Ekimenak Migratzeko eskubidearen alde Hermanin

HASIERA: abendua 11, 2023
BUKAERA: abendua 18, 2023
NON:
ORDUTEGIA:

Hitzaldia/Erakusketa/Proiekzioa

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Abenduaren 18a, aldiz, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna. Bi data horiek aintzat hartuta, Hernaniko Udalak eta AMHER-SOS Arrazakeria Elkarteak hirugarren urtez Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea antolatu dute.

Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun sailak eta AMHER-ek aurten ere migratzea giza eskubide bat dela gogora ekarriko dute. Europak daraman migrazio politika salatzeaz gain, migratzeak dituen ertz guztiak aintzat hartu eta ikusarazi nahi dira.

Aurten, fokua helmugan jarriko da. Izan ere, migratzea ez da soilik trantsitoa, ertz askoz gehiago dituen prozesua da. “Helmugara iristerakoan gertatzen dena ez da erraza izaten. Badirudi pertsona migratzaileak ongi egon behar duela, baina helmugara heltzean hainbat arazorekin egiten du: dolua, arrazakeria, horrek guztiak osasun mentalean duen eragina, egindako espektatibak eta errealitatea bat ez etortzea…”.

Hitzaldiak eta memoriaren maindirea
Abenduaren 11tik 18ra, aste osoko egitaraua izango da Kulturarteko Plaza Feministan eta herriko hainbat txokotan. Helburua, migratzearen ertz ezberdinak ikusaraztea izango da. Besteak beste, Joseba Achotegui psikiatrak migratzaileek helmugan pairatzen duten dolua izango du hizpide.

Lucia Asué Mbomio kazetari eta idazle ezaguna ere Hernanin izango da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astearen baitan. Migratzaile emakumeek jasaten duten arrazakeriaren inguruko hitzaldia emango du.

Aste osoan zehar, Kulturarteko Plaza Feministan migratzeko bidean hil direnen omenez, memoriaren maindirea josiko da. Josteko materiala bertan egongo da eta edozein herritarrek izango du bertaratu eta josteko aukera.

Maindirea josten jarraitzeko, abenduaren 16ko azoka ere momentu aproposa izango da. Ondoren, aurten ere bidean hil diren pertsona migratzaileak omenez lore-eskaintza egingo da Karabeleko zubian. Izan ere, gure herritik oso hurbil gertatzen dira halakoak: Bidasoa ibaian bertan. Atsegindegitik Karabelera egingo den martxan, auzolanean jositako maindirea eramango da.

Herritar guztiei gonbita
“Duela hiru urte, Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea antolatzen hasi ginenean, Europak daraman migrazio politikak salatu genituen”, azaldu du Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak. Lekuona eta AMHER-eko Su Hernandezek gogora ekarri dute “politika horrek bere horretan dirauela” eta “eragiten dituen heriotzek eta kalteek ere bai”.

Hernaniko Udalak giza eskubideekiko duen konpromisoaren adierazle da Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astea. Horregatik, herritarren artean sentsibilizazioa sustatzea garrantzitsua da. Udalak, erakundeek duten “erantzukizuna” bere gain hartzen duenez, Hernanira iritsi diren migratzaileen bizi-kalitatea eta harrera bere politiken lehentasunen artean du.

Hernani kulturarteko eta elkartasun handiko herria da. Hori dela eta, Udalak eta AMHER-ek hernaniar guztiak gonbidatu dituzte Migratzearen Aldeko Asteko ekimenetan parte hartzera.

EGITARAUA:
Abenduak 11, astelehena: Erakusketaren irekiera: ‘Migrantas’. Kulturarteko Plaza Feminista, 19:00. Erakusketa abenduaren 22a arte egongo da ikusgai.
Abenduak 11-18: Memoriaren maindirea jostea. Kulturarteko Plaza Feministan.
Abenduak 14, osteguna: Hitzaldia: Migrazio-dolua eta Ulisesen sindromea; Joseba Achotegui psikiatra (gazteleraz). Kulturarteko Plaza Feminista, 18:30.
Abenduak 15, ostirala: Hitzaldia: Genero arrazakeria; Lucia Asué Mbomio kazetaria (gazteleraz). Kulturarteko Plaza Feminista, 18:00.
Abenduak 16, larunbata:
Azoka. Atsegindegi, 10:00-12:00.
Migratzeko eskubidearen aldeko martxa. Atsegindegi, 12:30
Lore eskaintza. Karabeleko zubia, 13:30.