- Urriaren 15ean, euskal mugimendu sindikalak eta Gernika-Palestinak lanuzteak eta mobilizazioak deitu dituzte Palestinari elkartasuna adierazteko, Gazako genozidioaren aurka eta Israelekin harremanak etetearen alde.
- Koordinakundeak bat egingo du 11:00etatik 14:00etara deitutako lanuzte orokorrarekin; 12:30ean Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo diren manifestazioekin; eta Gernika-Palestinak 19:30ean udal guztien aurrean antolatutako kazeroladekin.
- Palestinan behin betiko su-etena eta bidezko bake iraunkorra exijitzen dugu. Premiazkoa da laguntza humanitariorako sarbide osoa, nahikoa eta etenik gabekoa bermatzea.
Asteazken honetan, urriaren 15a, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bat egingo du LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuen deialdiekin, Genozidioarekin negoziorik ez! Langileok Palestinarekin! lelopean. Lanuzteen helburua da Palestinari elkartasuna adieraztea, bai eta Gazan genozidioa amaitzea eta Israelekin harreman komertzial eta instituzionalak amaitzeko eskatzea ere.
Koordinakundeak bere jarduera etengo du 11:00etatik 14:00etara, eta bat egingo du 12:30ean Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazatik), Bilbon (Jesusen Bihotza plazatik) eta Donostian (Boulevardetik) egingo diren manifestazioekin. Era berean, euskal GGKE guztiak eta sarea osatzen duten 84 erakundeetako langileak grebarekin eta protestekin bat egitera animatzen ditugu.

Arratsaldean, kazeroladak
Bestalde, goizeko lanuzteez eta eguerdiko manifestazioez gain, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak Gernika-Palestina herri ekimenak arratsalderako deitu dituen kazeroladak babestuko ditu, eta horiekin bat egingo du, 19:30ean euskal udaletxe guztien aurrean, Genozidioa stop! Palestinarekin konpromisoa! ¡Ruptura con Israel! lelopean.

Bidezko bake iraunkorra Palestinarentzat
Gainera, berriki abiatutako su-etenaren aurrean, Euskadiko GGKEen Koordinakundea bat dator Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundearen komunikatuarekin: Palestina: behin betiko su-etena eta bidezko bake iraunkorra eskatzen ditugu. Beraz, eskatzen dugu: su-etena behin betikoa izatea eta laguntza humanitariorako sarbidea erabatekoa, oztoporik gabea, zabala eta iraunkorra izatea. Kontuak ematea, justizia eta Palestinako herriaren subiranotasuna bermatuko dituen bake plana ere eskatzen dugu.