Erreferentzia-terminoak: erakunde publikoetan Lankidetza Feministaren ikuspegiari buruzko txostena
Kargua: Txostena egiteko erreferentzia-terminoak
Deitzaile: Euskadiko GGKEen Koordinakundea
Aurkezteko epea: 07/11/25
Erreferentziazko terminoak Garapenerako Lankidetzako eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako erakunde publikoetan lankidetza feministaren ikuspegiari buruzko txosten bat egiteko.
1. ERAKUNDE KONTRATATZAILEA
Euskadiko GGKEen Koordinakundea –www.ongdeuskadi.org–, 1988an eratua, Garapenerako Lankidetzaren eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren alorretan lan egiten duten 84 erakundek osatzen dute.
Gure lana, batez ere, gure erakunde bazkideen ekintza koordinatzea da, lankidetza hobetzeko eta sektorea indartzeko. Honako hauek dira helburu nagusiak:
- Lankidetza sustatzea garapena kalitatezkoa izan dadin, bai erakunde publikoetan nola pribatuetan, bai kide diren GGKEetan.
- Bazkide diren GGKEei laguntzea, eta haien gaitasun politiko eta teknikoak indartzea.
- Gure inguruko gizartea eraldatzen laguntzea, eta, horretarako, maila globalean aldaketak gauzatzea.
2. JUSTIFIKAZIOA
Duela gutxi onartutako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legeak 3. artikuluan jasotzen duen bezala, lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoaren ezaugarrietako bat da ikuspegi feministaren bidez garatzea, bai eta beste ikuspegi hauen bidez ere: giza eskubideak, lokal-globala, ekosoziala, lurralde-mailakoa eta garapen jasangarrirako politiken koherentzia. Lege horren helburua da gizarte askeagoak, demokratikoagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak garatzen laguntzea.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeko erakunde asko dira erreferenteak genero-ikuspegiaren zeharkakotasunean eta emakumeen ahalduntzean, bai Iparraldean bai Hego Globalean bultzatzen eta babesten dituzten prozesu eta proiektuetan. Nabarmentzekoa da, halaber, azken urteotan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuei ekin dieten eta prozesu horietan ebaluazioen bidez eta berdintasunaren aldeko ondoz ondoko planak ezarriz aurrera egin duten erakundeen kopurua, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin duten konpromisoaren erakusgarri.
Koordinakunde horretako Gune Feministak, 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duenak, Euskadiko hogei GGKE inguru biltzen ditu. Horiek modu egonkorrean biltzen dira generoaren eta feminismoen inguruko hainbat gairi eta eztabaidari buruzko hausnarketan aurrera egiteko.
2023-2030 aldirako Genero Politika inplementatzeko, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak aurrera egin du gai horiek egitura guztietan eta sektore osoan integratzeko, horretarako diseinatutako Genero Arkitektura berri baten bidez.
Lankidetza feministarantz jotzea da gaur egun lehenesten den gaietako bat. Hainbat urtez horri buruz hausnartu eta elkarrekin ikasi ondoren, funtsezkoa iruditzen zaigu lankidetza feministaren eredua aztertzea. Eredu horretan aurrera egin dute Garapenerako Lankidetzako eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako politikak lurralde-maila guztietan (tokikoa, probintziala, autonomikoa eta estatukoa) sustatzen eta ezartzen dituzten erakunde publikoek.
Azterlan honen ardatza izango da erakunde horien ekintzaren azpian dauden lankidetza feministako ereduak identifikatzea. Helburua da eredu horien artean egon daitezkeen antzekotasunak eta desberdintasunak ulertzea, ikaskuntzak eskuratzeko eta partekatzen saiatzeko, euskal gizarte zibil antolatuarekin adostutako lankidetza feministako eredu komun bat bultzatzeko, genero-berdintasun eraginkorrari lagunduko diona.
