- Gasteiz en Conexión GGKE gasteiztarren urteroko topaketaren hamargarren edizioa azaroaren 20an izango da, eta gorroto diskurtsoen gaia jorratuko du: Ez gara haters, herria gara. +Pueblo, -Odio.
- Quinndy Akeju ekintzaile antirrazistak aurkeztuko du ekitaldia, eta, besteak beste, Katherine Escobar El Salvadorko trans aktibistak eta Estela Díaz Buenos Airesko Emakume eta Aniztasun ministroak parte hartuko dute.
- Horrez gain, Gasteiz Anitza, Zurrumurruen Aurkako Sarea (ZAS!) eta Lumagorri – Ikusguneren esperientziak, Alarma Morea taldearen musika eta Almu Lasacreren bakarrizketa antirrazista izango dira ere.
Azaroaren 20a, ostegunean, 18:00etatik aurrera Aldabe Gizarte Etxean izango da Gasteiz en Conexión jardunaldiaren hamargarren edizioa. Euskadiko GGKEen Koordinakundeak urtero antolatzen du Arabako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen topaketa, gasteiztarrek munduarekin duten lotura eta elkartasun globala balioesteko helburuarekin. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Aurtengo edizioak gorroto diskurtsoen gaia jorratuko du, Ez gara haters, herria gara. +Pueblo, -Odio lelopean. «Autoritarismoen eta eskuin muturraren gorakadak normalizatu du gorrotoa estrategia politiko gisa erabiltzea, antifeminismoa, arrazakeria, xenofobia, LGTBI+fobia… sustatuz», ohartarazi du Koordinakundeak. «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan, institutuetako ateetan eta, bereziki, sare sozialetan daude».
Halaber, ohartarazi dute 2023an gorroto delituek %21 egin zutela gora Espainiako Estatuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoa ere ez dago errealitate horretatik kanpo: «2024an, gorroto delituen bigarren tasarik handiena erregistratu zuen EAEk estatu mailan, 241 kasurekin; eta gehienak arrazakeria eta xenofobiagatik (%61) eta sexu-orientazioagatik edo generoagatik (%22,4) izan ziren».
Arabaren kasuan, 2024an, gorroto delituekin lotutako 22 arau-hauste penal erregistratu ziren, baina Euskadiko GGKEen Koordinakundeak azpimarratu duenez, «askoz gehiago dira salatzen ez diren diskurtsoak eta erasoak». Adibidez, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak 24 gertakari LGTBI+fobikoren berri izan zuen 2024. urtean. Are gehiago, azken egunotan, udal behatokia bera gorroto kanpaina baten biktima izan da sare sozialetan, Bernedoko udalekuen inguruan «sortutako polemika transfoboaren aurrean» argitaratutako txosten baten harira.

Begirada zabaltzen, Gasteiz mobilizatzen
Azaroaren 20an, Trans Memoriaren Nazioarteko Egunarekin kointzidituz, Quinndy Akeju ekintzaile antirrazista eta Afrocolectiva proiektuaren sortzailekideak aurkeztuko du ekitaldia. Afocolectiva deseraikitzerako komunikabide afrofeminista, antirrazista eta panafrikanista da, eta Instagramen 250.000 jarraitzaile baino gehiago ditu.
Alde batetik, Begirada zabaltzen izeneko blokean, Hego Globaleko bi testigantza izango dira:
- Katherine Escobar, El Salvadorko trans aktibista.
- Estela Díaz, Buenos Aires probintziako Emakume eta Aniztasun ministroa (Argentina), eta ibilbide luzeko militante sozial, sindikal eta feminista.
Bestalde, Gasteiz ez da geldirik geratzen blokean, gorroto diskurtsoen aurkako tokiko hainbat esperientzia ezagutuko dira:
- Gasteiz Anitza: kulturartekotasunaren aldeko eta arrazakeria eta xenofobiaren aurkako herri mugimendua.
- ZAS!: Euskadiko Zurrumurruen aurkako Sarea.
- Lumagorri: zisheterosexismoaren aurkako elkartea eta Ikusgune – Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren kudeatzailea.
Musika eta bakarrizketa, Alarma Morea eta Almu Lasacrerekin
Horrez gain, jardunaldiaren hamargarren edizioak kultur proposamen interesgarria izango du. Musika izango da blokeen arteko hari nagusia, eta Alarma Morea taldeak hainbat kantu eskainiko ditu ekitaldian zehar, bere euskarazko rumba flamenko aldarrikatzailearen bertsio akustiko batekin, bikote formatuan.
Azkenik, Almu Lasacre umoregile, gidoilari eta podcasterrak amaiera emango dio jardunaldiari, umore absurdo eta garratzez beteriko bakarrizketa antirrazista batekin, Gasteiz, Bartzelona, Madril edo Leioa bezalako hirietatik igaroko den biraren barruan.
Aurreko edizioetan bezala, eLankidetza – Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza izango du jardunaldiak.



