Florilba Ramos eta Ferney Elago Caucako (Kolonbia) bake-sinatzaileen hilketaren aurrean

Florilba Ramos eta Ferney Elago uztailaren 14an hil zituzten Valle Nuevoko korregimenduan, Silviako udalerrian (Cauca, Kolonbia). Hilketa, oraingoz dugun informazioaren arabera, haien etxebizitzan izan zen, gauez. Gizarteratze Komunitarioko Korporazio Nazionalak 472 bake-sinatzaileren hilketak zenbatu ditu dagoeneko; haietatik 28, 2025ean.

Florilba Ramos fue asesinada en el Cauca el 14 de julio.

Florilba eta Ferney bake-sinatzaileak ziren, eta egunez egun lan egiten zuten Caucan eta Kolonbian bakea eraikitzearen alde, bai eta justizia sozialaren eta lurralde-eraldaketaren alde ere. EcomĂșn Esperanza del Pueblo Kooperatiba Multiaktiboko (COOMEEP) lider aktiboak ziren, eta Los Pinos etxalde kolektiboan uste osoz bultzatzen zituzten nekazaritzako produkzio-proiektuak eta gizarteratzekoak. Bake, duintasun eta elkarketarako gune gisa ahalegin eta itxaropen handiz eraikitako prozesua da. Florilbak ekonomia sozial solidario eta garapen komunitarioari buruzko prestakuntza-programa batean parte hartu zuen 2022ko ekainean Euskal Herrian, eLankidetzak babestutako Hegoa proiektuaren esparruan.

Hegoak bat egiten du Caucako Erakunde Komunitarioen Plataforma Korporazioak uztailaren 15ean egindako jendaurreko komunikatuarekin:

  • Irmoki gaitzesten dugu krimen hau, urratu egiten baitu bizitza, bake eta itxaropenerako oinarrizko eskubidea.

  • Kolonbiako Estatuari benetako berme eraginkorrak eskatzen dizkiogu Bakearen alde engaiatuta Bake Ituna sinatu zutenentzat, eta osoki bete dezala, halaber, Azkeneko Akordioan hitzartutakoa.

  • Eragile armatuei eskatzen diegu erabateko begirunea izan diezaietela herritar zibilei, gizarteratzeko lurraldeei eta komunitateen antolamendu-apustuei.

  • Dei egiten diegu Estatuko eta nazioarteko komunitateari, akademiari, nekazarien eta hiritarren mugimendu eta erakunde sozialei lurraldeetan bakea, duintasuna eta justizia ehuntzen dituztenen bizitzak zaintzera.

Gure elkartasuna agertu nahi diegu familiari, COOMEEP kooperatibako pertsonei eta Caucako erakunde komunitarioei. Berresten dugu ez diogula bakeari uko egiten, eta lurraldean bakea eraikitzeko elkarlanean jarraituko dugula. Erdietsiko badugu, funtsezkoa da hilketok buka daitezela, hots, bizitza defendatzen duten eta Kolonbiako lurraldean adiskidetzeko bidea lantzen duten pertsonen hilketa ankerrok.