COVID-19aren eragina euskal lankidetzan
Salbuespenak salbuespen, eta pandemia gorabehera, euskal erakunde nagusiek mantendu egin dituzte lankidetza-politikak eta elkartasunaren alde egiten dute apustua
COVID-19ak garapenerako lankidetzaren arloko euskal politiketan izan duen eragina ezagutzeko, aztertu dugu 2020ko politika horien aurrekontu-exekuzioa erakunde nagusietan, hain zuzen ere, hauetan: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia-Eusko Jaurlaritza; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Vitoria-Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Udalak.
Oro har, erakunde horiek lankidetza-politikei eusteko ahalegin nabarmena egiten ari direla uste dugu, osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisi gorabehera; izan ere, politika horiek, gainerako gizarte-politiken antzera, pertsonak jartzen dituzte erdigunean. Txalotu egiten dugu gauden testuinguruan murrizketen irtenbide erraza erabili ez izana; izan ere, aurreikusitako partidak exekutatzen ari dira edo, kasu batzuetan, doikuntzak egiten ari dira, baina aldeko jarrera kontinuista hautematen dugu. Apustu honek ahalbidetzen du, egoera gorabehera, Euskaditik elkartasun politikak bideratu ahal izatea herrialde txirotuetan, eta, beraz, krisi global honetan irtenbidearen parte izatea, inor ez atzean geratzeko.
Hala ere, aipatutako joera orokor horretan Arabako Foru Aldundia da salbuespen nagusia; izan ere, 2020an murrizketa nabarmenak egin ditu lankidetza-politiketan. Xede horretarako 1.383.352 euroko urte honetako aurrekontutik ezabatutako partidak 733.500 eurokoak izan litezke; horrek esan nahi du ekitaldi honetan % 53tik hurbil dagoen murrizketa bat egon dela. Aurreikusitako aurrekontu-sail horiek, exekutatu ez direnak, konprometituta zeuden garapenerako GKE-ek egiten duten lana bultzatzeko pertsona kalteberenetako egoera arintzeko, hemen eta lan egiten duten ohiko beste leku batzuetan. Euskadiko beste erakundeetan ez da horrelako erabakirik hartu.
Halaber, lankidetzaren arloan hain ibilbide luzea duen erakunde batek lan hori bortizki geldiarazi izana deitoratzen dugu. Lan horiek ezinbestekoak dira egunero haien giza eskubideen urraketak bizi dituzten pertsonek aukera bat izan dezaten. Adibidez, hezkuntza, osasuna, ura edo saneamendua eskuratzeko eskubidea, edo azpiegiturak eraikitzea, erakundeak sendotzea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea, nekazaritza babestea, pobreziaren eta desberdinkeriaren aurka borrokatzea...
Azken urteetan pobrezia eta desberdinkeriak desagerrarazteko egin diren aurrerapenak geldiarazten ari da. Osasun-, gizarte- eta ekonomia-larrialdiko egoera bizitzen ari garela, eta egoera hori dena aurretik eramaten ari dela gure ingurune hurbilenean eta kalteberenak diren herrialde behartsuetan. Horregatik guztiagatik, pertsonak erdigunean jartzen dituzten neurri globalak eta tokiko neurriak eskatzen ditugu, inor kanpoan gera ez dadin.
Une zailetan erakutsi behar ditugu gure gizartea mugiarazten duten benetako baloreak; hortaz, erakunde guztiei eskatzen diete 2021ko euren aurrekontuetan eutsi diezaiotela lankidetzaren aldeko apustuari, horixe ere baita egungo krisiaren irtenbidea, mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko. Dena den, eta ulertuta salbuezpenezkoa eta zaila den egoeran gaudela, GGKE-ek gogoratu nahi dute badirela nazioarteko eta erakunde konpromiso batzuk betetzen ari ez direnak; beraz, erakundeei eskatzen diete %0,7aren konpromisoaren bidea har dezatela Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Euskal Legeak betetzeko. Euskal erakunde guztiek etengabeki ez dute lege hori bete, Gasteizeko Udalak izan ezik, bera baita gehien hurbiltzen dena.