Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko NARE Programarako hautagaiak aurkezteko epea zabalik

2026an giza eskubideen defendatzaileak babesean hartzeko NARE programaren aurkezpena. Argazkia: IREKIA
  • Giza eskubideen defentsan egiten duten lanagatik mehatxuak, jazarpenak edo haien eta haien familien bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jartzen duten egoerak jasaten dituzten pertsonak babesten ditu programak.
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundea NARE programaren hautagaitzak ebaluatzeaz eta babestutako pertsonak hautatzeaz arduratzen den Aholku Batzordeko kide da.
  • Euskal erakunde, elkarte eta GKEek urriaren 15era arte aurkez ditzakete hautagaitzak.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren bitartez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko NARE Euskal Programara hautagaiak aurkezteko epea ireki du. Euskadiko erakunde, elkarte eta GKEek urriaren 15ra arte aurkez ditzakete hautagaiak. Egiten duten lanagatik mehatxuak, jazarpenak edo arrisku-egoerak —haien eta haien familien bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jartzen dutenak— jasaten dituzten pertsonak babesten ditu programak.

Beste urte batez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak NARE programaren deialdia egin du. Zehar-Errefuxiatuekin batera eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntzarekin kudeatzen du. Ekimen horren bidez, giza eskubideen defentsan egiten duten lanagatik mehatxuak, jazarpenak edo arrisku-egoerak —haien eta haien familien bizitza, osotasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan jartzen dutenak— jasaten dituzten pertsonak hartzen dira sei hilabetez Euskadin. Harrera eta akonpainamendu psikosozialaz gain, NARE programak harreman instituzionalen agenda eta ekitaldi publikoak antolatzen ditu; ondoren, jatorrizko herrialdera itzultzen direnean, jarraipena egiten die, beren ongizatea ziurtatu eta lana ikusarazteko.

Euskadiko erakunde, elkarte eta GKEek gaurtik urriaren 15ra bitartean aurkez ditzakete hautagaitzak, webgunean dauden formularioen bidez, eta Zehar-Errefuxiatuak elkartearen helbide elektronikora bidali: programa.proteccion@zehar.eus.

Giza eskubideak mehatxupean

Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak programa honen garrantzia azpimarratu du, giza eskubideak «mehatxupean» dauden egungo egoeran. Haren ustez, NARE programa 14 urtez sustatzeak «gizarte gisa definitzen gaitu, giza duintasuna defendatzen dutenak babesten ditugulako». Azaldu duenez, Euskadik pertsona horiekin duen konpromisoa ez da Euskadin dauden hilabeteetara mugatzen: «Gure konpromisoa epe luzekoa da. Haien herrialdeetara joaten gara, nola dauden ikusteko eta NARE programaren bidez hartutako pertsonei Euskadik laguntzen eta babesten jarraitzen duela erakusteko».

Aurkezteko epea amaitu ondoren, Giza Eskubideen eta Biktimen Zuzendaritzak Aholku Batzordea deituko du. Batzorde hori giza eskubideetan adituak diren erakunde eta entitateek osatuko dute (horien artean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak), hautagaiak ebaluatzeko eta Euskadin sei hilabetez hartuko diren hiru pertsonak aukeratzeko, arrisku eta genero irizpideak lehenetsita. Hautagaien artean, emakumeek, LGTBIQ+ pertsonek, eta lurraren, lurraldearen eta ondasun komunen defentsan lan egiten dutenek izango dute lehentasuna, nekazariak, indigenak eta afroondorengoak barne.

Programa 2011n jarri zen abian, eta funtsezko elkartasun-tresna izan da giza eskubideen defentsan beren jatorrizko herrialdeetan arrisku eta jazarpen larriei aurre egin behar dieten pertsonak babesteko. Hamalau urte hauetan 41 pertsona hartu dira, horietatik 28 emakumeak (25 heldu eta 3 haur) eta 14 gizonak (11 heldu eta 3 haur). Gehienak Hego eta Erdialdeko Amerikakoak ziren: Kolonbia, 25; Guatemala, 5; Honduras, 4; El Salvador, 3; Ekuatore Ginea, 2; Peru, 1; Nikaragua, 1; eta Sahara, 1.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat