- Ostiral honetan, urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Zero Pobrezia plataformak kale-ekintza bat egin du Donostiako Portuan.
- Hainbat ekintzailek uretan murgildu dituzte Donald Trump, Benjamin Netanyahu eta Santiago Abascal, «giza eskubideak» hitzarekin batera, gorroto diskurtsoek eta eskuin muturraren politikek dakarten arriskua salatzeko.
- Gizarte erakundeek herritarrei dei egin diete mehatxu horren aurrean tresnak, informazioa eta mobilizazioa erabiltzeko, eta instituzioei exijitu diete mugimendu horiek «isolatzeko», aurrera egin ez dezaten.
Pobrezia eta Bazterkeriaren aurkako Astearen barruan hainbat jarduera antolatu ondoren, ostiral honetan, urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Zero Pobrezia plataformak kale-ekintza batekin esnarazi ditu Donostiako herritarrak, eskuin muturraren gorakadaz eta demokraziaren krisiaz ohartarazteko.
Goizeko 09:30ak aldera, plataforma osatzen duten hamabi erakundeetako aktibistek Donald Trump, Benjamin Netanyahu eta Santiago Abascalen hiru erreplika erraldoi sartu dituzte Donostiako Portuko uretan, Kontxako badian. Hiru buruzagi ultraeskuindarren irudiekin batera, «Giza eskubideak» zioen kartel erraldoi bat ere flotarazi dute.
Ekintzaren bidez, GGKEek eta gizarte erakundeek metaforikoki islatu nahi izan dute gorroto diskurtsoek eta eskuin muturrak sustatutako politikek demokrazia «hondoratu» eta giza eskubideak «ito» egiten dituztela. Gainera, ohartarazi dute ultraeskuinak aurrera egiteak «zuzenean» eragiten diela pobreziaren aurkako borrokari eta desberdintasunen gorakadari, alderdi horiek «eskubide sozialak murrizten dituztelako, oinarrizko zerbitzuak pribatizatzen dituztelako, migratzaileak kriminalizatzen dituztelako eta larrialdi klimatikoa ukatzen dutelako».



















Kritikatu dutenez, «Donald Trumpen diskurtso autoritario, arrazista, misogino eta koloniala mehatxu bat da giza eskubideentzat, justizia sozialarentzat, ingurumenarentzat, eta mundu osoko demokraziarentzat; eta, gainera, olatu global erreakzionario baten norabidea markatzen du». Olatu hori, besteak beste, Italian, Frantzian, Austrian, Hungarian, Belgikan, Argentinan edo El Salvadorren zabaltzen ari dela diote. Espainiako Estatuan, Santiago Abascalen Vox alderdia giltzarri izan daiteke gobernu kontserbadore baten balizko eraketan; eta, inkesta batzuen arabera, 35 urtetik beherako gazteen %30ek botoa Voxi emateko asmoa du. Europan ere, europarlamentarien %25 eskuin muturreko alderdietako kide da.
«Palestinako su-etena ospatzen dugun arren, ezin dugu ahaztu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Likud alderdiko buruzagi ultraeskuindarra eta Trumpen lagun eta aliatua izan dela azken bi urteetan Gazan egindako genozidioaren erantzule nagusia. Bertan, 66.000 pertsona baino gehiago hil dituzte», deitoratu dute.
Testuinguru horretan, 2023an, gorroto delituek %21 egin zuten gora Espainiako Estatuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago errealitate horretatik kanpo, 2024an zehar 240 arau-hauste penal baino gehiago erregistratu baitziren: «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan edo institutuetako ateetan daude. Antifeminismoa, arrazismoa, xenofobia edo LGTBIQ+fobia sustatzen dituzte. Benetako arriskua da oinarri demokratikoak desmuntatzen dituztela. Instituzio, hedabide eta erakunde sozialei eraso egiten diete, desinformazioa zabaltzen dute, eta polarizazio soziala areagotu egiten dute. Beldurra botere-tresna bihurtzen dute», kritikatu dute plataformatik.
Horren guztiaren aurrean, plataformak proposatzen du «herritarrei tresnak ematea buloak detektatzeko eta haurtzarotik pentsamendu kritikoa sustatzeko». Gainera, gorroto diskurtsoek «beren burua eskuin muturrekotzat jotzen ez dutenengan ere eragina dutela» kontuan hartuta, «diskurtso horien benetako eraginari buruzko informazioaren eta eta kontzientziatzearen» garrantzia nabarmendu dute. Azkenik, herritarrei dei egin diete mobilizatzeko eta «demokrazia, giza eskubideak, justizia soziala eta pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzeko»; eta erakundeei exijitu diete «mugimendu horiek isolatzeko, aurrera egin ez dezaten».
Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Astea
2005etik urtero bezala, Pobrezia Zero Donostia plataformak Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Astearen edizio berri bat antolatu du aste osoan zehar; hau da, aurtengoa XX. edizioa izaten ari da. Asteartean, urriaren 14an, manifestua eta egitaraua aurkeztu zituzten Donostiako Portuan, Trumpen Showa izeneko performancearen bidez; eta arratsaldean, Kresala Zineklubarekin batera antolatutako zineforumak sarrera guztiak agortu zituen Trueba Zinemetan, This is England filmarekin.



