El Salvadorko Giza Eskubideen egoeraren salaketa

Ivania Cruzek eta Zenayda Serranok agerraldia egin dute Zehar-Errefuxiatuekin eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin batera.
  • Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak prentsaurrekoa eskaini dute salatzeko El Salvadorren gertatzen ari den Giza Eskubideen urraketa, bai eta gizarte zibilaren kriminalizazioa eta jazarpena ere.
  • Halaber, agerraldian izan dira gaur egun gure herrian erbesteratuta bizi diren Ivania Cruz eta Zenayda Serrano abokatu, ekintzaile eta defendatzaile salvadortarrak.
  • NARE – Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren esparruan euskal ordezkaritza batek urtarrilean egindako bisitaren harira argitaratutako txostena publikoa da jada.
  • Euskal Herriko Salvadortarren Elkartasun Batzordeak elkarretaratze bat deitu du ostiralerako, uztailaren 18rako, 19:00etan Bilboko Unamuno plazan.

Komunikatu hau lankidetzako eta elkartasuneko euskal erakundeek SALATU EGITEN DITUGU El Salvadorren gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larriak, Nayib Bukeleren erregimenak azken urteotan gauzatu dituenak.

Beste behin ere, gure BABESA eta ELKARTASUNA adierazten diegu mugimendu feministari, sindikatuei, LGTBIQ+ biztanleriaren defentsarako erakundeei, giza eskubideen aldeko erakundeei, kazetariei, ingurumenaren eta lurraldearen defendatzaileei, salbuespen-erregimenaren biktimei, ama bilatzaileei eta erakunde akademikoei. Era berean, mugimendu horiei defentsa legitimorako eskubidea aitortzen diegu giza eskubideen, bizitza duinaren eta zigorgabetasunaren aurkako borrokan.

Gutako batzuk El Salvadorren izan ginen joan den urtarrilean, NARE-Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren barruan antolatutako Euskal Ordezkaritzarekin. Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariekin batera, honako urraketa hauek egiaztatu ahal izan genituen: giza eskubideen defendatzaileen aurkako jazarpena eta eremu zibikoaren itxiera; bortxazko desagertzeak eta atxiloketa arbitrario eta masiboak, berme prozesalik gabe; zigorgabetasuna; independentzia judizialik eza, babesgabetasuna eta biktimen babesgabetasuna, ez baitute inolako erakunderik bertara jotzeko; espetxe barruan dagoen krisi humanitarioa, muturreko pilaketari, torturari, tratu ankerrei eta iraingarriei buruzko testigantzak biltzen dituena; adierazpen-askatasunaren eta informazio askearen aurkako erasoak; gardentasuna eta informazio publikoa eskuratzeko aukerarik eza; nesken, emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen eta askatasunen atzerakada larria; haurren eta nerabeen babesgabetasuna; eta sistema publikoaren endekapena, gastu militarraren eta presidentzialaren mesedetan.

Beatriz kasuaren epaia betetzeari eta El Salvadorko egoerari buruzko legez besteko proposamena joan den maiatzaren 22an onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Proposamen horretan eta Euskal Ordezkaritzak urtarrilean egindako bisitaren txostenean jasotzen den bezala, 2022ko martxoan ezarri zen salbuespen-egoerak indarrean jarraitzen du 38 luzapenen ondoren. Banden aurka borrokatzeko ustezko segurtasun-estrategia baten aitzakian, kontrol politiko eta sozialeko estrategia zabalago bat gauzatzen ari da erregimena, eta 85.000 pertsona atxilotu ditu legezko prozesurik gabe (herritar helduen % 2,5). Era berean, zenbait lege eta erakunde erreformatu ditu estatuaren errepresioa areagotzeko eta gobernuaren jarduna kontrolatzen zuten mekanismoak ezabatzeko.

Narratiba ofizialistak segurtasunaren arrakasta inposatzen du, baina Bukeleren erregimenak gero eta ahots kritiko gehiago ditu aurka; izan ere, herrialdearen barrutik eta nazioartetik salatzen dugu giza eskubideen urraketa larriak eragiten dituen politika.

Giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen, erakundeen, komunitateen eta sareen kriminalizazio-prozesu gero eta handiagoaren barruan, gure kezka adierazi nahi dugu atxiloketa hauen aurrean: Cristosal erakundeko Ruth López, Uraren Foroko Alejandro Henríquez, UNIDEHCko Fidel Zavala eta La Floresta kasuarekin lotutako pertsonak.

Egoera honen aurrean:
  • Biziki eskatzen dugu salbuespen egoera indargabetzeko eta etenda dauden konstituzio eskubideak eta bermeak berrezartzeko. Salbuespenezko mekanismo bat ezin da bihurtu segurtasun politika publikoaren estrategia iraunkor. Estrategia hori ezin da jazarpenean eta estigmatizazioan oinarritu, eta ezin dira ezeztatu behar-beharrezkoak diren berme judizialak. 
  • Beraz, bermeak eskatzen ditugu atxilotuen bizitzarentzat eta osotasun fisiko eta emozionalarentzat. Errespetua eskatzen dugu bidezko prozesuentzat, giza eskubideentzat eta herrialdeko pentsamendu kritikoarentzat. Era berean, arreta eskatzen dugu kartzeletan gertatzen ari den krisi humanitarioarentzat.
  • Euskal Ordezkaritzak bere bisitan jasotako salaketen larritasuna ikusita, uste dugu salbuespen-egoera amaitzearekin batera ikerketak egin behar direla egia argitzeko eta giza eskubideen urraketen aurrean erakundeek eta norbanakoek zer-nolako erantzukizuna duten jakiteko. Kasu askotan, hala nola bortxazko desagertzeen edo zaintzapeko heriotzen kasuan, indarkeria horiek gizateriaren aurkako krimen izan litezke. Biktimek eta haien senideek eskura izan behar dituzte egia, justizia eta erreparazioa gauzatzeko baliabideak, baita urraketa horiek berriz ez gertatzeko bermeak ere.
  • Biziki eskatzen dugu giza eskubideak defendatuko dituzten politika publikoak abian jartzeko, eta pentsamendu kritikoa, kazetaritza, oposizio politikoa eta protestarako eskubidea bermatzeko. Premiazkoa da seinalatzeak, indarkeria-ekintzak eta desprestigio- eta kriminalizazio-kanpainak amaitzea. Halakoak jasaten dituzte askatasun sindikalaren alde, emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen sexu-eskubideen eta ugalketa-eskubideen alde edo lurraren, lurraldearen eta ondasun komunen alde borrokan dabiltzanek. Halakoak jasaten dituzte meatzaritza metalikoaren, azpiegitura eta proiektu turistiko handien eta antzeko erauzketa-megaproiektuen aurka daudenek.
  • Biziki eskatzen dugu emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea babesteko, Emakumeen Indarkeriarik Gabeko Bizitzarako Lege Berezi Integrala (LEIV) benetan gauzatzeko eta Beatriz eta beste zenbait Vs El Salvador kasuan CIDHren epaitik eratorritako gomendioak betetzeko.
  • Azkenik, deitoratu egiten dugu berriki onartu den Atzerriko Eragileen Legea, eta kezka handia eragiten digu. Lege hori gauzatzen bada, gero eta txikiagoa izango da esparru demokratikoa eta gero eta handiagoa gizarte zibilaren kriminalizazioa.

ELKARRETARATZEA

Euskal Herriko Salvadortarren Elkartasun Batzordeak Bukeleren diktaduraren aurkako elkarretaratze bat deitu du, Giza Eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren defentsan, uztailaren 18an, ostiralean, 19:00etan, Bilboko Unamuno plazan.

ENTRADAS RELACIONADAS

Manifestua: Gazak ezin du itxaron

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bat egin du UNICEF, UNRWA, Amnistia Internazionala, Oxfam Intermon, Mugarik Gabeko Medikuak, Save the Children eta Bakearen aldeko Mugimendua (MPDL) erakundeek sustatutako presazko manifestuarekin. Espainiako Estatu osoko ehunka erakundek babestu dute adierazpena.

Utzi erantzun bat