Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bat egin du UNICEF, UNRWA, Amnistia Internazionala, Oxfam Intermon, Mugarik Gabeko Medikuak, Save the Children eta Bakearen aldeko Mugimendua (MPDL) erakundeek sustatutako presazko manifestuarekin. Espainiako Estatu osoko ehunka erakundek babestu dute adierazpena.
Gaur, erakunde sinatzaileok gure ahotsak batera altxatu ditugu. Palestinarren sufrimendua jasanezina delako. Egunez egun, Gazan gure gizatasunaren funtsezko zerbait erori egiten delako.
Gobernuei, buruzagi politikoei, nazioarteko erakundeei, komunikabideei, gizarte zibileko erakundeei zuzentzen ari gara; eta, batez ere, Israelgo egungo gobernua eta armada Gazan egiten ari diren basakeriazko ekintzen aurrean oraindik beren kontzientziari eta sumintzeko gaitasunari uko egin ez dieten pertsona guztiei.
Bi urte baino gutxiagoan, 55.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, eta 18.000 baino gehiago haurrak dira. 127.000 baino gehiago zauritu dira, horietako asko anputazioekin, erredurekin, mutilazioekin eta sendatu ezin diren traumekin. 2023ko urriaren 7an, Hamasen erasoan, 1.200 pertsona hil eta 250 bahitu ondoren, Gaza gure garaiko giza sufrimendurik latzenaren agertoki bihurtu da. Minaren sinbolo basati bihurtu da.
Inpaktu mentala onartezina da, eta haurrek etorkizunarekiko erabateko etsipenaz hitz egiten digute. Infernu hori deskribatzeko hitzen bila jarraitzen dugu oraindik.
Gazako ia biztanle guztiak desplazatuta eta setiatuta bizi dira, errefuxiatzeko leku segururik gabe. Erdia baino gehiago haurrak dira. Israelgo agintariek martxoaren 2an ezarritako erabateko setioaren ondorioz, Gazako biztanleriaren %100 gosete-arriskuan dago orain, Nazio Batuen arabera. Milioi erdi pertsona baino gehiago hondamendi-gosetearen 5. fasean daude, dozenaka hil dira eta gehiago izango dira Israelgo Gobernuak ez badu ahalbidetzen laguntza humanitario masiboa sartzea.
Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak haurrei ematen dizkien babes eta laguntza bereziak ez dira bete, gatazkan dauden alderdientzat legezko betebeharra izan arren. Erailak edo elbarrituak, goseak eta beldurrak inguratuta, haurrak neurriz kanpo jasaten ari dira gatazka hau. 41.000 baino gehiagok gurasoetako bat edo biak galdu dituzte. Inpaktua hain sakona da, ezen beharrezkoa izan baita termino berri bat sortzea bizirik iraun dutenak deskribatzeko: «Bizirik iraun duten seniderik gabeko haur zaurituak».
Biztanleria zibilaren aurkako erasoak, funtsezko azpiegiturak suntsitzea, ekintza humanitarioa sistematikoki oztopatzea, ura eta janaria kentzea eta nahitaezko lekualdatzea Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larriak dira.
Osasun sistema kolapsatuta dago. Gazako Zerrendako ospitale guztien %94, gutxienez, kaltetuta edo suntsituta daude. Arreta medikoa sistematikoki erasotzen ari dira Gaza osoan. Bonbardaketetatik bizirik ateratzen direnak oinarrizko zaintzarik ez izateagatik hiltzen dira. Talde mediko-humanitarioak behartuta daude zauriak analgesikorik gabe sendatzera eta funtsezko sendagaiak errazionatzera. Ebakuntza-geletan elektrizitaterik gabe jardun behar izan dute.
Suntsipen horri Israelgo Gobernuak ezarritako laguntza eredua gehitu behar zaio. Printzipio humanitarioak, Nazio Batuen agentziak eta nazioarteko erakunde humanitario nagusiak baztertzen ditu. Sufrimendua arindu beharrean, sufrimendua betikotzen du. Asistentzia zatitu, baldintzatu eta politizatzen du, neutraltasun, inpartzialtasun eta independentziaren oinarrizko printzipioak urratuz. Hau ez da laguntza humanitarioko sistema bat, biztanleria gosetu baten aurkako laguntzaren militarizazioa da. Desplazamendu behartuak errazten ditu, bizi-sorospena blokeatzen du eta zigor kolektiboa sendotzen du, menderatzeko arma gisa. Azken egunotan, Israelgo armadaren tiroek 300 pertsona baino gehiago hil eta milaka zauritu dituzte, militarizatutako laguntza-postuetan.
Bien bitartean, elikagai, botika eta material sanitario tonak atxikita daude mugaren beste aldean, horiekiko premia dutenengandik kilometro gutxira.
Ezin dugu onartu axolagabekeria eta konplizitatea arau gisa ezartzea. Ezin dugu onartu Europako eta munduko liderrek isilik begiratzea, herritar guztiak bonben, hondakinen, gosearen eta abandonuaren azpian desagertzen diren bitartean.
Manifestu hau ez da erregu bat.
Oihu bat da.
Axolagabekeriaren aurkako ukabilkada bat mahai gainean.
Munduaren kontzientzia pizteko premiazko deia da.
Hildako haur bakoitzarekin, indarrik gabe negar egiten duen ama bakoitzarekin, hondakinen azpian lurperatutako familia bakoitzarekin, gutariko zerbait ere desagertzen da. Etorkizunean ezingo dugu esan ez genuela ikusi. Babesa eskubidea eta legezko betebeharra da, eta alderdi guztiek bermatu behar dute, baita nazioarteko komunitateak ere.
Zenbat gehiago sufritu behar du herri batek nazioarteko ekintza pizteko?
Zenbat haur gehiago hil behar dira boterea dutenek jardun dezaten?
Hitzak ez dira aski. Ondoriorik gabeko gaitzespenek ez dute bizitzarik salbatzen. Neurri zehatzik gabeko adierazpenak lausotu egiten dira. Historiak ez du epaituko zer esan genuen, baizik eta zer egin genuen. Edo zer ez genuen egin.
Israelgo agintariei dei egiten diegu palestinarren aurkako zigor kolektiboa berehala eten dezaten, bai eta Gazako setio ankerra amaitu ere. Era berean, Israelgo Gobernuari eskatzen diogu bete ditzal potentzia okupatzaile gisa dituen erantzukizunak eta erraztu dezala Gazan laguntza humanitarioa eskala handian sartzea.
Espainiari, Europako agintariei eta Israelgo Gobernuaren estatu aliatuei exijitzen diegu honako hauek lortzeko eragin dezatela:
- 1.- Berehalako eta behin betiko su-etena.
- 2.- Biztanleria zibilaren babes eraginkorra, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arabera.
- 3.- Mugako pasabide guztiak irekitzea erabat eta modu iraunkorrean, laguntza humanitarioa masiboki eta baldintza politikorik gabe sartzen dela bermatzeko.
- 4.- UNRWAren eta agentzia humanitario guztien agindua erabat errespetatzea eta berrezartzea, kriminalizaziorik eta oztopo politikorik gabe.
- 5.- Gerra-arma gisa erabilitako zigor kolektiboak bertan behera uztea, hala nola gosea eragitea edota desplazamendu behartua.