Rana Plazako gertakaritik hamabi urte igaro ondoren, Decathloni bere fabriketan segurtasuna eta giza eskubideak bermatzea eskatzeko kalera atera gara

SETEM Hego Haizeak eta Arropa Garbia Kanpainak Gasteizko erdigunean ekimena egin dugu firma frantsesa eta fabriketako Segurtasun eta Osasunerako Nazioarteko Hitzarmena sinatu ez duten marka guztiak salatzeko. Rana Plazakoa bezalako hondamendiak ekiditeko hitzarmen lotesle hori ezartzea ezinbestekoa da, izan ere, 1.138 ehungintza-langile hil ziren bertan.
Gaur apirilaren 24an Bangladeshen Rana Plaza suntsitu zenetik hamabi urte bete dira, moda-industriaren aurpegirik ilunena agerian utzi zuen hondamenetik, hain zuzen ere. Eraikin hori erraustean, miseria eta muturreko segurtasun gabeziako egoeran ekialdeko markentzako arropa egiten ari ziren 1.100 pertsona baino gehiagok bizia galdu zuten. Eraikinaren egiturazko arriskuen berri zeukaten arren, ekoizten jarraitzeko presioak eta pobrezia-soldatek emakume langileak dena den egun hartan fabrikara sartzera behartu zituzten. Ez zen istripua izan, bizitza baino gehiago etekina lehenesten duen sistemak eragindako eta aurreikusi ahal izandako ondorioa baizik.
Arropa Garbia Kanpaina nazioarteko saretik, hamabi urte geroago Bangladesheko ehungintza sektoreko lan-baldintzak oraindik ere onartezinak direla salatzen dute. Gasteizen elkarretaratzea egin dute Urrezko Zeledonen plazan (Correos). Ekimenean oihal bat zabaldu dute, bertan ehungintza-industriako hondamendi larrienaren hildako biktimen izenak brodatu dituzte. Aldi berean, Decathlon bezalako markei historia ez errepikatzeko konpromisoa har dezaten eskatu diete, fabriketako Segurtasun eta Osasunerako Nazioarteko Hitzarmena sinatuz.
Deskargatu hemen irakurritako manifestua.
Decathlon: Sina ezazu Nazioarteko Osasun eta Segurtasun Akordioa
Aurten, Decathlonen jarriko dugu arreta, kirolerako arropako marken artean Europako handienetarikoan, oraindik ere bere kode etiko propioa ez baitu betetzen. Disclosek (Frantziako irabazi asmorik gabeko komunikabidea) otsailean argitaratutako ikerketa batean argitara ekarri zuenez, Decathlonek Bangladesheko hornitzaileak kontratatzen ditu, eta horiek hilabetean 87 euroko soldatak ordaintzen dituzte soilik, emakume langileak astean hirurogei orduko lanaldiak izatera behartzen dituzte, eta urtean ordaindutako hamahiru opor-egun baino ez dizkiete ematen (2020ko datuak). Bengalar herrialdean legezko soldata da, baina ez da soldata duina, horretarako eta pobrezia-muga gainditu ahal izateko, hirukoitza irabazi beharko lukete, hau da, 21.000 taka (165 euro) hilean. Markaren barne-dokumentuen arabera, Bangladesheko bere fabrika nagusietako batek ―Edison Footwear― «minutuko kostuaren» arabera hautatzen ditu langileak eta ekoizpen-erritmo jasangaitzak izatera behartzen ditu.
Disclosen ikerketa berriak salatutakoaren arabera, astean sei eguneko eta egunean hamar orduko lanaldiaren truke Edison Footwearreko (Bangladesheko Decathlonen fabrika hornitzailea) langileek hilean 87 euroko soldata dute (2020ko datuak).
Horrez gain, fabriketan osasun- eta segurtasun-arrisku larrien frogak dauden arren, Decathlonek oraindik ere ez du ehungintza fabriketako Segurtasun eta Osasunerako Nazioarteko Hitzarmena sinatu, legez hitzarmen loteslea da hori eta jada nazioarteko 262 marka baino gehiagok sinatu dute. Hitzarmena Rana Plazako hondamena eta gero sortu zuten eta, ikuskapen independente eta gardenei esker, Bangladeshen eta Pakistanen ehunka fabriken segurtasuna hobetzea ahalbidetu du.
Duela hamabi urte Bangladesheko ehungintza-langileen miseriazko soldata eta baldintzek ez zuten Rana Plaza eraikina suntsitzean 1.138 pertsonen heriotza ekidin. Moda-markak haien hornidura-kateetako langileen legezko arduradun izan daitezen nazioarteko legeak eta hitzarmen lotesleak behar ditugu.