Adjumani: babesari, duintasunari eta bizikidetzari buruzko argazkiak
‘Adjumani: babesari, duintasunari eta bizikidetzari
buruzko argazkiak’ erakusketa birtualaren inaugurazioa
Euskadin,
Gaur, ‘Adjumani: babesari, duintasunari eta bizikidetzari buruzko argazkiak’
erakusketa aurkeztu du Farmamundik. Erakusketa birtuala da, Ugandako Adjumani
barrutian babestu diren Hego Sudango hainbat herritarren historiak biltzen
dituena.
Askotariko lekukotasunen
bidez, hainbat lagunen bizi-esperientziak ezagutuko dituzu, zailtasunak
gainditzeko gaitasunaren, iraunkortasunaren eta haien borrokaren adierazgarri
direnak. Erakusketako protagonisten eskutik: Poni, Aluel, Gune, Jork, Sabina,
Okello, Geofrey, Ruba, Dudu eta Alafi. Kontakizun zirraragarriak
dira, leku horietara eta protagonistengana gerturatuko gaituztenak.
Zuzen-zuzenean izango dugu lagun horien guztien sentimendu, amets eta motibazio
pertsonalen berri. Baina, horrez gain, gogoeta eginaraziko digute: borondate
politikoak eta osasun-eskubide globalarekiko eta giza eskubideekiko
konpromisoak mundu bidezkoago bat, gizon-emakume guztiontzako etxe izango den
mundu bat, erraztu eta susta dezaketela erakutsiko digute.
Farmamundik, Ugandako Emesco GGKEarekin lankidetzan eta
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, erakusketa hau
egin du, pertsona horien bizi-esperientziak nabarmentzeko, zailtasunak
gainditzeko duten gaitasuna, irmotasuna eta haien borroka islatzeko; horrekin
batera, babesguneei buruzko jardunbide egokietan sakondu nahi da, eta
osasun-eskubide globalaren, giza eskubideen eta genero-ekitatearen alde egiteko
zer balio duten ikusarazi. Gainera, Ugandan iheslariak hartzeko egin den
lana bistaratu nahi da. Munduko herrialderik pobreenetakoa da Uganda, baina
babes-politika eskuzabal eta integratzaileenetakoa du.
Ugandako harrera-ereduak nahiz horrelako beste eredu batzuek integrazioa errazten dute, eta berotasuna dakarte harreraren esparrura; eredu horiek, gainera, onurak dakarzkiete tokiko biztanleei ere, lan-aukeretan aurrera egiteari eta zerbitzu publikoetako hobekuntzei dagokienez. Izugarrikeriatik eta pobreziatik ihesi doazen pertsonei babesa ematen zaiela bermatuta, betiere, eta bizitza berri bati ekiteko eta etorkizun duin eta itxaropentsu batez gozatzeko aukerak emanez.
Gaurtik
aurrera, gure webgunean duzu ikusgai: adjumani.saludglobal.org. Erakusketa hau Farmamundiren ekimena da,
Emesco erakundearekin lankidetzan garatua eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal
Agentziak finantzatua, proiektu honen barnean: ‘Hego Sudango gatazkaren
ondoriozko krisi humanitarioak kaltetutako biztanleen osasun-eskubidea babesten
eta gauzatzen laguntzea’.