Zein da pobreziaren sortzailea?

NORTZUK GARA Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea 1988an sortu zen kide diren garapenerako GKEen (GGKE) jarduerak ahalik eta koordinatuenak, koherenteenak, egokienak eta errespetuzkoenak direla ziurtatzeko, eta horrek berekin dakar elkarren artean, hausnartzea, eztabaidatzea eta lan egitea. Hasieran 11 kide fundatzailez osatu bazen ere, egun 80 GGKE ditu bere barnean eta 140 egoitza baino gehiago Euskadiko lurraldeetan.

Koordinakundea garapen lanetan diharduten GKEez osaturiko kolektibo bat da. GGKE hauek Jokabide Kode amankomun bati atxikitzea erabaki dute eta horrela egitura antolatu bat osatu dute lankidetzaren eta garapenerako hezkuntzaren arloetan lan egiteko, genero ekitatean oinarritutako giza garapen iraunkorraren paradigmari jarraituz. Hona hemen Koordinakundearen lan arlo garrantzitsuenak:

  • Kalitatezko garapenerako lankidetza sustatzea, euskal erakunde publiko zein pribatuen artean eta Koordinakundeko kide diren erakundeen artean.
  • Koordinakundeko kide diren erakundeen prozesuei laguntzea, dauzkaten gaitasun politiko zein teknikoak indartuz.
  • Gure inguruneko eraldaketa soziala bultzatzea, herritarren artean elkartasunaren kultura sustatuz, desberdintasuna eta pobrezia sortzen duten egiturak aldatuz eta gure garapen eredu patriarkal eta neoliberalak pobreziarekin eta Iparra-Hegoa desberdintasunekin daukan harremanari buruzko eztabaida kritikoa bideratuz.

Hori guztia aurrera eraman nahian, Koordinakundeak topaketa, eztabaida eta gogoeta espazioak eskaintzen ditu kide diren erakundeek irizpide komunak sor ditzaten. Eragina izaten ahalegintzen da politikoki eta sozialki, aliantzak egiten ditu beste mugimendu sozial batzuekin eta presentzia publiko esanguratsua izaten saiatzen da. Horrekin batera, erakundeei laguntzen die beren lanean, dauzkaten gaitasunak indartzen ditu, beren arteko aliantzak bideratzen ditu eta kolektiboaren esku jartzen ditu kide bakoitzak dauzkan baliabideak, eta alderantziz.

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen lana eraldaketa sozialaren esparruan kokatzen da, desberdintasunak gaindituz eta mundu justuago baten alde borroka eginez. Mundu osoko beste hainbat talde sozialek bezala, geurea egin dugu Beste mundu bat posible da leloa. Testuinguru horretan, garapenerako lankidetzak oinarritzat dauzka elkartasuna, desinteresa eta dohaintasuna; garapenerako lankidetza ez da transferentzia ekonomiko hutsa, herri pobretuekin lan egiten da giza garapena eragozten duten oztopoak ezabatzeko, hezkuntza lortzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko eta ohartarazteko badirela hori guztia eragozten duten hainbat mekanismo. Koordinakundeak, halaber, kide diren erakundeen ekintzak zuzentzen dituzten baloreak islatu behar ditu. Garrantzi berezia ematen diogu demokrazia parte-hartzailea, independentzia, gardentasuna, koherentzia eta genero ekitatea lantzeari.

CORDINADORA DE ONGD DE EUSKADI

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundearen lana ezagutu dezakezu webgune honetan: www.ongdeuskadi.org, baita non gauden ere.