- Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak ere ospakizunarekin bat egingo du, besteak beste, Lankidetzan Euskaraz ataria zabalduz eta Nazioarteko Lankidetza Hiztegiaren erabilera sustatuz.
- Koordinakundeko Euskara Gunea lantaldearen hurrengo bilera abenduaren 18an izango da, 10:00etan, 2026ko plangintza egiteko. Izan ere, besteak beste, 24. Korrika izango da martxoan.
Bai Euskarari, Euskaraldia, Korrika… eta abenduaren 3an, asteazkenean, Euskararen Nazioarteko Eguna. Ekimen, data edo kanpaina zehatzekin bat egiteaz gain, Euskadiko GGKEen Koordinakundetik urte osoan zehar euskararen erabilera sustatzen dugu nazioarteko lankidetzaren sektorean, GGKEetan eta gure erakundean.
Besteak beste, GGKEei zuzendutako formakuntzak antolatzen ditugu. Horrez gain, Koordinakundearen webgunean Lankidetzan Euskaraz ataria dago martxan. Atal horrek euskararen erabilera sustatu nahi du hainbat baliabideren bitartez: euskara maila ezagutzeko eta hobetzeko tresnak, dokumentu-ereduak, zuzentzaileak, itzultzaileak, hiztegiak, euskara ikasteko baliabideak, diru-laguntzak…
Gainera, 2024. urtearen amaieran, Nazioarteko Lankidetza Hiztegia argitaratu genuen, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean. Dokumentuak lankidetzaren arloko ohiko hitzak, kontzeptuak eta siglak biltzen ditu, euskaraz.
Euskara Gunearen bilera
2023ko Euskara Planak gure lanaren norabidea markatzen du helburu horietan aurrera egiteko, eta Euskara Gunea lantaldeak plan horren betetze-mailaren jarraipena egiten du, baita garatu beharreko jarduerak planifikatu ere.
Hain zuzen ere, lantaldearen hurrengo bilera abenduaren 18an izango da, ostegunean, 10:00etatik 11:30era, 2026ko plangintza egiteko. Besteak beste, 24. Korrika izango da datorren urtean, martxoaren 19tik 29ra Atharratzetik Bilbora. Berriz ere, lankidetzatik euskara sustatzeko eta Korrika bezalako ekitaldi handi batean euskal GGKEen lana ikusarazteko aukera paregabea izango da.
Koordinakundeko GGKEetako kideak bileran parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, bai eta urtean zehar lantaldean inplikatzera ere, lankidetzan ere euskarak aurrera egin dezan. Bileraren nondik norakoak ezagutu nahi dituztenek gipuzkoa@ongdeuskadi.org helbide elektronikora idatzi dezakete.



