- Estatuko Koordinakundearen XLIII. Batzar Orokorra egin dugu, milioika pertsonaren bizitza kolpatzen duten hainbat krisiek eta multilateralismoa zalantzan jartzen duten mugimenduek markatutako mundu mailako testuinguru oso konplexu batean.
- Koordinakundeko erakundeek gogorarazi dute premiazkoa dela politika publikoa indartzea, une honetan funtsezkoa izan arren mundu mailan murrizketa oso larriak jasaten ari baita.
- GGKEek mundu justu, feminista, iraunkor eta baketsua eraikitzeko konpromisoa berretsi dute.
Aurten ere, Garapenerako Erakundeen Estatuko Koordinakundeak maiatzaren 27an egindako Batzar Nagusiak giza eskubideen, planetaren iraunkortasunaren, justizia globalaren eta bakearen aldeko konpromiso kolektiboa indartzeko balio izan du.
78 erakundek hartu dute parte topaketan, Euskadiko GGKEen Koordinakundea barne. Egindako lana berrikusi eta etorkizunerako planak onartu dituzte. Lankidetza Legea onartu eta bi urtera, beharrezkoa da garapen iraunkorrerako politiken koherentzia ardatz nagusi izango duen lankidetza feminista eta ekologista defendatzen jarraitzea.
Itxaropena testuinguru gogor batean
Egindako azterketek egoera kezkagarri bat marrazten dute. Nazio Batuen Garapenerako Programaren datuen arabera, garapena azken 35 urteetako mailarik baxueneraino moteldu da. Munduko Garapenerako Laguntza Ofizialera bideratutako funtsak %7,1 murriztu ziren 2023an.
Gaza etengabe, sistematikoki eta zigorrik gabe erasotzen ari da Israel, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa urratuz. Modu horretan, giza eskubideak bermatzeko ezarritako nazioarteko arauak kolokan jartzen ari da. Krisi humanitario larriak bizi ditugu, Sudan, Ukraina, Afganistan… eta beste hainbat herrialdetan. Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetan -Nikaragua edo El Salvador-, Perun, Afrikan edo Asian espazio zibikoa ixten ari dira. CIVICUSen datuen arabera, gizarte zibila eraso larria jasaten ari da munduko 198 herrialdetatik 116an.
Testuinguru hori gorabehera, giza eskubideak bermatuko dituen mundu bat eraikitzeko konpromisoa berretsi dute erakundeek. Historian zehar, unerik zailenetan ere, beti izan dira giza eskubideen eta bizitza duinen aldeko alternatiba kolektiboak. Milaka arrazoi daude bizitza defendatzen jarraitzeko.
Agurrak eta ongietorriak
Batzarrak Gobernu Batzordeko kide izan diren pertsonak agurtzeko ere balio izan du: Miquel Carrillo (laFede.cat), Pepe Postigo (ONGAWA) eta Jaime DÃaz (Ayuda en Acción). Eskerrik asko zuen konpromisoagatik, profesionaltasunagatik eta giza kalitateagatik.
Halaber, ongietorri beroa eman diegu Arantxa Osés (Save the Children), Luca Gervasoni (NOVACT) eta Ofelia de Felipe (Fundación 1º de Mayo) kide berriei. Ana Mañas (Oxfam Intermon) ere sartu da Jokabide Kodearen Jarraipen Batzordeko kide gisa.
Bi baja izan dira ere: Farmacéuticos Sin Fronteras eta Treball Solidari. Eta hemendik aurrera Koordinakundearen parte izango dira Asociación CONI eta Kubuka. Azkenik, UNRWAren Espainiako Batzordea sartu da erakunde elkartu gisa.
Jatorrizko berria Koordinakundearen webgunean ere irakur dezakezu.