Sudan: ospitale baten aurkako eraso bortitzak nazioarteko komunitateak jardun dezan balio behar du

Sudaneko gatazkatik ihes egiten duten pertsonak Jodako pasabidean elkartzen dira © ACNUR/Ala Kheir

Azken egunotan, Sudanen, Laguntza Azkarreko Indarren (FAR) erasoak izan dira, besteak beste, ospitale baten kontra; eta litekeena da mila biktima baino gehiago eragin izana.

Jatorrizko adierazpena Estatuko Koordinakundearen webgunean ikus dezakezu.

Sudanen azken egunotan gertatzen ari den indarkeriaren gorakadaren aurrean (OMEren arabera, Al Fasher hiriko ospitale baten aurkako erasoan 460 pertsona hil dituzte), Estatuko Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak mundu osoko hainbat erakunderekin bat egin du gatazkan inplikatutako alde guztiei berehalako su-etena, biztanleria zibilaren bizitza bermatzeko neurriak eta laguntza humanitarioa segurtasun baldintzetan eskuratzeko sarbidea eskatzeko.

Koordinakundearen ustez, Laguntza Azkarreko Indarrek (FAR, gaztelaniazko siglengatik) hiria hartu ondoren Saudi Teaching Maternal Hospital ospitaleari egindako eraso bortitzak ohartarazpen gisa balio beharko luke, inguruko potentziek eta nazioarteko komunitate osoak beste alde batera begira ez dezaten, premiaz jardutea ezinbestekoa dela ikus dezaten, eta herritarrak babestuko dituen eta gatazkari amaiera ematen hasi ahal izateko ekintza koordinatu dezaten. Sudango gatazkak dagoeneko bi urte eta erdi iraun du.

Bi urteko gerra, ihesa eta gosetea

2023ko apiriletik, Laguntza Azkarreko Indarren eta herrialdeko indar armatuen (gobernuan 2021eko estatu-kolpetik) arteko gerra zibilean murgilduta bizi da Sudan. Gatazkak 150.000 pertsona inguru hil ditu, 13 milioi pertsona ihes egitera behartu ditu, eta herrialdea gosetearen atarian jarri du: 25 milioi pertsonak ez dute bizirauteko elikagai nahikorik, Nazio Batuen datuen arabera.

Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna

Nazioarteko erakundeak eta Nazio Batuek nazioarteko komunitatearen erantzun irmoa eskatzen ari dira, honako hauek bermatzeko:

  • Laguntza humanitarioa modu seguruan, nahikoan eta etengabean ematea.
  • Biztanleria zibilaren aurkako erasoak eta emakumeei zein haurrei egindako abusuak amaitzea. Giza eskubideak bermatu egin behar dira.
  • Nazioarteko auzitegi eskudunek ikerketak abiaraztea, gizateriaren aurkako balizko krimenak ikertzeko.
  • Bake akordioak sinatzea, erreparazioaren, justiziaren eta memoriaren bideari ekiteko.
  • Biztanleria zibilaren eta komunitateen protagonismoa bakea eraikitzeko prozesuetan; giza eskubideen defendatzaileei eta bizikidetzaren eta bakearen alde lan egiten duten tokiko erakundeei laguntzea.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat