Elkartasunaren kriminalizazioa El Salvadorren

El Salvadorko Legegintza Batzarrak Atzerriko Eragileen Legea onartu du. Argazkia: www.asamblea.gob.sv

El Salvadorko azken gertakariak ikusita, eta Atzerriko Eragileen Legea onartzeari dagokionez, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ohar hau idatzi du, egoerarekin oso kezkatuta.

El Salvadorren lan egiten dugun Euskadiko erakundeok elkarrekin bildu gara, egoera aztertu dugu, eta garrantzitsutzat jotzen dugu informazio hau zabaltzea. Egoeraren larritasuna eta gertaerak zer-nolako abiaduran gertatzen ari diren ikusita, joan den astean herrialdean zer jazo zen laburtzen saiatu gara, baita gure kezkak eta gure proposamena laburbiltzen ere.

El Salvadorren, 2022ko martxoaz geroztik, salbuespen-erregimena dago indarrean. Erregimen horrek, gobernuaren segurtasun-estrategia baten barruan, bertan behera utzi ditu eskubide konstituzionalak. Erregimena arrakastatsutzat jotzen den arren, 85.000 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, horietako asko frogarik eta epaiketarik gabe. Hau da, herrialdeko biztanleria helduaren %2,5 inguru sartu ditu espetxean. Salbuespen-erregimeneko hiru urte hauetan, giza eskubideen 7.000 urraketa dokumentatu dira, gutxi gorabehera. Gehienak nahieran egindako atxiloketekin eta adierazpen, elkartze eta prentsa-askatasunerako eskubidearen urraketekin lotuta daude. Gobernuak gero eta botere gehiago bereganatu du, erakunde independenteak ahuldu ditu eta parte hartzeko tartea itxi die herritarrei. El Salvadorren ez dago gehiegikerien edo kriminalizazioaren aurrean babesa berma dezakeen estatu-erakunde independenterik.

«Salbuespen-erregimeneko hiru urte hauetan, giza eskubideen 7.000 urraketa dokumentatu dira, gutxi gorabehera»

Kasu honetan, joan den astelehenean, El Salvadorko estatuak erasoak egin zituen El Bosque kooperatibako (El Triunfo kantoia, Santa Tecla, La Libertad) biztanleen aurka: indarraren gehiegizko erabilera, atxiloketak, manifestazio baketsuetan eta kazetaritzan aritzeko eskubidea oztopatzea, mehatxuak, etab. Era berean, manifestazio publikoari babesa ematen dioten defendatzaile eta kazetari komunitarioen aurka ere jo zuen. Gobernuak, egoitza galtzeko arriskuan zeuden komunitateek manifestazio baketsu baten bidez beren ahotsa adieraztea eta beren eskubideak aldarrikatzea eragozteko, hainbat neurri bortitz hartu zituen Polizia Militarraren eta UMOren eskutik. Neurri horien helburua ez da, soilik, adierazpen eta bilera baketsurako askatasunerako eskubidea isilaraztea. Printzipio demokratikoen eta gainerako giza eskubideen aurkako ekintza ere bada.

Gertaera horren ostean, joan den asteartean, maiatzak 13, El Salvadorko Errepublikako presidenteak X sare sozialaren bidez jakinarazi zuen Legegintza Batzarrari Atzerriko Eragileen Lege proposamen bat aurkeztuko ziola; eta lege hori astearte honetan, maiatzaren 20an, onartu egin dute. Legeak, besteak beste, GKEek jasotzen dituzten dohaintza guztien gaineko %30eko zerga ezarri du. Gainera, argitalpen horretan salaketa gogorrak plazaratzen dira herritarrek egindako protesta-ekintza baketsuei zilegitasuna kentzeko, eta komunitateekin batera zilegitasun osoz ari diren Gkeak jartzen dira jomugan.

«Lege hori itzulerarik gabeko puntua izan daiteke. Erakunde sozialen aurkako jazarpena instituzionalizatu dezake, eta urratsak eman ditzake El Salvadorko elkarte sare kritiko osoa desagerrarazteko bidean»

Lehenik eta behin, erabat larrituta gaude lege hori onartzeak ekar ditzakeen ondorioekin, eta goitik-behera arbuiatzen ditugu El Salvadorko gizarte zibileko erakundeei eta nazioarteko GKEei herritarren manipulatzaile izatea egozten dieten salaketak. Lege hori itzulerarik gabeko puntua izan daiteke. Erakunde sozialen aurkako jazarpena instituzionalizatu dezake, eta urratsak eman ditzake El Salvadorko elkarte sare kritiko osoa desagerrarazteko bidean.

