- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bat egin du saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea defendatzeko Mundubatek eta Sahararekiko Elkartasun Elkarteen Estatuko Koordinakundeak (CEAS-Sahara) bultzatu duten manifestuarekin.
- Ordezkari politikoen, instituzioen, erakundeen eta, oro har, herritarren artean zabaldutako dokumentua Espainiako Estatuko Gobernuari exijitzen dio bere jarrera alda dezala Marokoren autonomia proposamenaren aurrean, bai eta saharar herriak bere etorkizunari buruz erabakitzeko duen eskubide ukaezina defenda dezala ere.
Marokoko Erresumak Mendebaldeko Saharari buruz egindako autonomia proposamenaren alde Espainiako Gobernuak berretsi berri duen babesak kontraesan larria suposatzen du nazioarteko zuzenbidearekiko, baina baita memoria historikoarekiko, printzipio demokratikoekiko eta erbestean zein okupaziopean 50 urte erresistentzian daramatzan herriaren duintasunarekiko ere.
Mendebaldeko Sahara, gaur egun, deskolonizatzeke dagoen Lurralde Ez Autonomoa da, Nazio Batuek aitortzen dutenez. Saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea nazioarteko hainbat ebazpenek, Nazioarteko Justizia Gorteak eta 1966ko Giza Eskubideen Nazioarteko Itunek ezarri eta berretsi dute.
Ez dago anbiguotasun posiblerik: eskubide hori ezin da ordeztu kanpotik ezarritako proposamenekin, horiek babesten dituzten aliantzak boteretsuak izan arren.
Marokok egindako autonomia proposamena babestea hainbat hamarkadatan errepresioarekin, behartutako erbesteratzearekin, baliabide naturalak arpilatzearekin eta giza eskubideak sistematikoki urratzearekin mantendu den okupazioa legitimatzea da. Gainera, saharar herria nazioarteko mapa diplomatikotik ezabatu nahi den bitartean, beste alde batera begiratzearen parekoa da.
Horregatik, eta nazioarteko zuzenbidea betetzea negoziaezina dela uste dugulako, dei egiten diegu herritarrei, erakunde sozial, kultural, sindikal eta politikoei, legezkotasunarekin, askatasunarekin eta nazioarteko elkartasunarekin konprometituta dauden pertsona guztiei, manifestu honekin bat egin dezaten eta Espainiako Estatuaren posizioa berehala aldatzea eska dezaten.
Exijitzen dugu
- Irmoki eta zalantzarik gabe onartzea saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidea, erreferendum aske eta bermeduna antolatuz, Nazio Batuen agintaldiaren esparruan.
- Babes politikoa kentzea Marokoko Erresumaren autonomia proposamenari, nazioarteko legedia urratzen duelako eta saharar herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen gaitasuna ukatzen duelako.
- Nazioarteko zuzenbidearekin koherentea den kanpo politika, subiranotasuna zein herriri aitortzen zaion arbitrarioki hautatzen ez duena, eta printzipioak interes ekonomiko edo estrategikoen zein migrazioen inguruko interesen mende jartzeari uzten diona.
- MINURSOren (Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko Nazio Batuen Misioa) agindua berritzeko eta indartzeko defentsa aktiboa, lurralde okupatuan giza eskubideak babesteko mekanismoak barne hartuta.
- Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak zorrotz aplikatzea, Mendebaldeko Sahara EBren eta Marokoren arteko merkataritza akordioetatik kanpo uzten baitute, saharar herriaren baimenik ez dagoen bitartean.
- Saharar errefuxiatuekiko lankidetza eta elkartasun politika publikoak indartzea, baliabide egonkorrak bermatuz eta Fronte Polisarioa bere herriaren ordezkari legitimo bakartzat aitortuz.
- Bakean, legezkotasunean eta elkartasunean oinarritutako kanpo-politika eraikitzea, herrien arteko harreman justuak defendatuko dituen eta zigorgabetasuna konponduko duen multilateralismo demokratikoa bultzatuz.
Saharar herriak ia mende erdi darama justiziaren zain. Mendebaldeko Sahararentzat konponbide demokratikoa ekarpen erabakigarria izango da nazioarteko bakearentzat. Haren kausa ere gure kausa da. Nazioarteko legezkotasunari, herrien subiranotasunari eta koherentzia etikoari uko egiten ez diotenen kausa da. Historiak gehien behar denean jarduteko gaitasunagatik epaituko gaitu. Ez da etsipenaren unea, konpromisoarena baizik.
Mundubat eta CEAS erakundeek bultzatutako manifestua.
Jatorrizko dokumentua hemen irakur dezakezu.