Euskal lankidetza 2026. urtean: eta orain zer?

Sonia González Martín, Susana Piera Moreno eta Iñigo Odriozola Beitia, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko kideak.
  • Euskadiko GGKEen Koordinakundeak «euskal lankidetza eredua» aldarrikatu du, autoritarismoen gorakadaren, espazio zibikoaren itxieraren eta garapenerako nazioarteko laguntzaren desegitearen aurrean.
  • Koordinakundea osatzen duten 83 erakundeek «Euskadin eta Hego Globalean presente dagoen sektore indartsua eta errotua» ordezkatzen dute, 117.000 pertsona baino gehiagoko oinarri sozialarekin eta 900 proiektu baino gehiagorekin ia 70 herrialdetan.
  • Onartu zenetik bi urte igaro ondoren, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen aldaketa kritikatu dute, baita legea bera «ez betetzea» ere, batez ere aurrekontuen esparruan, %0,7tik urrun oraindik.
  • Txosten batek agerian utzi du 2026an EAEko erakundeek nazioarteko lankidetzara bideratuko duten aurrekontu ehunekoa azken hamarkadako txikiena izango dela, aldundiek eta udalek Eusko Jaurlaritzaren murrizketa konpentsatu arren.

Astearte honetan, martxoaren 24an, kazetariekin gosari-topaketa bat antolatu du Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Bilboko Ilunion Hotelean, nazioarteko eta tokiko testuinguruari buruzko bere analisiak partekatzeko, euskal lankidetzaren egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko, eta komunikabideei Koordinakundea osatzen duten garapenerako gobernuz kanpoko 83 erakundeen (GGKE) lana hurbilagotik ezagutzeko aukera eskaintzeko.

2024ko otsail-martxoan Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea onartu eta indarrean sartu zeneko bigarren urteurrenean, Sonia González Martín, Iñigo Odriozola Beitia eta Susana Piera Moreno Koordinakundeko Gobernu Batzordeko ordezkariek gaurkotasuneko hainbat gairi buruz hitz egin dute hainbat hedabiderekin.

Topaketa hainbat hedabidetan agertu zen:

Espazio zibikoaren itxiera

Solasaldiaren hasieran, Koordinakundea kezkatuta agertu da «autoritarismoaren hazkunde globalagatik», horrek nazioarteko lankidetzaren sektorean «espazio zibikoaren itxiera» deritzona dakarrelako, hau da, oinarrizko askatasunen murrizketa progresiboa, hala nola adierazpen askatasuna, elkartzeko askatasuna eta bilera baketsuak egiteko askatasuna. CIVICUS Monitor egitasmoak 198 herrialdetako espazio zibikoa bost kategoriatan sailkatzen du –itxia, erreprimitua, oztopatua, murriztua edo irekia–; horren arabera, munduko biztanleriaren %7 soilik bizi da espazio zibiko ireki erabatekoa edo erlatiboa duten herrialdeetan.

«Eskubide zibilen urraketa sistematikoa gero eta normalizatuagoa dago», deitoratu du Koordinakundeko lehendakariorde Sonia González Martínek. «Oso sentiberak gara errealitate horrekiko; izan ere, euskal GGKEek gehien lan egiten dugun 13 herrialdeetatik 11k espazio zibiko itxia edo errepresiboa dute». Herrialde horiek Guatemala, El Salvador, Peru, Mexiko, Kolonbia, Honduras, Kuba, Palestina, Senegal, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Mali dira. Lurralde horietan, erakundeek «atxiloketa arbitrarioak, protesta sozialaren errepresioa, kriminalizazio selektiboa eta nazioarteko lankidetzaren murrizketa» ikusten dituzte egunero.

Iturria: CIVICUS Monitor

Lankidetza desegitea, gastu militarra handitzea

Nazioarteko testuinguru konplexu horretan, 2025eko uztailaren 1ean, Ameriketako Estatu Batuek behin betiko itxi zuten Nazioarteko Garapenerako Estatu Batuen Agentzia (USAID). Erabaki horrek AEBetako nazioarteko laguntzaren %90 baino gehiago kentzea eta 60.000 milioi dolarreko murrizketa ekarri zuen. «Ondorioak suntsitzaileak izan dira: Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) klinikak ixtea Hegoafrikan, medikuntza programak amaitzea Afganistanen, hainbat herrialdetan elikadura terapeutikoko programak etetea…», ohartarazi du Gonzalezek. The Lancet medikuntza aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, murrizketa horiek saihestu daitezkeen 9,4 milioi heriotza eragin ditzakete 2030. urterako.

Koordinakundeko lehendakariordeak Europan ere zabaltzen ari den «murrizketa olde» baten testuinguruan kokatu du erabakia, eta herrialde emaile nagusiek Garapenerako Laguntza Ofiziala «desegitea» dakar: «Paradigma argia da: nazioarteko lankidetza ezabatu beharreko elementu gisa ikusten da». Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA / gaztelaniaz OCDE) ohartarazi du Garapenerako Laguntza Ofizial globala %9 eta %17 artean jaitsi dela 2025ean; horrek 50.000 eta 115.000 milioi euro arteko galera ekar lezake, 2023. urtearekin alderatuta.

Garapenerako nazioarteko laguntza desegiten ari den bitartean, Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk militarizazioa eta belizismoa bultzatu dute: «Baliabideak giza segurtasunetik segurtasun militarrera mugitzen ari dira», gaitzetsi du Koordinakundeak. «Hain zuzen ere, II. Mundu Gerraz geroztik nazioarteko gatazka gehien dauden unea bizi dugunean: gutxienez 59 gerra daude aktibo munduan, eta 90 herrialde baino gehiago beren mugetatik kanpoko gerretan inplikatuta daude».

Munduko gastu militarra 2000. urtean 1,2 bilioi dolarrekoa izatetik, 2025ean 2,63 bilioi dolarrekoa izatera igo da. Gonzalezen arabera, Europaren berrarmatzeak eta NATOko herrialdeek gastu militarra Barne Produktu Gordinaren %5era iristeko egindako akordioak «zuzeneko ondorioak» dituzte gure sektorean, eta «EAEn ere nabaritzen da».

Lankidetzarako Euskal Legeak bi urte

2025eko abenduan, Eusko Legebiltzarrak Lankidetzarako Euskal Legea aldatu zuen, EAJ eta PSE-EEren botoekin, bi alderdiek osatzen duten gehiengo osoa baliatuz. «Isilpean eta euskal lankidetzaren sektoreari bizkarra emanez 10. artikuluari egindako zuzenketa batek legeak ezarritako debekua ezabatu du neurri handi batean. Horren ondorioz, euskal sektore publikoak armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoitzi, merkaturatu eta finantzatzen duten enpresekin kolaboratu ahal izango du, Europako Segurtasun Estrategiaren baitan», azaldu du Koordinakundeko lehendakariordeak. «Hori guztia balizko erabilera militarreko 325 milioi euroko inbertsioak salbatzeko helburuarekin, 2026ko aurrekontuak onartzeari begira»

Legea «adostasun zabalarekin eta ia aho batez» onartu zen, eta «aurrerapen, proposamen eta konpromiso garrantzitsuak» jasotzen zituen, Gonzalezek azpimarratu duenez. Euskal GGKEek garai hartan bizi izan zuten «ilusioa eta itxaropena» gogoratu du, baina baita «eszeptizismoa» ere.

Azken bi urte hauen balantzea egitean, Koordinakundeak kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren «utzikeria» legearen garapenari dagokionez, «erabakitzeko guneen deialdia egiterakoan, gai zehatzetan aurrerapen geldoak eginez eta aurrekontu konpromisoak bete gabe»; eta nazioarteko egoerari «aurre ez egitea» leporatu dio.

Gure euskal lankidetza eredua eta GGKEak

Testuinguru lokal eta global horren aurrean, Iñigo Odriozola Beitia Koordinakundeko Gipuzkoako ordezkariak defendatu du «euskal lankidetza ereduak funtsezko zeregina duela eskubideen aurkako olatu antidemokratiko horri eusteko», eta aldarrikatu du «Euskadi solidario bat, gerrari ezetz esango diona eta giza eskubideak erdigunean jarriko dituena».

Gaur egun, 83 GGKEk osatzen dute Koordinakundea, eta Sektorearen Txostenaren azken edizioaren arabera (2025), 117.586 laguneko oinarri soziala dute (bazkideak, boluntarioak, emaileak, teknikariak…). Erakunde horiek bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko, aukerak sortzeko eta epe luzerako garapena bultzatzeko lan egiten dute munduko 69 herrialdetan, 909 lankidetza-proiekturen bidez. Proiektu horiek euskal GGKEek kudeatzen dituzte, tokiko erakundeekin elkarlanean, hainbat arlotan: osasuna, nutrizioa, hezkuntza, ur-hornidura, saneamendu eta higiene zerbitzuak, haurren babesa, emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzea, giza eskubideen defentsa…

Odriozolaren ustez, sektorea «indartsua da, euskal gizartean errotua dago, eta presentzia du Euskadin, Hego Globalean eta munduko zati handi batean». Eta hala berresten du Sektorearen Txostenak (2025); horren arabera, euskal GGKEek mundu osoko 5,7 milioi pertsona baino gehiagorekin egiten dute lan, beren proiektuetan; kopuru hori askoz handiagoa izan daiteke, kontuan hartzen badugu Palestinan laguntza humanitarioa lurralde okupatuetan eta Gazan bizi diren ia 6 milioi pertsonengana heldu daitekeela.

Gainera, generoari dagokionez, euskal GGKEekin lan egiten duten pertsona gehienak emakumeak dira: ia %80 Amerikan, %70 Asian eta %55 Afrikan. «Horrek erakusten du gure presentzia genero-arrakalak desagerraraztearekin konprometituta dagoela, mugimendu feministek oldarraldi erreakzionarioa jasaten duten une honetan», azaldu dute.

Koordinakundeak berriki enkargatu eta laster argitaratuko den txosten baten arabera, «euskal lankidetza deszentralizatua funtsezko eragile estrategikoa da herritarren eskubideak eta aktibismoa defendatzeko helburua duten sare transnazionalei eusteko.

Koordinakundeak berriki eskatu duen eta laster argitaratuko den beste txosten baten arabera, «euskal lankidetza deszentralizatua funtsezko eragile estrategikoa da eskubideak defendatzeko eta herritarren aktibismoko sare transnazionalei eusteko». Ikerketaren arabera, eredu horrek gizarte zibilaren eta emakumeen parte-hartzea sustatzen du, estatuko lankidetza zentralizatuak baino neurri handiagoan. Gainera, euskal lankidetza «prest dago testuinguru hauskorretan lan egiteko, konpromiso politikoa erakutsiz giza eskubideen atzerakadak gogorragoak diren testuinguruekiko».

Sentsibilizazioa eta kontzientzia kritikoa

Garapenerako lankidetza proiektuen bidez Hego Globalean egiten duten lanarekin batera, euskal GGKEek badute ekintza eraldatzailerako beste tresna bat: Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (GEH edo, gaztelaniaz, EpTS). «Maila lokalean, gure lurraldean bertan garatzen den hezkuntza proposamena da, eta gure gizartean desparekotasun eta bidegabekeria globalei buruzko kontzientzia kritikoa sortzea du helburu», azaldu dute. «Praktika emantzipatzaile gisa ulertzen dugu hezkuntza, giza eskubideen eta justizia ekosozialaren aldeko herritartasun kritikoa, parte-hartzailea eta mobilizatua sortzera bideratua».

Oso finkatuta dagoen lan-ildoa da; izan ere, euskal GGKEen %87k 5 eta 10 urte arteko esperientzia du hezkuntza eraldatzailean, eta ekimenak garatzen ditu sare feministekin, ekologistekin, arrazakeriaren aurkakoekin, auzo elkarteekin… Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden GGKE gehienek urtean arlo horretako 2-4 proiektu dituzte, gutxienez. Gainera, azken hiru urteetan, Koordinakundeko GGKEek ekimenak egin dituzte EAEko 88 udalerritan, eta 550 ikastetxetan baino gehiagotan esku hartu dute.

Ekimen horien guztien harira, Koordinakundeak ERALDAGUNE jarri du martxan bere webgunean. Erreferentziazko gune bat da, eta gizarte bidezkoago batera igarotzeko hezkuntza baliabideen katalogo bat du, GGKEek sortutako eta herritarren eskura dauden 400 material eta baliabide baino gehiagorekin.

«Gaur egun, sektorearen erronka nagusietako bat hezkuntza formalean egiten dugun lanean sakontzea da, Lankidetzarako Euskal Legearen eta Euskal Hezkuntza Legearen ildotik, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proposamenak txertatuz unibertsitateko eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza curriculumean», azaldu du Odriozolak. «Gaur, inoiz baino gehiago, ezinbestekoak gara gure gizartea bidezkoago, feministago eta ekitatiboago bihurtzeko».

Aurrekontuak 2026: murrizketak, igoerak eta eragin politikoa

Koordinakundeko diruzain Susana Piera Morenok argi dauka: «Egiten dugun lana egiten jarraitzeko, konpromiso politikoa eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa behar dira. Ez bakarrik lankidetza proiektuen finantzaketa ziurtatzeko, baita giza baliabide tekniko nahikoak, langileen etengabeko prestakuntza, lan tresna egokiak eta ezustekoen aurrean erantzuteko gaitasuna bermatzeko ere».

Horregatik, Koordinakundeak lan handia egiten du urtero EAEko zazpi erakunde nagusien aurrekontu eztabaidetan politikoki eragiteko: Eusko Jaurlaritzan, aldundietan eta hiru hiriburuetako udaletan. 2026. urteko Erakundeen Aurrekontuen Txostenak erakunde horien aurrekontu egoera laburbiltzen du, baita aurreko hilabeteetan zehar egindako eragin politikoko lana ere.

IRAKURRI, DESKARGATU ETA ELKARBANATU:

Hona hemen 2026ko datu aipagarrienak:

Eusko Jaurlaritza da lankidetzara ehuneko txikiena bideratzen duen erakundea:

Azken hamarkadan lehen aldiz, lankidetzara bideratzen duen aurrekontua jaitsi du Jaurlaritzak, 2025arekiko 2,5 milioi euroko murrizketa ezarri baitu. «Lankidetzarako Euskal Legea, gobernu akordioa eta Lankidetzarako Euskal Agentziaren Bi Urteko Plana ez betetzea da. Eusko Jaurlaritza atzera egiten ari da bere lankidetza politikan eta hartutako konpromisoetan», kritikatu du Koordinakundeak.

«Gainera -Pierak azaldu duenez-, legearen arabera, lankidetza aurrekontua handitu egin behar da, gutxienez aurrekontu orokorraren proportzio berean; beraz, diferentzia erreala 7,5 milioi eurotik gorakoa izan liteke. Eta ez dugu ahaztu behar legeak %0,7 agintzen duela, eta horrek 71 milioi euroko igoera izango litzatekeela».

EAEko erakunde nagusiek guztira %0,35 baino ez dute bideratzen lankidetzara:

EAEko zazpi erakunde nagusien batez bestekoa da. Azken hamarkadako ehunekorik txikiena da: duela sei urte %0,40 bideratzen zen. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, aurrekontuaren %0,31 baino ez da bideratzen.

Aldundiak eta udalak:

«Hala ere, Koordinakundearen eragin politikorako taldeen lanak bere fruituak eman ditu, zazpi euskal erakunde nagusietatik bosten aurrekontuetan Garapenerako Laguntza Ofiziala handitzea lortuz», ospatu dute. «Horri esker, gure GGKEek nolabait orekatu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzaren murrizketaren ondorioak, eta herri kalteberei laguntzen jarraitu ahal izango dute; zenbait kasutan, 40 urte baino gehiagoz finkatutako aliantzei eutsita».

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak garrantzi eta tamaina handia duen arren, beste erakunde batzuetan igoera esanguratsuak lortu dira, bereziki Arabako Foru Aldundian (1,2 milioi euro) eta Gipuzkoako Foru Aldundian (500.000 euro). Guztira, 3 milioi euro baino gehiagoko igoera lortu da, hiru aldundietan eta hiriburuetako udaletan aurreikusitakoa eta ondoren itxitako akordioak kontuan hartuta.

Gehiengo absolutuak VS Akordioak eta negoziazioak

Bestalde, alde nabarmenak daude administrazioen artean, bai eta gobernu mota ezberdinen artean ere:

  • Udalak dira ekarpen handiena egiten dutenak.
  • Gehiengo absolutuko gobernuak, berriz, aurrekontua gutxien igo dutenak dira.
  • Hiru udalek %0,50 gainditzen dute (Gasteiz da buru, %0,66rekin).
  • Aldundiek %0,40 inguru bideratzen dute (Bizkaiko Foru Aldundia da buru, %0,42rekin).
  • Eusko Jaurlaritzak %0,31 bideratzen du.

«Igoera esanguratsuenak (Gipuzkoa eta Araba) gobernuek beste alderdi politikoekin egindako akordioei esker lortu dira. Bereziki azpimarratzekoak dira Elkarrekin Arabak eta Elkarrekin Gipuzkoak bultzatutako akordioak eta negoziazioak», nabarmendu dute.

«Etorkizuneko aurrekontu-eztabaidei begira, euskal alderdi eta erakundeei akordio zabalak, konpromiso argiak eta nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren aldeko apustu sendoa eskatzen dizkiegu», adierazi dute. «Ildo horretan, garrantzitsua da 2027. urterako aurrekontuetan Garapenerako Laguntza Ofiziala %0,7koa izateko aurrerapausoak ematea. Nazio Batuek 2030erako ezarritako helburua da, eta legezko konpromisoa da Lankidetzarako Euskal Legearen arabera. Euskadi nazioarteko elkartasunaren arloan erreferente izan da, bada, eta izaten jarraitu behar du».

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat