- Ekuadorren oinarrizko eskubideen errespetua eskatzen dugu euskal gizarte zibileko erakundeok, eta gure elkartasuna eta babesa adierazten diogu herri ekuadortarrari.
- Herrialdean Zuzenbide Estatua ahultzeak ondorio larriak izango lituzke eskualdearentzat, bai eta nazioarteko lankidetzarentzat ere.
- Espainiako Gobernuari erantzun diplomatikoa exijitzen diogu, Ekuadorko gizarte zibilaren eta herriaren bidezko eskaerak babestuko dituzten posizionamendu eta ekintzen bidez.
Euskadiko GGKEen Koordinakundea osatzen dugun Gobernuz Kanpoko Erakunde eta gizarte entitateok gure kezka adierazi nahi dugu Ekuadorko Gobernua azken asteetan hartzen ari den noraeza autoritario eta errepresiboaren aurrean. Presaz eta eztabaida sozialik gabe, lege-neurri neoliberalen sorta bat izapidetu eta onartu du. Halaber, irailaren 12an, beste hainbat neurriren artean, gobernuak iragarri zuen dieselerako subsidioak ezabatuko zituela; Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak (CONAIE), herri erakundeekin, langileekin, ikasleekin eta ingurumen-aktibistekin batera, horren aurka deitutako mobilizazioak jazarri ditu.
Erabat militarizatutako testuinguru batean, egungo indarkeria instituzionalak eta herrialdeko probintzia batzuetan ezarritako Salbuespen Egoerak eskubideen urraketak, atxiloketa arbitrarioak, desagertzeak eta Cotachachiko komunero indigena baten hilketa tamalgarria ekarri dituzte. Halaber, norbanakoen zein antolakundeen banku-kontuak blokeatzen ari dira, agindu judizialik gabe; Fiskaltzak lege-oinarririk gabeko akusazioak egin ditu defendatzaileen aurka, «legez kanpoko aberasteagatik». Era berean, adierazpen eta komunikazio askatasunerako eskubidea urratu da, hala nola komunikabide komunitarioak ixtea, MICC (Cotopaxiko Mugimendu Indigena eta Nekazaria) mugimenduaren telebista suspenditzea…
«Egungo indarkeria instituzionalak (…) atxiloketa arbitrarioak, desagertzeak eta Cotachachiko komunero indigena baten hilketa tamalgarria ekarri ditu»
Bestalde, Ekuadorko Gorte Konstituzionalak bere segurtasunaren aurkako jazarpena eta arriskuak salatu ditu Ekuadorko gobernuaren partetik, 2025eko abuztutik. Izan ere, Gorteak onartutako legeetatik zenbait artikulu bertan behera utzi zituen, Ekuadorko erakundeek eta herritarrek konstituzio-kontrakotasunagatik aurkeztutako helegiteak onartuz, araudi batzuek oinarrizko eskubideak urra ditzaketela iritzita.
Horren guztiaren aurrean, Ekuadorko gobernuari dei egiten diogu protesta baketsua, adierazpen askatasuna eta elkartzeko askatasuna errespetatzeko eta bermatzeko, giza eskubideen defendatzaileen, kazetarien eta manifestarien segurtasuna eta integritatea babestuz. Errepresioa, indarraren gehiegizko erabilera, kriminalizazioa edo eztabaida publikoaren bidegabeko murrizketak eragin ditzakeen edozein neurri alde batera utzi behar du. Ezinbestekoa da indarkeriaren gorakada etetea eta alderdien arteko elkarrizketa ezartzea, justiziarako sarbidea ziurtatuz eta errepresio ekintzen ikerketa inpartziala bultzatuz.
Ildo horretan, bat egiten dugu Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Bulegoak Hego Amerikan egin duen eskaerarekin: «Estatuak kichwa komunero indigenaren heriotzagatiko erantzukizunak zehatz-mehatz eta gardentasunez ikertu behar ditu, haren familiari, komunitateari eta zauritutako gainerako pertsonei justiziarako sarbidea bermatuz». Halaber, NBEko bulegoak gogorarazi du, nazioarteko estandarren arabera, «Estatua dela bere segurtasun indarren ekintzen eta ez-egiteen erantzulea, eta betebeharra duela ikertzeko, modu eraginkorrean, inpartzialean eta egokian, bilera sozialen testuinguruan bere agenteek legez kontra erabil dezaketen indarra edo bestelako giza eskubideen urraketak». Jan Jarab NBEaren Hego Amerikarako Giza Eskubideen ordezkariak ohartarazi du: «Indar militarrak ez dira trebatzen gatazka sozialei edo segurtasun publikoko egoerei aurre egiteko. Gaur egun horrelako zereginetan jarduteak giza eskubideak urratzeko benetako arriskua dakar».
«Kriminalizazioaren aurrean, herri mobilizazioen zilegitasuna babesten dugu, aniztasuna errespetatuz eta, herrialdeko Konstituzioak jasotzen duenez, Ekuador nazio anitzeko estatu gisa aitortuz»
Gizarte erakunde garen aldetik, gure elkartasuna, hurbiltasuna eta babesa adierazi nahi diegu Ekuadorko herriari, mugimendu indigenaren nazionalitateei, herrialde osoko askotariko emakumeei, erakunde sozial eta sindikalei… beren eskubideen aldeko borrokan, bai eta beren lurraldeen eta ondasun naturalen defentsaren aldeko eskaera historikoetan ere. Aurrez aurre duten erauzketa-eredu ekonomikoak nazio eta herri indigenen eskubideak urratzen ditu, eta krisi ekologiko global batera garamatza. Kriminalizazioaren aurrean, herri mobilizazioen zilegitasuna babesten dugu, aniztasuna errespetatuz eta, herrialdeko Konstituzioak jasotzen duenez, Ekuador nazio anitzeko estatu gisa aitortuz.
Bestalde, ohartarazi nahi dugu Ekuadorren Zuzenbide Estatua ahultzeak ondorio larriak izango lituzkeela eskualdearentzat eta nazioarteko lankidetzarentzat.
Eta, azkenik, Espainiako Gobernuari erantzun diplomatiko bat exijitzen diogu, giza eskubideen inguruan hartutako nazioarteko betebeharrekiko koherentziaz. Ekuadorko Gobernua giza eskubideak urratzen ari da egunotan; horren aurrean, Ekuadorko gizarte zibilaren eta herriaren bidezko aldarrikapenak babestu behar ditu Espainiako Gobernuak, bai jarrera hartuz, bai ekintzen bidez.
Euskadiko GGKEen Koordinakundea, 2025eko urriaren 7an.