- Urriaren 17an Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da, eta Donostiako plataformak Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Astearen edizio berri bat antolatu du.
- Asteartean zineforuma izango da, This is England filmarekin; ostegunean, bertso-saioa Alaia Martin eta Aner Peritzekin; eta ostiralean, eskuin muturraren gorakadaren aurkako protesta ekintza bat egingo dute.
- Trumpen Showa izeneko performancearen bidez, gizarte erakundeek mobilizatzeko eta demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala aktiboki defendatzeko deia egin dute.
Ostiral honetan, urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Aurten ere, Zero Pobrezia plataformak Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Astea antolatu du, eta horren programa aurkeztu du astearte honetan, urriaren 14an, Donostiako Portuan egindako prentsaurreko batean.
Bertan, performance bat egin dute demokraziaren krisia eta eskuin muturraren gorakada salatzeko. Fikziozko Donald Trump batek, Santiago Abascal, Giorgia Meloni, Nayib Bukele edo Benjamin Netanyahu bezalako pertsonaiek babestuta, bi agindu exekutibo sinatu ditu: bata, milaka pertsonaren asilo-eskubidearen aurkakoa; eta bestea, Gaza resort bihurtzeko Ekialde Hurbileko Riviera Plana. Amaieran, hainbat ekintzaile agertu dira, espazioa hartuz eta Trump eta bere aliatuak ihes egitera behartuz, demokraziaren aldeko oihuen artean.
Protesta original horren ostean, gaur egun 12 erakunde sozialek osatzen duten plataformako bozeramaileek, Amaia Diaz Unzuk eta Iñigo Odriozola Beitiak, hitza hartu dute aurtengo manifestua irakurtzeko, Trumpen Showa eta demokraziaren krisia: «Demokrazia arriskuan dago, eta horren adibide da Donald Trump munduko politikaren erdigunera itzuli izana», ohartarazi dute. «Trumpentzat politika ikuskizun bat da, oihalaren atzean bere herrialdeari eta munduko ordenari sakonki eragiten dioten erabakiak hartzen diren bitartean».

















«Bere diskurtso autoritario, arrazista, misogino eta kolonialak arriskuan jartzen ditu giza eskubideak, justizia soziala eta mundu osoko demokrazia; eta olatu global baten norabidea markatzen du», salatu dute plataformatik. Kritikatu dutenez, eskuin muturreko lidergoak gora egiten ari diren mundu honetan, Trump «erreferente bihurtu da askatasun demokratikoak sistemaren barrutik ahultzen dituztenentzat».
Pobrezia Zero plataformaren ustez, Israelek Gazan egindako genozidioa «autoritarismo antidemokratiko horren egungo adierazle nagusia» da, eta joera horrek isla du Espainiako Estatuan, Italian, Frantzian, Austrian, Hungarian, Belgikan, Argentinan edo El Salvadorren, besteak beste. Baita Europan ere, lau eurodiputatutik bat (%25) eskuin muturreko alderdietako kide baita jada.
2023an, gorroto-delituak %21 igo ziren Espainiako Estatuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago errealitate horretatik kanpo, 2024an zehar 240 gorroto-delitu baino gehiago izan baitziren: «Gorroto-diskurtsoak gure kaleetan edo institutuetako ateetan ere badaude. Mugimendu horiek antifeminismoa, arrazakeria edo LGTBIQ+fobia sustatzen dute. Benetako arriskua da oinarri demokratikoak desmuntatzen dituztela. Instituzio, hedabide eta erakunde sozialei eraso egiten diete, desinformazioa zabaltzen dute, eta polarizazio soziala areagotu egiten dute. Beldurra botere-tresna bihurtzen dute».
Tresnak, informazioa eta mobilizazioa
Gainera, gizarte erakundeek salatu dutenez, eskuin muturraren aurrerapenak eragin zuzena du pobreziaren aurkako borrokan eta desparekotasunen gorakadan, «eskubide sozialak murriztu, oinarrizko zerbitzuak pribatizatu, migratzaileak kriminalizatu edo larrialdi klimatikoa ukatu» egiten dutelako.
Horren guztiaren aurrean, Zero Pobrezia plataformak hiru proposamen egin dizkie herritarrei eta erakundeei:
- Herritarrei tresnak ematea buloak detektatzeko eta pentsamendu kritikoa haurtzarotik sustatzeko.
- Muturreko diskurtsoaren benetako eraginari buruz informatzea eta kontzientziatzea, beren burua eskuin muturrekotzat jotzen ez dutenengan ere eragina baitu.
- Giza eskubideen alde mobilizatzea eta administrazioei mugimendu horiek isolatzeko eta haien aurrerapena geldiarazteko eskatzea.
Hala, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan, plataformak dei egin du «demokrazia, giza eskubideak, justizia soziala eta pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzeko».
Egitaraua
Prentsaurrekoan, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Asterako antolatutako egitaraua ere aurkeztu dute:
Urriak 14, asteartea
- 19:30 Zineforuma: This is England (Shane Meadows, 2006) Trueba Zinema Aretoetan, gaztelaniaz azpidatzitako jatorrizko bertsioan. Kresala Zineklubarekin elkarlanean, filma proiektatuko da, eta ondoren solasaldi bat egingo da autoritarismoei, eskuin muturraren gorakadari eta horiek demokrazian eta giza eskubideetan duten eraginari buruz hausnartzeko. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da gonbidapena www.kresalazinekluba.com webgunearen bidez eskuratzea. Adi, sarrera gutxi geratzen dira!
Urriak 16, osteguna
- 19:00 Bertso-saioa: Showkrazia edo Demokrazia?, Lugaritz Kultur Etxean, Alaia Martin eta Aner Peritz bertsolariekin, eta Imanol Artola Felix gai-jartzailearekin. Jarduera hau Donostia Kulturarekin batera antolatu da. Aukera paregabea izango da demokraziaren krisiaz eta eskuin muturraren gorakadaz hausnartzeko, bertsoetatik eta euskaratik, baina baita umoretik eta kritikatik ere. Sarrera librea edukiera bete arte.
Urriak 17, ostirala
- Oraingoz xehetasun gehiagorik eman ez duten arren, beste ekintza bat aurreratu dute: aurten, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, «Donostia esnatuko da eskuin muturraren gorakadaren aurka protesta eginez eta demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala aldarrikatuz»; eta, gainera «oso modu originalean» egingo du.
- Horrekin batera, egun horretan, DBUSekin egindako elkarlanari esker, hiriko autobus guztiek plataformaren kartel bat eramango dutela. «Aldarrikapen horiek guztiak donostiarrei hurbiltzeko gure modua izango da», azaldu dute.
