- Azaroaren 10etik 16ra bitartean, Aguraingo Elkartasun Astea ospatuko da, Gorroto diskurtsorik? Ez, eskerrik asko! lelopean.
- Azaroaren 11n, asteartean, 18:00etatik aurrera Zabalarten, gorroto diskurtsoei aurre egiteko hainbat esperientzia bilduko dira solasaldi batean, Lilian Hernández (El Salvador), ZAS! zurrumurruen aurkako sarea, Alboan eta Fernando Sánchez Aranaz kazetariarekin.
- Gainera, aste osoan zehar, bi erakusketa bisitatu ahal izango dira Zabalarten bertan: Afrika (bir)kontatzen (Munduko Medikuak) eta Kamerun: emakumeak gatazkan, emakume defendatzaileak (Nazioarteko Elkartasuna).
Datorren astean, azaroaren 10etik 16ra, lankidetzak eta elkartasunak hitzordua izango dute berriz ere Arabako Lautadan, Aguraingo Elkartasun Astearen edizio berri bati esker. Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatzen du urtero, Aguraingo Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin elkarlanean.
Arabako GGKEen urteroko ekitaldiak gorroto diskurtsoen gaia jorratuko du aurten, azaroaren 20an Gasteiz en Conexión jardunaldiaren X. edizioaren ildo beretik. Gaiari buruzko solasaldi bat izango da, bai eta aste osoan zehar bisitatu ahal izango diren bi erakusketa ere.
«Autoritarismoen eta eskuin muturraren gorakadaren ondorioz gorrotoa estrategia politiko gisa erabiltzea normalizatzen ari da, antifeminismoa, arrazismoa, xenofobia, LGTBI+fobia… sustatuz», ohartarazi dute Koordinakundetik. «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan, institutuetako ateetan eta, bereziki, sare sozialetan daude». 2024an, gorroto delituekin lotutako 22 arau-hauste penal erregistratu ziren Araban, baina Euskadiko GGKEen Koordinakundeak azpimarratu duenez, «askoz gehiago dira salatzen ez diren diskurtsoak eta erasoak».

Solasaldia: gorroto diskurtsoei eurre egiteko esperientziak
Aguraingo Elkartasun Astearen jarduera nagusia Fernando Sánchez Aranaz historialari, idazle eta kazetariak moderatutako solasaldi bat izango da, azaroaren 11n, asteartean, 18:00etatik aurrera Zabalarten.
Mahai-inguruak gorroto diskurtsoei aurre egiteko esperientziak ikusarazteko eta ezagutzeko balioko du, maila lokalean zein nazioartean egindako lanetik abiatuta. Zergatik gorroto diskurtsoak aurrera egiten ari dira? Nola eragiten diete giza eskubideei? Eta nola egin aurre diskurtso horiei? Horiek dira jorratuko diren gaietako batzuk, Lilian Hernández El Salvadorko indarkeria matxistetan adituaren, ZAS! zurrumurruen aurkako sarearen eta Ainhoa Armentia Alboan GGKEko teknikariaren eskutik.
Afrikari buruzko bi erakusketa
Gainera, aste osoan zehar, astelehenetik igandera, Afrikari buruzko bi erakusketa bisitatu ahal izango dira Zabalarten, Arabako bi GGKEren eskutik.
Alde batetik, Afrikan murgiltzen: Afrika (bir)kontatzen erakusketa. Munduko Medikuak erakundeak sortu du, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako bigarren hezkuntzako ikasleekin batera. Afrikako lurraldeetako errealitateak hurbildu nahi dizkie herritarrei, «ikuspegi afrozentriko batetik», panel batzuen bidez hainbat eremu profesional eta sozialetan erreferenteak diren afrikarrak ikusaraziz.
Zer dakigu benetan Afrikari buruz? Zer kontatu digute? Eta zer istorio isilarazi dituzte? Munduko Medikuak elkarteak azaldu duenez, «bada imajinario bat Afrikako kontinentearen inguruan argazki partzialak, uniformeak eta negatiboak hartzen dituena, errealitatea osatu gabe ikastea dakarrena, eta estereotipoak iraunarazten dituena; horrek aurreiritzietatik harremantzera garamatza, jarrera diskriminatzaileak erreproduzituz».
Erakusketaren helburua da, hain zuzen ere, «estereotipoak zalantzan jartzea, ezkutuko narratibak aurkitzea eta Afrikako lurraldeen ekarpena zein aberastasun historiko eta garaikideak ospatzea». Gainera, erakusketa collage teknikaren bidez egina dago: «Tresna artistiko bezain aldarrikatzailea da; moztu eta itsatsi, berrasmatu eta balioesteko, eta, batez ere, ustez ezagutzen dugun munduari beste zentzu bat emateko aukera ematen digu», gaineratu dute.

Bestalde, Nazioarteko Elkartasuna erakundearen eskutik, Kamerun: emakumeak gatazkan, emakume defendatzaileak erakusketak euskal herritarrak sentsibilizatu nahi ditu, gatazka egoeretan bizi diren Kamerungo emakumeen errealitatera hurbilduz.
Testigantza grafikoen bidez, emakumeek beren komunitateetan, bakearen, erresistentziaren eta giza eskubideen defentsan, eragile aktibo gisa duten funtsezko zereginari buruzko ibilbide bisual kritikoa proposatzen du erakusketak, indarkeria eta gatazka testuinguruetan tradizionalki ematen zaien rol pasibotik haratago.
Erakusketak sei panel ditu, eta Kamerungo lau emakumeren testigantzak aurkezten ditu, haien arteko loturak kontuan hartuz egituratuta. Erakusketaren eduki grafikoa jatorrizko hainbat ilustraziok osatzen dute, emakume protagonisten benetako testigantzetan inspiratuta, haien pribatutasuna eta segurtasuna ziurtatuz.