El Salvadorko erakundeok, nazioarteko erakundeen moduan, arautzen gaituzten nazioko eta nazioarteko esparruaren arabera betetzen ditugu gure administrazio eta finantza-betebeharrak, eta berdin betetzen ditugu erakunde emaileekin eta onuradunekin ditugun kontratu-konpromisoak eta kontu-emateak. Hala jarduten dugu herrialdean abian jarritako proiektu guztietan.

Nazioarteko lankidetzak, gizarte zibilaren bidez, kalteberatasun-egoera handiagoan dauden biztanleei laguntzen jarraitzen du, eta, hein handi batean, El Salvadorko estatuak bere gain hartzen ez dituen zereginak eta betebeharrak estaltzen ditu.

Azpimarratu behar da ez dela kontsulta-prozesu egokirik izan tartean dauden eragile sozialekin. Legeak tramitetik salbuetsita onartzeko mekanismoa ohikoa izan da 2021az geroztik. Legea 2021ean onartu nahi izan zen parametro berberekin arautzen bada, eragileek segurtasun juridikoa galduko lukete «atzerriko eragile» kontzeptu lausoaren baitan, eta «helburu politikoetarako edo beste batzuetarako jarduerak egitea» egotzita kriminalizatu ahalko lirateke.

«[Atzerriko Eragileen Legearen ondorioz] eragileek segurtasun juridikoa galduko lukete ‘atzerriko eragile’ kontzeptu lausoaren baitan, eta ‘helburu politikoetarako edo beste batzuetarako jarduerak egitea’ egotzita kriminalizatu ahalko lirateke»

Horrez gain, legea maltzurkeriaz erabiltzen ari dira iritzi publikoaren aurrean. Izan ere, lege horren helburua, diru-bilketa hutsetik haratago, gizartea kontrolatzea da. Lankidetza-eragile guztiok giza eskubideen ikuspegitik jarduten dugu, herritarrek politika publikoetan eta herrialdearen bilakaeran parte hartzea sustatzen duen ikuspegitik hain justu. Hori dela eta, lege berri horren irizpideen barruan, edozein erakunde kriminalizatu dezake gobernuak, eta edozein erakunde behartu dezake bere jarduna etetera, antzeko araudiak dituzten beste herrialde batzuetan gertatu den bezala.

Gure ustez, konfiskatzeko grinaz haratago, lege horrek nazioarteko akordioak urratuko lituzke, demokraziarako eta bakerako funtsezkoak diren eskubide kontsakratuak urratzeko bidea ematen duelako. Besteak beste, pentsamendu- eta adierazpen-askatasuna, elkartzeko askatasuna, prentsa-askatasuna, herritarren parte-hartzea eta eskubideen defentsari egingo lieke kalte.

Horregatik guztiagatik, premiaz eskatzen dugu:

1. Estatu, ministerio, parlamentu, udal, lankidetza-agentzia eta gizarte zibileko beste eragile batzuek adieraz dezatela Atzerriko Eragileen Legea onartzearen aurka daudela.

2. Beste estatuetan dagoen El Salvadorko diplomazia-kidegoaren aurrean intzidentzia-kudeaketak egin ditzatela, joan den maiatzaren 13an presidenteak iragarritako eragile atzerritarren lege-proposamena onartzea geldiarazteko.

3. Estatu, ministerio, parlamentu, udal, lankidetza-agentzia eta gizarte zibileko beste eragile batzuek azpimarra diezaiotela El Salvadorko estatuari zer onuragarriak diren nazioarteko lankidetzaren eta El Salvadorko eta nazioarteko gizarte zibileko eragileen ekarpenak, eta zer baliagarriak diren zuzenbide osoko estatu bat kolektiboki eraikitzeko eta giza eskubideak babesteko.

4. El Salvadorko gobernuari eskatzea errespeta ditzala berak sinatutako giza eskubideen nazioarteko itunak eta horietatik eratortzen diren betebeharrak, hala nola Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Giza Eskubideei buruzko Amerikako Konbentzioa; batik bat, elkartze eta adierazpen-askatasunerako eskubideari eta gai publikoetan parte hartzeko eskubideari dagokienez.

Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Donostian, 2025eko maiatzaren 19an (2025eko maiatzaren 21ean eguneratuta)

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat