Tokikotik globalera: euskara zubigile

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako langileekin egindako saioa, ostegunean.

Euskaraldia baliatuta, Nazioarteko Lankidetza Hiztegia, lankidetza arloan euskararen alde egindako lana eta hizkuntza gutxituak hizpide izan ditugu eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako langileekin egindako saioan.

Euskaraldian murgilduta gauden honetan, maiatzaren 22an, ostegunean, eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak Euskadiko GGKEen Koordinakundea gonbidatu du, besteak beste, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean sortutako Nazioarteko Lankidetza Hiztegia aurkezteko.

Tokikotik globalera: euskara zubigile izenburupean, Nerea Uriarte Goitia Koordinakundeko lehendakariordeak izan du saioa bideratzeko ardura, Mikel Buruaga Koordinakundeko komunikazio teknikariak lagunduta.

Azken urteetan Koordinakundeak lankidetzaren arloan euskararen alde egindako lana azaltzeaz gain —Bai Euskarari ziurtagiria, Euskaraldia, GGKEentzako prestakuntza tailerrak, Euskararen Gunea, Euskara Plana, Lankidetzan Euskaraz ataria, Nazioarteko Lankidetza Hiztegia…—, saioan zehar hizkuntza gutxituen eta kolonialismo linguistikoaren inguruan sakontzeko aukera izan dugu ere.

Izan ere, euskararen esperientziatik abiatuta, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen Garabide elkarteko kide da Uriarte, eta esperientzia zabala du horren inguruan.

Horrekin batera, Agentziako teknikariekin askotariko esperientziak, zalantzak eta eztabaidak elkarbanatu ditugu, euskarari merezi duen lekua eskaintzeko eta etorkizunera begirako erronkei heltzeko borondatea azpimarratuz.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat