Zein da pobreziaren sortzailea?

ZEIN DA ZEIN? Genero ezberdintasuna, patriarkatua eta matxismoa.

Genero ezberdintasuna, patriarkatua eta matxismoa.

Kapitalismoak populazioen arteko desberdintasunak handitu eta pobrezia eta bazterketa sortzen ditu, baina nola gainera patriarkala den, dakartzan kalteak askoz ere handiagoak dira emakumeentzat. Kapitalismoak eta patriarkatuak elkar sostengatzen dute. Sistema patriarkalak justifikatu egiten du emakumea gizonaren azpian zapaldua, menperatua eta baztertua egotea. Beraz, kapitalismoak ezberdin pobretzen ditu gizonak eta emakumeak eta emakume aurpegia jartzen dio pobreziari Iparraldeko nola Hegoaldeko gizarteetan. Emakumeek janari guztien %70 ekoizten dute eta munduko lanaren bi heren egiten dute, baina gizonezkoek irabazten dutenaren hamarrena irabazten dute eta lur-azaleraren %1aren jabe baino ez dira. Eta nor arduratzen da pertsonak zaintzeaz, gure gizartean hain gutxi baloratzen eta aintzat hartzen den funtsezko zeregin horretaz?