- Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, eLankidetzak eta Hegoa Institutuak urtero antolatzen duten Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko topaketa apirilaren 24an izango da, Hika Ateneoan (Bilbo).
- Jardunaldia Guiomar Rovira Sancho y Enrique Javier Díez Gutiérrez adituekin hasiko da. Eta hainbat esperientzia partekatuko dira: besteak beste, AMUGE Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea, Oriol Erausquin (Infusión Ideológica), Martxoak 3 Elkartea eta NovAct Institutua.
- Plazak mugatuak izango dira, eta izena emateko epea apirilaren 13an amaituko da.
2017an aurkeztu zen (H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren euskal estrategia, hainbat eragilerekin egindako partaidetza-prozesu baten ostean. Hala, duela bederatzi urte, sei lan ildo edo indar-ideia ezarri ziren, gizartea eraldatzea helburu duen hezkuntza sustatzeko.
Harrezkero, eguneroko lanarekin batera, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Hegoa Institutuak eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero antolatu dituzte Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari (GEH) buruzko jardunaldiak; eta 2026an bederatzigarren edizioa izango da. 2018 eta 2023 bitartean, jardunaldien ardatza estrategiaren sei indar-ideiak banan-banan lantzea izan zen: herritartasun global jasangarri eta ekitatiboaren alternatibak eratzen dituzten subjektuei laguntzea, ikuspegi politiko-pedagogikoak, eskubideen ikuspegia, tokiko-global ikuspegia, eragile guztien arteko erantzukidetasuna, eta etengabeko ikaskuntza.
Lehen sei edizioen ondoren, jardunaldien ziklo berri bat hasi zen: indar-ideiak banaka lantzen jarraitu zen, baina horietako bakoitza GEHk gaur egun dituen erronka nagusiekin lotuz. 2024an, zazpigarren edizioan, hezkuntzak erakundeen eta kolektiboen/gizarte mugimenduen arteko artikulazioan dituen erronkak jorratu ziren; eta 2025ean, zortzigarrenean, eraikuntza komunitarioaren erronkak aztertu ziren.
Etapa berri horretan sakontzeko, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari buruzko IX. Jardunaldiak apirilaren 24an, ostiralean, izango dira, 09:00etatik 17:00etara, Bilboko Hika Ateneoan (Eskola Zumarkalea, 1, Ibaiondo), GHE, autoritarismoaren aurkako eta bizitza defendatzeko proposamena. Zer dago jokoan gaur? izenburupean.
Izen-ematea martxan dago jada, eta apirilaren 13ra arte egongo da zabalik. Aste Santua tartean egonda, komeni da azkar ibiltzea eta lehenbailehen apuntatzea, despisteak saihesteko eta lekurik gabe ez geratzeko.

Hizketaldia, esperientziak eta tailerrak
Goizean, izen-ematearen eta ongietorri ekitaldiaren (09:00-09:15) ondoren, gaian ibilbide luzea duten Guiomar Rovira Sancho eta Enrique Javier Díez Gutiérrez adituek Silvia Felipe González (Intered) bideratutako inaugurazio hizketaldi batean parte hartuko dute, 09:15etik 11:15era.
- Guiomar Rovira Sancho
Gizarte Zientzietan doktorea, Komunikazioan eta Politikan espezializatua. Gironako Unibertsitateko Zientzia Politikoen Arloko irakaslea eta Komunikazioko eta Politikako Masterraren koordinatzailea. Bere ibilbidean ikerketa eta irakaskuntza uztartu ditu, bai eta mugimendu sozial, feminista eta indigenei laguntzea ere, bereziki Latinoamerikan, bertan egin baitu bere ibilbide akademikoaren zati handi bat. Marie Skłodowska-Curie ikertzailea izan da (FEMONMETOO proiektua), eta mugimendu sozialei, sareko aktibismoari eta feminismoei buruzko hainbat lan idatzi ditu, besteak beste #MeToo. La ola de las multitudes conectadas feministas (2023-2024). - Enrique Javier Díez Gutierrez
Hezkuntza Zientzietan doktorea eta unibertsitateko katedraduna. Leóngo Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta Investigación Educativa y Justicia Social (ULE) ikertalde finkatuaren zuzendaria da. Europa inklusibo eta demokratiko baten eraikuntza faxismoaren eta xenofobiaren gorakadaren aurrean ikerketa europarra zuzentzen du. 2023an, Andaluziako Gurasoen Konfederazioaren CODAPA saria jaso zuen, hezkuntza publikoa defendatzeagatik eta pedagogia inklusiboa, demokratikoa eta guztion onera bideratua sustatzeagatik.
