Euskal lankidetzaren estrategiak indarkerien aurrean. Honduras, Senegal, Guatemala eta Palestinako ahotsak

HASIERA: urria 6, 2025
BUKAERA: urria 6, 2025
NON: Bilborock (Mesedeetako Kaia, 1, Bilbao)
ORDUTEGIA: 19:00

Jardunaldia/Kongresua/Topaketa

Bilboko Udalak, Proclade-Yanapay, Munduko Medikuak, Medicusmundi Bizkaia eta UNRWA Euskadirekin batera, udal lankidetzaren 30. urteurrenaren ospakizunaren esparruan, Euskal lankidetzaren estrategiak indarkerien aurrean. Honduras, Senegal, Guatemala eta Palestinako ahotsak ekitaldira gonbidatu nahi zaituztegu.

Oinarrizko eskubideak urratzen dituzten eta giza duintasuna higatzen duten indarkeria mota ugarik zeharkatzen duten munduan, solasaldi baten bidez, bereziki larriak eta premiazkoak diren lau adierazpen jorratuko ditugu: emakumeen aurkako indarkeria, LGTBI fobia, pertsonen salerosketa eta Gazako genozidioa. Indarkeria horiek, forma askotakoak izan arren, egiturazko sustraiak eta botere-dinamikak partekatzen dituzte, eta bazterkeria, beldurra eta zigorgabetasuna betikotzen dituzte. Gune honek indarkeria horiei aurre egiteko euskal lankidetzatik lagundutako estrategiak ikusarazi nahi ditu, eguneroko basakeriaren aurrean elkartasun eta ekintza sareak eraikitzeko helburuarekin.

2025eko urriaren 6an izango da, astelehena, Bilborock aretoan (Mesedeetako kaia, 1, Bilbo), 19:00etan. Urriaren 7ko urteurrenaren bezperan, Palestinako herriak bizi duen tragedian inflexio-puntua ezarri zuen egunean, SOL Band taldearen emanaldiarekin itxiko dugu topaketa, minaren erdian ere eutsi eta loratzen den kulturaren adierazpen bizi gisa. SOL Gazako musika taldeak folk palestinarra eta pop garaikidea uztartzen ditu.

Sarrera doakoa da, aretoa bete arte.