Dena neure gain lankidetzapeko dokumentala
Dokumentala GGKEk Youtuben duen kanalean ikusi ahal izango da azaroaren 12ko, ostirala, 9:00etatik aurrera
Farmamundik ‘Dena neure gain’ zainketen errealitateari buruzko lankidetzapeko dokumentala kaleratu du
Bilbon, 2021eko azaroaren 11n. Bost lekukotasunen bidez, ‘Dena neure gain’ dokumentalak zainketei buruzko eztabaida jorratzen du, baita zeregin horren ondorioz sortutako isolamendua eta baterako erantzukizunaren falta ere. Egunez egunekoari buruzko kontakizun hauen bitartez, ikus-entzunezkoak beharrezkoa den hausnarketa kolektiboa sustatu nahi du, gure gizartean zainketetako kasuen %70 emakumeen ardurapean daudela kontuan hartuta.
Trailerra eta estreinaldirako esteka: https://youtu.be/RxwqhUOagQg
Neurri handiagoan edo txikiagoan, bizitzan denok behar ditugu beste batzuen zainketak. Gaur egungoa bezalako gizartean, gainera, bizi-itxaropena modu nabarian areagotu dela kontuan hartuta, gaixotasunak eta mendekoak, zainketak funtsezko ardatza dira biztanleen osasunerako eta ongizaterako. Edonola ere, oraindik ere ez dira balioesten, eta, kasu gehienetan eta ia-ia era esklusiboan, emakumeek hartzen dituzte euren gain etxean bertan.
Eztabaida hori suspertzeko eta arlo honetako genero-berdintasunaren aldeko eraldaketa soziala sustatzeko asmoz, Erabide Emakume Elkarteko bederatzi emakumek osatutako taldeak ‘Dena neure gain’ egin du Farmamundiren eta Itxaso Díaz dokumentalista bilbotar nabariaren laguntzaz, ‘CreaSalud’ proiektuko ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruko prestakuntza-prozesuaren esparruan. Era berean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza eduki du ekimenak.
“Ez da erraza laguntza eskatzea, maite dituzunen zainketetan murgilduta zaudenean, zure betebeharra eta erantzukizuna direla uste duzulako. Ez zara konturatzen, harik eta etsita eta isolatuta sentitzen hasten zaren arte eta apurka-apurka zeure burua albo batera utzi duzula eta egunez egun apur bat gehiago desagertzen ari zarela ikusten duzun arte”, nabarmendu du Itziar Isasik, Erabideko parte-hartzaileetako batek.
Bizipenen eta esperientzien bozgorailua
Dokumentalak ordainpekoak ez diren zainketak ditu hizpide, eta emakume parte-hartzaileek gai horren inguruan dituzten bizipenak zein esperientziak azaldu dituzte bertan. Horretarako, Erabideko bederatzi emakumeek ikus-entzunezko ekoizpenari eta lengoaiari buruzko jakintzak eskuratu dituzte, euren hausnarketak zein eskaerak agerian jartzeko aukera eskaini dien partaidetzazko metodologiaren bitartez.
“Ekoizpena parte-hartzaileei eskuordetzea izan da erronka handiena. Horrela, emakumeek bizi egin ahal izan dute zeinen zaila den euren intimitatea kameraren aurrean erakutsi eta zainketetako lanaren ikusezintasunaren ondorioz sortzen diren arazoei buruz aho betean hitz egin nahi duten pertsonak lortzea”, azaldu digu Itxaso Díaz dokumentalistak. Izan ere, sorkuntza-prozesu osoan, emakumeak funtsezkoak izan dira, Díazekin eta Farmamundirekin garatutako lankidetza estuan dokumentalaren gidoiari, ekoizpenari eta edizioari buruzko erabakiak hartzeko orduan.
"Galdakaoko emakume askok jasaten duten eten digitala murriztu nahi genuen, teknologia berrien erabilera sustatuta. CreaSalud proiektuaren bidez Farmamundik Nikaraguan emakume miskitekin egin zuen ikus-entzunezko esperientzia ezagutu genuen, eta hemen berregin nahi izan genuen", azaldu digu Erabideko Miren Alapontek.
Zainketak, nahitaezko eztabaida
Emakume hauek beste pertsona batzuen zainketez bete-betean arduratzen diren edo bertan inplikatzen diren bost laguni egin zieten elkarrizketa. Lekukotasun horien bidez, dokumentalak hausnarketa kolektiboa bultzatu nahi du, beharrezkoa delako baterako erantzukizun sozialaren eta, batez ere, osasunaren arloko genero-berdintasunaren aldeko aldaketa sozial, politiko eta kulturalerantz aurrera egiteko.
Izan ere, gaur egun, oraindik ere, etxeko eta zainketetako lanak emakumeek egiten dituzte gehienbat (%70) gizonen aldean (%30). Gaur egun berdintasunezkoagoa den banaketaranzko joera dagoela egia bada ere, Europako Genero Berdintasunerako Institutuak azaldu duenez, oraindik ere emakumeen arduraldia handiagoa da etxeko lanetan eta ordainpekoak ez diren zainketetan (gizonena baino ordubete eta erdi luzeagoa eguneko), eta, aldi berean, euren lan nagusia ere garatzen dute.
Horrela, ‘Dena neure gain’ gaur egungo beharrezko eztabaida jorratzen duen dokumentala da, eta zainketak balioestea eta gizartearen ardatz egituratzailea eta genero-berdintasuna lortzeko ezinbesteko urratsa direla onartzea du helburu. “Beste mila dokumental sorrarazi litzakeen hausnarketa interesgarria da, askotan familiak berak ere balioesten ez duen beharrezko lan ikusezina delako”, Jaiok, ekitaldiko parte-hartzaileetako batek, baieztatu zuen bezala.
Trailerra eta estreinaldirako esteka: https://youtu.be/RxwqhUOagQg