Hasierako solasaldiaren eta kaferako etenaldiaren ondoren, 11:45etik 14:00etara, hainbat esperientzia ezagutuko ditugu, ibilbide luzeko hiru erakunderen eskutik, Mundu Bakean erakundeko kide Trini Anguita Castillok bideratutako mahai-inguru batean:
- AMUGE – Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea (Noemi Amaya García)
Bere helburu nagusia Euskadiko emakume ijitoak sustatzea eta ahalduntzea da. Elkartearen ekintza-ildoetako bat ikastetxeetan hezkidetzari, ijitoen feminismoari, ijitoen aurkako mugimenduei eta orientazio akademiko ez-sexistari buruzko prestakuntzak ematera bideratuta dago. Nazio Batuek nabarmendu egin dute Ijito Herriaren Historia eta Kultura DBHn integratzeko elkartearen programa. - Infusión Ideológica / Oriol Erausquin
Propagandista, aktibista eta La rabia es nuestra liburuaren egilea. Oriol Erausquinek (1998) Filosofia, Politika eta Ekonomia ikasi zuen UAM, UC3M eta UPF unibertsitateetan. Gaur egun, eskuin muturreko konspirazio-teoriei buruzko soziologiako doktore-tesi bat ikertzen ari da, «Ordezpen Handiaren» teoriara bideratua. Sareetan ezaguna da Infusión Ideológica erabiltzailearekin duen jarduera politikoagatik. 2021az geroztik, bere aktibismo digitala banakako ahalegina izatetik modu kolektiboan egituratzera igaro zen, Pantube barruan (eduki antifaxista duten sortzaileen kolektiboa). Justizia klimatikoaren aldeko mugimenduarekin konprometituta dago, eta desobedientzia zibileko ekintzetan protesta egin du Extinction Rebellion eta Scientist Rebellion taldeekin. Azken urteotan Palestinaren aldeko mugimenduan aritu da, eta 2024an eta 2025ean Palestinaren aldeko Madrilgo kanpaldietan parte hartu du. - Martxoak 3 Elkartea (Iñaki Martín Etxezarra)
1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskian zaurituek, kaltetuek eta biktimen senideek osatutako erakundea da. Beren zeregin nagusia da egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzea, Espainiako Polizia Armatuak egindako krimenen zigorgabetasunaren aurrean. - Instituto NovAct (Asier Rodríguez Villa)
Gatazkak eraldatzeko eta bakea indartzeko Bartzelonako elkarte bat da. Testuinguru ahuletan aldaketak bultzatzen ditu, eremu zibikoa, giza segurtasuna eta justizia mota desberdinak babesten dituzten politiken bidez. Era berean, eskuin muturraren gorroto-diskurtsoaren erabilera aztertzen du, eta horri aurrea hartzeko jardunbide egokiak zabaltzen ditu.
Arratsaldean, mokaduak jateko tartearen ondoren (14:00-15:00), taldeka gaiaren inguruan elkarrekin hausnartzeko aukera izango dugu, gutxi gorabehera 17:00ak arte, jardunaldia orduan amaituko baita.
Tematikaren hautaketa Koordinakundeko hezkuntza-taldea osatzen duten erakundeekin egindako hausnarketa-prozesu baten emaitza izan da; beraz, zuen interesekoa izatea espero dugu.
Parte hartzera animatzen zaituztegu!




