Mobilizazio jendetsua Eusko Legebiltzarraren aurrean: «Lankidetzarako Euskal Legean aldaketarik ez!»

Elkarretaratzean gizarte eragile ugari eta oposizioko hainbat legebiltzarkide bildu dira.
  • Ehun pertsona baino gehiago batu dira Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Euskal Herria, Euskadiko GGKEen Koordinakundea eta 40 kolektibo sozial eta sindikal baino gehiagok deitutako protestara.
  • Balizko erabilera militarreko 325 milioi euroko inbertsioak salbatzeko Eusko Jaurlaritzak Lankidetzarako Euskal Legean egindako aldaketaren «larritasuna» salatu dugu Eusko Legebiltzarraren aurrean.
  • Protestaren aldi berean, osoko bilkuran, EAJk eta PSE-EEk beren gehiengo absolutua baliatu dute 2026rako aurrekontuak onartzeko.

Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Euskal Herria eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen komunikatua, 40 kolektibo sozial eta sindikal baino gehiagok sinatua:

2024ko otsailaren 15ean onartu zen Gasteizko Legebiltzarrean 3/2024 Legea, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea. Talde politikoek ia aho batez onartu zuten testua, eta gizarte zibilaren zati handi batek ospatu zuen.

Zehazki, 10.4 artikuluak honako hau dio: «Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak, ekonomia sustatzeko politiketan, ez die lagunduko erabilera militarreko armamentua edo teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten pertsona fisiko edo juridikoei». Hori gure erakundeen aurrerapauso etiko garrantzitsua izan zen heriotzaren industriaren aurka.

Astearte honetan, abenduaren 23an, 2026ko aurrekontuak onartzeko prozeduraren barruan, eta isilpeko eta azken orduko mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzak 10.4 artikulua aldatuko du. Izan ere, aldaketa horrek indargabetu egingo du artikuluaren eduki antimilitarista eta bakezalea, ekoizpen militarrari laguntza ematea ahalbidetzen baitu «Segurtasunerako Europako Estrategian sartzen denean». Hau da, beti edo ia beti.

Aldaketa hori justifikatzeko argudioa tristea da: 325 milioi euroko industria inbertsioa arriskuan dagoela Euskadin. Geure buruari galdetzen diogu hori ote den gure Gobernuaren bakearen eta elkartasunaren aldeko politiken koherentziaren balioa, eta gerrek suntsitzen dituzten giza bizitzen prezioa.

Mesedez, ez deitu segurtasuna eskalada militarrari. Bakea ez da armekin eraikitzen. Lankidetzak ezin du gerra finantzatu. Bakeak ez duelako salbuespenik onartzen. Izan ere, gerrak ezin du lege-amarrrurik ukan.

Horregatik guztiagatik, erreforma hau salatzen eta gaitzesten dugu, eta herritarrei eta gizarte-erakundeei, erakunde bakezaleei eta lankidetzakoei mobilizatzera dei egiten diegu, gure aurkakotasuna publikoki adierazteko.

EZ GURE IZENEAN! EZ GURE BALIABIDEEKIN! GASTU MILITARRAK HELBURU SOZIALETARAKO!

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat