Eraikuntza komunitarioaren erronkak: Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko VIII. Jardunaldietako bideoak ikusgai

Jardunaldietan solasaldi bat eta mahai-inguru bat izan ziren. Argazkiak: Euskadiko GGKEen Koordinakundea
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, eLankidetzak eta Hegoa Institutuak urtero antolatzen duten Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko topaketak 100 pertsona inguru bildu zituen Donostian apirilaren 3an.
  • Maider Elortegi Uriarte eta José Luis Fernández Casadevante ‘KOIS’ adituek eman zioten hasiera jardunaldiari. Eta hainbat esperientzia partekatu ziren: besteak beste, Bideratze eta Aldaketa Institutua (IIFACe), Kaleko Afari Solidarioak, SOS Arrazakeria eta Cala Kolektiboa.
  • Bi mahai-inguruetako bideoak ikusgai daude jada Koordinakundearen YouTubeko kanalean.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Hegoa Institutuak eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero antolatzen dituzten Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko VIII. Jardunaldiak 2025eko apirilaren 3an izan dira, 09:30etik 17:30era, Gipuzkoako Medikuen Elkargoan (Frantzia pasealekua, 12 – Donostia), Eraikuntza komunitarioaren erronkak gizarte eraldaketan izenburupean.

Jardunaldietako argazki galeria hemen dago eskuragarri. Eta jarraian, jardunaldietan egindako bi mahai-inguruetako bideoak ikus ditzakezue:

Solasaldia: Maider Elortegi Uriarte eta José Luis Fdez. Casadevante ‘Kois’

Goizean, izen-ematearen eta ongietorri ekitaldiaren (09:15-09: 30) ondoren, gaian ibilbide luzea duten Maider Elortegi Uriarte eta José Luis Fdez. Casadevante KOIS’ adituek Cala Kolektiboko Miguel Esquembre Gonzálezek bideratutako inaugurazio hizketaldi batean parte hartu zuten, 09:30etik 11:30era.

  • Maider Elortegi Uriarte 18 urteren ondoren Mexikotik itzuli den euskal herritarra da. UNAMeko Latinoamerikako Ikasketen Graduondokoa, Mexikon eta Bolivian herri eta komunitate hezkuntzan, memorian eta lurralde sareetan espezializatua. Antolakuntza prozesu autonomoekin eta magisteritzako herri mugimenduarekin lotuta. Gizarte eta hezkuntza atzerapen handiko eremuetan goi-mailako hezkuntzako programa publikoak sortzen parte hartu du.
  • José Luis Fdez. Casadevante ‘KOIS’ soziologoa da, eta nazioarteko aditua elikadura burujabetzan, Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean. Bere lana trantsizio ekosozialekin lotutako ikerketak, prestakuntza prozesuak eta ekimenak bultzatzea da. Auzo mugimenduaren aktibista da duela hamarkada bat baino gehiagotik, eta gaur egun hiri-nekazaritzako proiektuak sustatzen dihardu.
Esperientziak: IIFACe, KAS, SOS Arrazakeria eta Cala Kolektiboa

Hasierako solasaldiaren eta kaferako etenaldiaren ondoren, 12:00etatik aurrera, eraikuntza komunitarioan giza eskubideen ikuspegia aplikatzeko hainbat esperientzia ezagutu genituen, lau erakunderen eskutik, Cony Carranza Castro herri-hezitzaile feminista antirrazistak bideratutako mahai-inguru batean:

  • IIFACe – Instituto de Facilitación y Cambio: Mabel Cañada Zorrilla. IIFACe 2007an sortu zen, bideratze-teknikei buruzko prestakuntza jaso ondoren kezka bera partekatzen zuten hainbat pertsonaren ekimenez: taldeak bideratzea eraldaketa ekosozialerako tresna gisa. Bideratzea gauzak errazteko artea da, taldeei une bakoitzean kontzienteago izaten lagunduko dien pertsona edo talde bideratzaile bat txertatuz: talde-prozesuen kalitatea hobetuz, denbora aurreztea, prozesuen eraginkortasuna hobetzea, gatazkak prebenitzea eta eraldatzea, parte-hartzea sustatzea…
  • KAS – Kaleko Afari Solidarioak: Koldo Tellería Andueza. Donostiako kaleetan bizirauten duten pertsonei afari solidarioa eskaintzean datzan ekimen herritar, komunitario, kolektibo, boluntario eta autofinantzatua da. Zehazki, Plaza Berrin zein Amara eta Egia auzoetan antolatzen dira afariak.
  • SOS Racismo: Tatiana Bellorín Espinoza. Joan den urtean, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta EHUko Gizarte Psikologia Sailarekin lankidetzan, etxeko langile migratzaileentzako trebakuntza politikorako eskola bat bultzatu zuen, Errenterian, Donostian, Irunen eta Hernanin. 90 emakumek baino gehiagok parte hartu zuten, beren eskubide soziolaboralak identifikatzeko eta defendatzeko gaitasunak indartuz, eta haien urraketez zein antolatzeko beharraz jabetuz.
  • Colectivo Cala:Miguel Esquembre González. Ecofuturo rural!? proiektua Alburquerquen (Extremadura) gazteekin egindako lan komunitarioaren emaitza da, gazte horiei «eskaintzen» ez zizkieten espazioak bilatzeko helburuarekin. Behetik gorako eraikuntzaren adibide bat da. Osasun mentalaren eta larrialdi klimatikoaren arteko lotura planteatu da, baina baita krisi klimatikoaren ondorioz migratzen duten pertsonen egoera ere.

Arratsaldean, bazkariaren (14:15-15:15) ostean, talde lanaren bidez gaiari buruz elkarrekin hausnartzeko aukera izan genuen, 15:15etik 16:45era. Helburua funtsezko ideiak eta ekintza zehatzak identifikatzea izan zen, gizartea eraldatzeko prozesuei begirako eraikuntza komunitarioan aurrera egiteko.

ENTRADAS RELACIONADAS

Antolatutako gizarte solidario batetik, inor atzean utzi gabe

Irene Molero Euskadiko GGKEen Koordinakundeko koordinatzaile nagusiak nazioarteko lankidetzari buruz Sabino Arana Fundazioak Bilbon antolatutako hitzaldi batean parte hartu du. Solasaldiaren harira, gaiari buruz hitz egin du Onda Vasca irratiarekin izandako elkarrizketa batean ere.

Utzi erantzun bat