Ostegunean, urriaren 16an, Antiguo auzoko Lugaritz Kultur Etxean, bertso-saio batean bildu ziren Alaia Martin eta Aner Peritz, Imanol Artola Felix gai-jartzailearekin; kasu honetan, Donostia Kulturarekin izandako lankidetzari esker.








Azkenik, kale-ekintzaz gain, ostiral honetan, urriaren 17an, hiriko autobus guztiek Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Astearen kartela eramango dute, SOS Demokrazia leloarekin, DBUSekin egindako aliantzari esker. «Aldarrikapen horiek guztiak donostiarrei hurbiltzeko gure modua izango da», azaldu dute.

Elkarrizketak eta agerpenak hedabideetan
Prentsaurrekoa
- Cadena SER – Hoy por Hoy San Sebastián: Pobreza Cero denuncia el auge de la extrema derecha: «Tienen una importancia crucial en el tema de la pobreza y desigualdad» (entrevista a Iñigo Odriozola, portavoz de la plataforma Pobreza Cero Donostia)
- Onda Cero – Más de Uno Gipuzkoa: Entrevista a Iñigo Odriozola, portavoz de la plataforma Pobreza Cero Donostia (a partir del minuto 20:00)
- Radio Nacional de España (RNE) – Radio 5 Gipuzkoa: Entrevista a Iñigo Odriozola, portavoz de la plataforma Pobreza Cero Donostia)
- Berria: Pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzera deitu du Zero Pobrezia plataformak
- Irutxuloko Hitza: Donostiako Zero Pobrezia plataformak «eskuin muturra geldiarazteko eta demokrazia defendatzeko» deia egin du
- Donostitik.com: Pobreza Cero Donostia llama a frenar el avance de la extrema derecha y defender activamente la democracia
- ZuZeu: Zero Pobrezia plataformak eskuin muturra geldiarazteko eta demokrazia defendatzeko deia egin du
- Diario Vasco: Crítica de ‘This Is England’: Ni eran ni son todos nazis
- Argia: Donostiako Zero Pobrezia plataformak «eskuin muturra geldiarazteko eta demokrazia defendatzeko» deia egin du
Iritzi artikuluak
- Berria: Zaila da baikor izatea, baina…
- Diario Vasco: Es difícil ser optimista, pero…
- Argia: Zaila da baikor izatea, baina…
- Noticias de Gipuzkoa: Es difícil ser optimista, pero…
- Noticias de Álava: Es difícil ser optimista, pero…
Kale ekintza (gerrilla marketing-a)
- Diario Vasco: Abascal, Trump y Netanyahu se ‘ahogan’ en San Sebastián
- EITB:
- Teleberri (ETB2)
- Gaur Egun (ETB1)
- Orain Berriak (Instagram)
- Orain Noticias (Instagram)
- Donostitik.com: Donald Trump, Benjamin Netanyahu y Santiago Abascal, a remojo en el puerto donostiarra
- Berria: Zero Pobrezia plataformak salatu du eskuin muturrak «ito» egiten dituela giza eskubideak
- ZuZeu: Kale-ekintza eskuin muturraren aurka
- Irutxuloko Hitza: Eskuin muturrak giza eskubideak «itotzen» dituela ohartarazi dute
- Noticias de Gipuzkoa: Trump, Netanyahu y Abascal, bajo el agua



