Munduan ikusi nahi duzun aldaketaren parte izan nahi baduzu, hona hemen zenbait gako:
- Gure armarik onena gure kontsumoa da, beraz, ez dezagun horren bitartez sostengatu bizi molde bat eta sistema bat, oinarrian dituena gutxi batzuen pribilegioak eta pertsona gehienen bazterkeria. Egin ezazu kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen alde, esaterako tokiko kontsumoaren eta bidezko merkataritzaren alde, eta hurbildu elikaduraren burujabetasunera. Produkzioaren logika, jabego pribatua pilatzearen logika, mugagabeko hazkunde ekonomikoaren eta kontsumismoaren logika, ez da bateragarria bizimodu bidezko eta sostengarriarekin. Ez da posiblea pobreziaren eta desberdintasunen kontrola, aberastasunen pilaketari, espekulazioari eta xahutzeari aurre egiten ez badiegu.
- Mobilizatu eta salatu bidegabekeriak aldatu ahal izateko: gizon-emakumeen arteko desberdintasunak, kanpo zorraren betikotzea, Europako Batasunaren neurri insolidarioak migrazioari begira, eskubide politiko eta sozialen murrizketa (adierazpen-askatasuna edo politika sozialak), transnazionalen pribilegioak eta zigorgabetasuna… Gogora ezazu lorpen sozial handiak gizartearen mobilizazioari esker lortu zirela.
- Zure dirua pertsonen zerbitzura eta ez espekulaziorako edota armetan inbertitzeko. Egin ezazu apustu banku etikoaren alde, dirua pertsonen zerbitzura egon dadin, eta exijitu fiskalitate bidezkoa: munduaren barne produktu gordinaren % 10 ezkutatuta dago paradisu fiskaletan, Norvegiako, Kopenhagengo eta Berkeley-ko (Kalifornia) Unibertsitateen ikerlan baten arabera. Gainera, uste denez, herrialde pobretuek 85.000 milioi euro galtzen omen dituzte enpresek paradisu fiskalen bitartez saihesten dituzten zergetan, eta kopuru hori da garapenerako laguntzan jasotzen duten diru kopurua halako hiru. Dirutza horrekin urtean 124 milioi ume eskolaratu litezke.
- Parte hartu eta inplikatu, hori egiteko modu asko dituzu. Eraldaketek jokabide-aldaketak eskatzen dituzte. Gogoeta egin ezazu eta solastu lagunekin desberdintasunei buruz, globalizazioari buruz… Garapenerako GKEak lanean ari gara mundu honen norantza aldatzeko. Bertan aurkituko dituzu zu bezalako pertsonak, bazterketa sozialaren, pobreziaren eta desberdintasunen aurka lan egin nahi dutenak, eta alternatibak proposatzen dituztenak… Lehenengo urratsa emanez gero, hurrengoak ematen lagunduko dizugu. Elkar hartuta urrunago iritsiko gara.
- Sormena landu, leloak edota pankartarako esaldiak asmatu, eta hartu berriz ere kalea, beharbada ez dizute ondo entzun. Zure laguntza behar duten bestelako aldarriak: ekologia eta ingurumenaren zaintza, gerren eta natura-baliabideen erauzketa amaitzea, herri pobretuen gainean herri aberatsek daramaten politika aldatuta, TTIP eta CETA bezalako merkataritza-hitzarmenak errefusatzea pertsonak salgai jartzen dituztelako…
- Bila ezazu informazioa munduaren egoeraren kontzientzia hartzeko, eta kolokan jar ezazu ikusten, entzuten nahiz irakurtzen duzuna zeure iritzia osatzerakoan. Bestelako informazio-iturriak bila itzazu, kezkatzen zaituenaren inguruan. Garapenerako GKEok badugu informazioa, eta eskarmentua ere bai eta zure eskura gaituzu. Euskadiko GGKE-en Koordinakundea osatzen duten erakundeen lana ezagutu eta babestu dezakezu, haien boluntarioeekin bat egin edota GGKE-etan lana bilatu.
Nahi duzuna Hegoaldeko herrialdeetan sentsibilizazio esperientzia bat izatea bada, urtero apirilean inguru gure webgunean euskal GKE-ek udan txirotutako herrialdeetara hurbiltzeko eskaintzen dituzten aukerak erakusten ditugu.