Badator 24. Korrika!

Kilómetro de la Coordinadora de ONGD de Euskadi en la 23ª edición de la Korrika, en 2024.

Korrikaren 24. edizioan Euskadiko GGKEen Koordinakundearen kilometroan parte hartu nahi duzu? Aurten Bilbon izango da, martxoaren 29an, igande goizean, eta formulario honen bidez eman dezakezu izena.

24. KORRIKAk 2.175 km eta 3.436 lekuko-hartze egingo ditu Euskal Herrian zehar, martxoaren 19tik 29ra bitartean Atharratze eta Bilbo lotuz. Hori guztia euskararen aldeko kontzientzia bultzatzeko eta AEK euskaltegientzako dirua biltzeko. 

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko kideok Donostian parte hartu genuen aurreko edizioan, 2024an, eta aurten berriz ere egingo dugu. Hortaz, gure kilometrora batzea proposatu nahi dizuegu…

NOIZ?

Bilbon, martxoaren 29an, igandean, goizean. Ibilbidea Bilboko Areatzan bukatuko da, jai giroan gozatzen jarraitu nahi duenarentzat.

NOLA?

Koordinakundeak lekukoa eramango duen kilometroan parte hartu nahi baduzu, inprimaki hau bete, eta denon artean egingo dugu plana. Azken unera arte animatzeko aukera egongo da, noski, baina argi baduzu eta aktiboki parte hartzeko interesa baduzu, erantzun lehenbailehen, mesedez; horrela hobe antolatu ahalko dugu. Ez dago kirolaria izan beharrik, garrantzitsuena parte hartu eta elkartu nahi izatea da.

ZERGATIK?

Euskara gure hizkuntza da, eta Koordinakundeko kideak euskara erabiltzera eta ikastera animatu nahi ditugu. Gainera, gure herriaren euskalduntzean gure aletxoa jarri nahi dugu, AEKrentzako diru-bilketa babestuz. Halaber, Bilboko kaleetan munduko aldarriak, euskal lankidetzaren lana eta GGKEen batasuna ikusarazteko aukera paregabea izango da. Eta, zergatik ez, Koordinakundeko kideak elkartzeko eta ondo pasatzeko aukera bat izango da ere. Ikerketek hala diote: Korrika indar emozional handia duen eta mezu zein sinbolo positiboen inguruan garatzen den mugimendu kolektiboa da. Garaiotan ez da gutxi, ezta?

Koordinakundearen kilometroan parte hartu nahi duzu?

Nondik dator proposamena?

Ekimen hau Koordinakundearen Euskara Gunetik sortu da; euskara sustatzeko eta erakundearen barnean euskararen erabilera bultzatzeko ardura duen lantaldetik, alegia.

2023an, Koordinakundeak Euskara Plana landu zuen, eta Euskara Gunea gutxienez urtean behin biltzen da planaren jarraipena eta proposamenak egiteko. Bai Euskarari ziurtagiria dugu, Euskaraldian parte hartu dugu… Gainera, Koordinakundearen webgunean euskarari lotutako hainbat informazio eskuratu daiteke, Lankidetzan Euskaraz atalean: euskara maila ezagutzeko eta hobetzeko baliabideak, tresna lagungarriak, zuzentzaile, itzultzaile eta hiztegiak, euskara ikasteko baliabideak, diru laguntza deialdiak…

2023an eta 2024an, Koordinakundean parte hartzen duten pertsonen euskara maila ezagutzeko inkesta egin genuen… GGKEak ere «euskara gara» eta. 68 pertsonak erantzun zioten inkestari: %69 erabiltzaile aurreratuak ziren, eta euskara batere ez dakitenak ere badaude. Euskara asko edo gutxi jakin, denak zaudete parte hartzera gonbidatuta! Eta ekarri lagunak eta familia ere!

2024anNazioarteko Lankidetza Hiztegia egin genuen, Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuarekin elkarlanean. Dokumentuak lankidetzaren arloko ohiko hitzak, kontzeptuak eta siglak biltzen ditu, euskaraz.

2025ean, euskararen erabilera ez-sexistaren eta itzultzaile automatiko eta neuronalen inguruko prestakuntza saioa egin genuen.

Eta orain, 2026an, Korrikaren 24. edizioa iristear da…

Zalantzarik edo proposamenik baduzu, jarri harremanetan Erika Erkizia Zubeldia Euskara Guneko, Idazkaritza Teknikoko eta Logistikako arduradunarekin: gipuzkoa@ongdeuskadi.org / 943 46 35 26.

Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa… KO-RRI-KA!

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat