Jakinarazpenera atxikimendua

Elikadura burujabetzaren aldeko aldarria
Euskadiko GGKE-en Koordinakundeak bat egin du aldarri honekin:
Bilbo soro eta basoz inguraturik dago, Ibaizabal ibaiaren itsasadarrak zeharkaturiko hiria da. Lur ederrez inguratua, baina lurra merkantzia hutsa izango balitz bezala tratatua.
Gure arbaso gehienak baserrietatik lan bila etorritakoak izan ziren, baina gutariko askok galdu egin ditugu herriekiko eta lurrarekiko loturak eta harremanak. Hainbeste galdu, ezen egunero jaten duguna ez baitakigu nondik datorren. Bilbon jaten dugunaren % 90 urrutitik dator, Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik kanpoko lurretatik gehien-gehiena.
Egoera hori irauli eta geure lurrean errotu nahirik, geurea egiten dugu Elikadura Burujabetzaren aldeko ondoko ALDARRIA, eta aldi berean lau haizetara zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu.
1. Ekoizpen eta kontsumo-eredu agroekologikoa
Bertokoak eta ekologikoak diren produktuen kontsumoa lehenesten dugu, produkzio industrialak dakarren txikizioa eta multinazionalen negozio erraldoiak baztertuz eta bertoko baserrien etorkizuna sustatuko duen agroekologia bultzatuz.
2. Zuzeneko komertzializazioa
Zirkuitu laburreko komertzializazio-eredua lehenesten dugu, elikagaiak baserritik gure plateretara zuzenean eramaten dituena, eta janaria hara-hona milaka kilometrotan ekarri-eraman ordez, zuzeneko salmenta indartu eta ahalbidetzen duena.
3. Biodibertsitatea
Herritar oro janari osasuntsuaren aldeko hautua egitera animatzen dugu. Naturaren biodibertsitatea sustatzea gure osasunaren oinarria indartzea denez, herbizida edo pestizidarik gabeko barazkiak eta frutak jatea gure ongizatearen zutabea da.
4. Elikadura osasuntsuaren eskubidea
Elikadura osasuntsua eskubide kolektibo bat den heinean, administrazio publikoari dei egiten diogu, erantzukizunez joka dezan, preseski, bere eskumenekoak diren sukalde zein elikadura-espazio guztietan eta eskaera publiko orotan, eredu agroekologikotik datozen elikagaiak lehenetsiz eta ekologikoki iraunkorrak diren irizpideak ezarriz.
5. Negozioa bilatu ordez, zerbitzua
Horrez gain, janaria oinarrizko beharrizana denez gero, ozen aldarrikatzen dugu elikagaia ezin dela negoziorako gai bihurtu, gizarte osorako zerbitzu baizik.
Jendartearen oinarrizko beharra denez, guztiontzako eskura egon beharko luke prezio justuan, eta era berean, nekazariek prezio justua jaso beharko lukete lanaren ordainetan. Soilik horrela hitz egin ahalko dugu justizia sozial osoaz.
6. Bizitzak erdigunera.
Eredu iraunkor eta justu bat eraikitzeko, ezinbestekoa da eredu kapitalista eta heteropatriarkalak sortzen dituen botere-harreman eta arrakalei begiratzea. Horregatik, egunerokoan gure hautua tokiko eredu agroekologikoaren alde egitea da. Horrela, balio feministak eta bizitza erdigunean jartzen dituen eredu baten alde egiten dugu.
7. Klima-larrialdia
Elikadura-burujabetza eta klima-larrialdia elkarrekin uztarturik daude. Kontsumo-ohiturak aldatzea da klima-larrialdiari aurre egiteko gutariko bakoitzak egin dezakegun ekarpenik eraginkorrenetakoa, hain zuzen ere garaiko, geure platerak eta saskiak tokiko eta eredu agroekologikoan landutako elikagaiez osatuz.
8. Ekonomia solidarioa
Gure helburua, prezio justuan oinarritzen den bestelako eredu ekonomikoa garatzea da. Berezko prezioa nekazarientzat, kontsumo taldeko langileentzat zein kontsumitzaileentzat. Negozio pertsonalaren alde egin beharrean, ekonomia solidarioa garatzeko modu zuzena gizartearen zerbitzura aritzea da, eta komertzializaziorako zirkuitu lokalak indartzea.
9. Interkomuniziorako konpromisoa
Bilbon elikadura burujabetzaren alde lanean ari diren irabazirik gabeko kontsumo talde autoorganizatuak (bat baino gehiago) daude. Horien funtzionamendua ezagutarazi eta gure arteko interkomunikazioa garatzeko konpromisoa hartzen dugu.