- 2016ko martxoaren 2an, Hondurasen hil zuten Berta Cáceres, Lenca herriaren buruzagi indigena, feminista eta ingurumenaren aldeko aktibista, Desarrollos Energéticos (DESA) enpresak sustatutako Agua Zarca Proiektu Hidroelektrikoari aurre egiteagatik.
- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak bat egin du hainbat erakundek Hondurasen Madrilgo enbaxadari eta Bilboko kontsulatuari helarazitako manifestuarekin.
- Hamar urte geroago, bere memoria bizirik mantendu nahi dugu, bere borroka berpizteko eta justizia eskatzeko: Bertarentzat, Lenca herriarentzat eta munduko herri guztientzat.
Dr. Marlon Brevé Reyes
Hondurasko enbaxadorea Espainian
Enbaxadore jauna:
Honen bidez, urte askotako esperientzia eta Erdialdeko Amerikan zein Hondurasen giza eskubideen hainbat eremutan lan handia egin dugun erakunde sinatzaileok gure babes osoa helarazi nahi diogu Berta Caceresen familiak, Hondurasko Indigenen Kontseilu Herritarrak (COPINH) eta mundu osoko milaka pertsonak, komunitatek, kolektibok eta erakundek hamarkada batez sostengatu duten justizia eskakizunari.
Gaur 10 urte bete dira gure ahizpa, kide eta giza eskubideen defendatzailea hil zutenetik. Berta Cáceresen kasurako Aditu Independenteen Diziplinarteko Taldeak (GIEI Honduras) gertakariak argitu dituen arren, Hondurasko sistema penalaren instantziak ez dira gai izan hilketaren erantzule nagusiak -egile intelektualak eta finantzatzaileak- identifikatzeko eta zigortzeko.
Eredu estraktibisten presioei aurre egiten dieten komunitateen eta erakundeen aurkako jazarpenaren eta errepresioaren adibide garbia da kasu hau, baita eredu horien aurka daudenek hiltzeko duten arriskuaren adibidea ere. Era berean, ustelkeriaren eta indarkeria arrazista, patriarkal eta instituzionalaren adibide argia da; izan ere, sektore korporatiboak eta Estatuko erakundeek indarkeria horrekin jardun dute eta jarduten dute lurraldeetan zilegitasun osoz bizi direnen aurka, haien interesentzat deseroso direlako.
Horregatik, eta Bertaren memoria eta haren borrokak ohoratzen jarraitzen dugulako, gure kidearen hilketa eta hamar urteko zigorgabetasuna ahalbidetu duten pertsona, enpresa eta instantzia nazional eta nazioarteko guztien erantzukizuna zehazteko eskatzen jarraitzen dugu. Baita Atala Zablah familiaren interesak babesteko Rio Blancoko komunitatearen eta COPINHren aurkako indarkeria eta errepresio ekintzak garatzen jarraitu duen egitura kriminalaren ardura argitzea ere.
Bertaren aurkako krimena gertatu eta hamar urtera, hura ahalbidetu zuten egiturazko kausek bere horretan diraute. Horregatik, Cáceres familiarekin eta COPINHekin batera, Hondurasko Estatuak egia, justizia eta erreparazio betebeharrak bete ditzan beharrezkoak diren egiturazko aldaketak eskatzen jarraituko dugu. Horrez gain, GIEIk proposatutako ibilbide-orrian jasotako ekintzak inplementatzea eskatzen dugu ere, Hondurasko Estatuak Berta Caceresen hilketaren eta COPINHren eta Rio Blancoko komunitatearen aurkako indarkeriaren biktimen erreparazioan aurrera egiteko.



