HASIERA: urria 1, 2025
BUKAERA: urria 29, 2025
NON: Lau sesio online eta aurrez aurreko saio bat Basoa Defendatzaileen Etxean (Bildosola auzoa 12, behea 1 48412 - Artea, Bizkaia)
ORDUTEGIA: Online sesioak: 15:00-16:45 / Aurrez aurreko saioa: 10:00-17:00

Zer garrantzia du ikuspegi dekolonialak eta intersekzionalak Euskal Herritik pertsona defendatzaileei bidelaguntza ematen diegunotzat?
Euskal Herriko erakunde, kolektibo eta sare askok giza eskubideak defendatzen dituzten eta horregatik arriskuan dauden pertsonak eta komunitateak laguntzeko eta babesteko lan egiten dugu. Gizarte justiziarekin dugun konpromisotik, harremanetik eta hura lortzeko desiotik egiten dugu. Baina botere harremanek, pribilegio historikoek eta egitura kolonial eta arrazistek gure praktiketan eta ikuspegietan irauten dute eta gure lana zeharkatzen dute.
Sistema ekonomiko neoliberala, kapitalista, zisheteropatriarkala, arrazista eta koloniala hazkunde mugagabean eta baliabideak, energia eta gorputzak kontsumitzean oinarritzen da, kapitala metatzeko helburuz. Iparralde globalak lurraldeak espoliatzen ditu, desparekotasunak eta zapalkuntzak eragiten ditu, eta indarkeria estrukturala, jazarpena eta eraso selektiboak areagotzen ditu alternatibak eraikitzen eta eskubideak defendatzen dituzten horien aurka.
Guk sustatzen dugun babesak ikuspegi feminista, dekoloniala, intersekzionala eta antirrazista du, eta gure lurraldeetatik zubi sendoagoak, iraunkorragoak eta ardurakideagoak eraikitzera bultzatzen gaitu. Saihets ezin daitezkeen deserosotasunak bizitzea erronka beharrezkoa da gaur egun: arrazakeriaren aurkako mugimenduetan parte hartzea nortasun zuritik, aliatu feminista izatea subjektibitate maskulinotik, eta nazioarteko lankidetzaren pean ematen diren nazioarteko bidelaguntza, babesa eta giza eskubideak deskolonizatzea. Posible ote da?
Hortaz, entzuteko, kritikoki hausnartzeko eta elkarrekin sortzeko prozesu kolektibo batera gonbidatzen zaituztegu. Horren bitartez, Iparralde globalaren “babes integraleko” logikak nola eratzen diren aztertu nahi dugu, eta laguntzeko beste modu batzuk praktikatzeko beharrezkoak diren elementuak esploratu, botere-logikak errepikatu gabe, besteen ordez hitz egin gabe, salbatu gabe.
Noiz?
Lau online sesio: 2025eko urriaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an. 15:00etatik 16:45era.
1. Erroko pentsamenduak, ikusten ez duguna: Babes internazionalean eta giza eskubideen arloan dauden kolonialismoa eta arrazakeria lantzea.
2. Beste imajinario batzuk usaintzea: Esperientzia dekolonialak eta intersekzionalak beste arlo batzuetan (esku-hartze soziala, sindikalismoak…).
3. Entzutea anplifikatzea: Babes eta laguntza esperientziak feminismoetatik, antirrazismotik, internazionalismotik…
4. Begirada deszentratzea: Pertsona defendatzaileek eta lagundutako erakundeek zer eskatzen duten ikusteko.
Aurrez aurreko saio bat: 2025eko urriaren 29an, asteazkena. 10:00etatik 17:00etara Basoan (Bizkaia).
5. Barruak eta bihotza deskolonizatzea: Praktikak eraldatzea, erronkak eta aukerak identifikatzea.
Saioen artean zenbait galdera proposatuko ditugu, zuen eremuetara eraman ditzazuen, hausnarketa kolektiboa elikatzeko.
Nola?
