura eta elkartasun globala balioesteko. Jardunaldiak bere hamargarren edizioa ospatuko du azaroaren 20an, ostegunean, 18:00etatik aurrera.
Aurten, gainera, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ekitaldi nagusiari begira motorrak berotzeko jarduera paralelo bat antolatu du: Artearen bidez esan. Gorroto diskurtsorik ez! lehiaketa.
12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, gorroto diskurtsoei buruz sentsibilizatzeko helburuarekin; pieza artistikoak sortuz, hausnarketa kritikoa eta herritarren mobilizazioa sustatzeko. Lanek gorroto diskurtsoak ezagutzeko, prebenitzeko eta salatzeko duten gaitasuna baloratuko da, bizikidetzaren, errespetuaren eta aniztasunaren balioak sustatuz.
Araban bizi diren nerabe eta gazteek parte hartu ahal izango dute, bi kategoriatan (adinaren arabera), banaka edo taldeka, eta sei formaturen bidez: ikus-entzunezko spota, film laburra, abestia, idatzizko kontakizuna, marrazkia edo pintura, eta komikia. Euskarazko edo gaztelaniazko lanak onartuko dira.
Obrak urriaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dira. Epaimahaia Koordinakundea osatzen duten GGKEetako zenbait ordezkarik osatuko dute. Eta guztira sei sari banatuko dira (hiru kategoria bakoitzean); urriaren 30ean, ostegunean, iragarriko dira irabazleak.
Dagoeneko LEHIAKETAREN OINARRIAK kontsulta daitezke Euskadiko GGKEen Koordinakundearen agendan.
Laguntzaileak: eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala.