3. IKERKETAREN HELBURUAK
Ikerketa honen bidez, helburu hauek lortu nahi dira:
- Lurralde-maila bakoitzean Garapenerako Lankidetzan eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzan eskumenak dituen erakunde publiko batek, gutxienez, bultzatutako lankidetza feministaren ereduari buruzko diagnostikoa egitea: EAEko udalak, foru-aldundiak, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia eta AECID.
- Aztertutako erakundeek aplikatzen duten lankidetza feministaren ikuspegian desadostasun posibleak aurkitzea, ikaskuntza eta esperientzia arrakastatsuak eskuratzeko.
- Lankidetza feministako proiektuak, programak eta ekimenak barne hartuko dituen esparrua definitzea.
- Erakundeen araudiak eta plangintza estrategikoak lankidetza feministarantz duten orientazioa aztertzea eta baloratzea.
- Erakunde horiek lankidetza feminista sustatzeko dituzten tresnak identifikatzea eta baloratzea, bai eta horien baldintzak eta irizpideak egokitzea ere (baremazio-taulak).
- Lankidetza feministaren arloan azken urteotan erakundeetan izan diren aldaketak eta gaiak biltzea, bai eta, jarraipen eta ebaluazioari dagokionez, teoriatik praktikara aurrera egiteko aurkitu diren zailtasunak ere.
- Prozesutik ondorioak eta hobetzeko gomendioak ateratzea.
- Politika feministan eragiteko eredu berri bat gida lezaketen ildoak proposatzea, lankidetza feministaren ikuspegitik.
- Bultzatu nahi den lankidetza feministaren kontzeptua eta eredua ardaztuko dituzten argudioak garatzea.
4. METODOLOGIA
- Honako hauek kontuan hartzen dituen metodologia baloratuko da: parte hartzeko irizpideak, ikuspegi feminista, Hego Globaleko epistemologiak, eta iturri eta metodo kuantitatiboen zein kualitatiboen arteko oreka.
- Euskadiko GGKEen Koordinakundearen Gune Feministarekin parte hartzeko tailer bat egin behar da, txosten teknikoaren emaitzak itzultzeko eta lankidetza feministari buruzko argudioak osatzeko.
5. PRODUKTUAK
- Txosten tekniko bat, ikerketarako definitutako helburu bakoitzerako atal bat izango duena. Jarraipen eta atzeraelikadura egokiak bermatzeko, txostenaren zirriborro bat emango da. Euskadiko GGKEen Koordinakundeko erreferenteak aztertuko du zirriborroa, kontraste-bilera bat egingo da, eta, egokitzapena egin ondoren, azken txostena entregatuko da.
- Gune Feministaren partaidetzarekin, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bultzatu beharreko lankidetza feministaren kontzeptua eta eredua ardaztuko dituzten argudioak.
6. KRONOGRAMA
Hautatutako pertsonak edo taldeak egingo du ikerketa, kontratua sinatzen denetik (2025eko azaroa) 2026ko otsailera bitartean. Amaiera-data aldatu ahal izango da, bi alderdiek onartzen badute.
7. IKERTZAILEEN BETEKIZUNAK
Hauek izango dira hautaketa-irizpideak:
- Erreferentziazko baldintzetan jorratutako gaiekin lotutako esperientzia izatea eta aurretiazko lanak eginak izatea.
- Autonomia erkidegoko eta Estatuko Garapenerako Lankidetzako, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako eta berdintasunerako politikak ezagutzea.
- Prestakuntza, esperientzia eta ibilbidea izatea berdintasuna, genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen duten politika, proiektu eta/edo programetan, feminismoetatik eta garapenerako lankidetzatik abiatuta.
- Euskara jakitea.
- Diziplina anitzeko taldea eta askotarikoa baloratuko da.
8. PROPOSAMENAK AURKEZTEA
Proposamenak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 7an amaituko da.
Interesa duten pertsonek edo taldeek beren curriculuma, informazioa eta proposamen ekonomikoa bidali beharko dituzte erreferentzia-terminoen dokumentuan aurkituko duten helbide elektronikora, honako gai hau adierazita: Erref.: lankidetza feministari buruzko ikerketa.