Ezinbestekoa izango da Hegoaldeko epistemologiek eskaintzen dituzten proposamenei eta lagundutako pertsonen esperientziei entzutea. Halaber, intersekzionalitatea aintzat hartzeko eta pribilegioak kolokan jartzeko prozesuak beste arlo batzuetan abiatu dituzten horiekin hitz egingo dugu, beste narratiba batzuk irudikatzeko. Memoriarik gabe, etorkizuna lausotzen da; beraz, jatorriak berrikusiko ditugu, eta internazionalismoaren, elkartasunaren eta aliantza eta sare feministen eginkizuna aintzat hartuko dugu, bizitza defendatzeko estrategiak diren aldetik.
Hainbat lurraldetako erakundeekin hitz egingo dugu, gure testuinguruetatik, nortasunetik eta pribilegioetatik; eta pertsona eta komunitate defendatzaileak babesteko eta laguntzeko lanean eragiten duten mailei eta botereei buruz hausnartuko dugu.
Bideratzaileek eremu zaindu bat sortzeko gakoak adostuko dituzte, entzuteko eta begirada zabaltzeko aukera emango dutenak. Halaber, gure buruari galdetu beharko diogu nola gauzatu praktikan narratiba feminista, dekolonial, antirrazista eta intersekzional horiek, hizkuntza aldatzeaz harago. Agian, galdera gehiagorekin irtengo gara, prozesu horrek zeharkatzen baitizkigu burua, begirada, bihotza eta barruak.
Ibilbide orria eta prozesuan ikasitakoa sistematizatuko dugu.
Nor?
Pertsona defendatzaileak, erakundeak eta komunitateak babesteko eta/edo laguntzeko proiektuak dituzten kolektiboei eta erakundeei dei egiten diegu. Eta zuen egunerokoan gai honetaz kezkatzen zareten horiei ere. Gonbidapen zuzena da (ez da deialdi irekia, baina interesa izan dezakeen inor ezagutzen baduzu, jarri gurekin harremanetan).
Prozesua bera eta gure burua eta besteak zaintze aldera, bost saioetan parte hartzeko konpromisoa eskatzen dugu, edo behintzat, parte hartze hori erakunde bereko bi pertsonen artean banatzea, jarraipena emateko helburuz. Badakigu erakunde guztiek ez dituztela baliabide eta kide kopuru berdinak, beraz, parte hartzeko denbora hori eta garraioa ordaintzeko funts bat dugu, behar duzuenontzat (izena emateko orrian adierazi).
Parte hartu nahi baduzu
Erantzun email honetara zure interesa adierazteko eta galdetegi honen bitartez izena emateko. Egin ezazu ahalik eta lasterren, parte-hartzaile kopuru mugatua baitago. Eremu horretan parte hartzera animatzen zaitugu. Hura laborategi, aterpe eta ispilu izango da aldi berean. Zaintzako eremua. Entzuteko, deseroso sentitzeko eta elkarrekin sortzeko prozesu partizipatiboa.
Dinamizatzailea: Nazioarteko Bake Brigadak (PBI-EE).
Laguntzaileak: eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia eta Bilboko Udala.
Nazioarteko Bake Brigadek bultzatutako prozesua (PBI-EE)
PBI 1981ean sortutako nazioarteko erakundea da. Gure ustez, edozein pertsonak eta kolektibok gatazka baten eraldaketa baketsuan lagun dezake. Erakundeak nazioarteko bidelaguntza eta babesa ematen die giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonei, erakundeei eta komunitateei, haiek hala eskatzen dutenean. Nazioarteko brigadisten presentziak indarkeria ekiditen laguntzen du, eta horretarako tokiko, eskualdeko eta nazioarteko babes sare bat dugu, eta eragiteko, informazioa zabaltzeko, eta sentsibilizazio, hezkuntza eta komunikazio ekintzak garatzeko lan egiten dugu. Hori guztia babes eta segurtasun pertsonala, fisikoa, juridikoa, digitala eta psikosoziala uztatzen dituen ikuspegi integral eta holistiko batetik. Kolonbia, Guatemala, Honduras, Mexiko, Costa Rica, Kenya, Indonesia eta Nepalen. 14 talde nazionalekin (Amerika, Ozeaniaeta Europa).