- Astelehenetik ostegunera bitartean egiten ari den NBEren nazioarteko gailurrean dago Euskadiko GGKEen Koordinakundea, asteburuan Gizarte Zibilaren Foroan parte hartu ondoren.
- Hainbat euskal GGKErekin eta mundu osoko gizarte zibileko 1.500 ordezkari baino gehiagorekin batera, mundu mailako finantza eta ekonomia sistema bidezkoagoa aldarrikatu dugu.
- Fokua funtsezko gaietan jarri behar da, besteak beste: %0,7a betetzea, bakea, ekitatea eta giza eskubideen eta ingurumenaren errespetua.
Joan den asteburuan, 2025eko ekainaren 28an eta 29an, Garapena Finantzatzeko Nazioarteko IV. Konferentziaren (FfD4) atarian, 1.500 pertsona baino gehiago bildu dira Sevillan Gizarte Zibilaren Foroan (gailurrak 10.000 baino gehiago bilduko ditu). Foroa Konferentziaren programaren parte izan da, aurreko hiru edizioetan bezala, eta funtsezkoa da bertan hitzartuko diren akordioak eta horien izaera demokratikoa bermatzeko.
Euskal lankidetza ere Sevillan presente dago, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ordezkaritza bat dago bertan; besteak beste, Irene Molero Gurrutxaga koordinatzaile nagusia eta Nerea Uriarte Goitia lehendakaria.
Bi egunetan zehar, hainbat mahai-inguru egin dira, eta mundu osoko ordezkari sozial eta politikoek konferentziarako funtsezkoak diren gai ugari izan dituzte aztergai. Horrela burutu da gizarte zibilak egindako ekarpen eta eztabaida prozesua, IV. Konferentzia honetan sinatuko den azken akordioari begira: Sevillako Konpromisoa.
Foroak bultzatutako proposamenak baino askoz ere anbizio gutxiago izango du dokumentu horrek, baina, nolanahi ere, urrats garrantzitsua izango da nazioarteko finantza sistema bidezkoago baterantz, kanpo-zorra, garapenerako nazioarteko lankidetza edo justizia fiskala bezalako gaiei dagokienez.
























Ekainaren 29an, igandean, manifestazio handi batekin amaitu zen Foroa, 19:30etik 21:30era bitartean Sevilla hiria zeharkatuz, Cristina Lorategietatik Las Setaseraino, Justizia ekonomiko globala orain! lelopean.
Hemen irakur dezakezu El País – Planeta Futuro hedabidearen artikulua, gizarte zibilak eta nazioarteko zein Espainiako Estatuko GGKEek goi-bileraren aurrean duten jarrerari buruzkoa: GKEek deitoratu dute NBEren Sevillako gailurraren «anbizio eskasa» zorrari eta garapenerako laguntzari dagokienez.






Halaber, ekainaren 27an eta 28an, ostiralean eta larunbatean, Foro Feminista ere egin da, oraingo honetan Euskadiko GGKEen Koordinakundeak zuzenean parte hartu ez duen arren. Topaketa horretan, mundu osoko emakumeek ikuspegi feministatik aztertu dituzte Konferentziak planeta osoan dituen inplikazioak.
Gizarte zibila Konferentzian
Garapenerako Finantzaketari buruzko Nazioarteko IV. Konferentzia ekainaren 30etik uztailaren 3ra egingo da, astelehenetik ostegunera, Sevillako Kongresu eta Erakusketa Jauregian (FIBES). Euskal ordezkaritza zabala izango da gailur historiko honetan: Euskadiko GGKEen Koordinakundeaz gain, hainbat euskal GGKE (UN Etxea, Alboan, Garabide, Oscarte, Haurralde…), euskal alderdi politikoetako ordezkariak eta Javier Cortes eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria izango dira, besteak beste.
Egitarau ofizialetik eta osoko bilkuretatik harago, side event edo ekitaldi paralelo ugari izango dira gailurrean. Koordinakundeak ekitaldi horietan parte hartuko du. Horien helburua izango da etorkizuneko erronketan sakontzea, besteak beste: garapen iraunkorra, 2030 Agenda, nazioarteko lankidetza… bai eta funtsezkoak diren bestelako gaietan ere, hala nola horren guztiaren finantzaketa, % 0,7a, bakea, ekitatea, giza eskubideak, ingurumenarekiko errespetua…
Programa osagarriaren xehetasunak kontsulta ditzakezu hemen.













Garapenerako Finantzaketari buruzko Nazioarteko IV. Konferentziaren gakoak
Iturria: La Coordinadora – Garapenerako Erakundeen Estatuko Koordinakundea
- Zergatik da hain garrantzitsua?
- Zeri buruz hitz egingo da Konferentzian?
- Eta zer dio Koordinakundeak honi guztiari buruz?
- Zer eskatzen dugu?
- Data garrantzitsuenak
- Informazioa eta funtsezko dokumentazioa
- GURE JARRERA | Koordinakundearen eta Futuro en Común ekimeneko kide diren gizarte zibileko erakundeen jarrera
- AZKEN DOKUMENTUA | Ekintzarako Sevillako Konpromisoa (ingelesez)
Ohiko galderak (FAQ)
- Garapenerako Finantzaketari buruzko Konferentzia: galderak eta erantzunak
- Garapenerako Finantzaketari buruzko Konferentzia: zortzi proposamen eta argi utzi beharreko hainbat kontu
- Sevillako Konferentzia: galdera eta erantzun gehiago
- Sevillako Konferentzia: noizko lankidetza?
- Sevilla: bidezko finantzaketa itxaropenezko etorkizun baterako
- Diruari buruzko sei egi deseroso eta horien garrantzia