Euskadiko GGKEen Koordinakundeak euskal lankidetzaren erronka estrategikoak zehaztu ditu 2030era begira

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko hausnarketa jardunaldia, 2026ko otsailaren 26an Arantzazun (Oñati).
  • Otsailaren 26an, Euskadiko GGKEen Koordinakundea osatzen duten erakundeak Arantzazuko (Oñati) Gandiaga Topagunea Batzar Zentroan bildu ziren 2022-2030 Plan Estrategikoaren inguruan hausnartzeko.
  • Datozen bost urteei begira, beste erronka batzuen artean, Koordinakundeak lankidetzarako euskal politikaren zein giza eskubideen defentsan sakonduko du, nazioarteko testuinguru gero eta konplexuago batean.
  • Beste erronka garrantzitsu bat izango da Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (GEH) euskal hezkuntza sistemaren barruan kokatzea, hezkuntza formaleko espazioetan kontzientzia kritikoa sustatzeko oinarri gisa.
  • Gainera, GGKEen euskal sareak bere ikuspegi feminista eta komunikazio tresnak indartuko ditu gorroto diskurtsoen gorakadak, espazio zibikoaren itxierak eta militarizazioak markatutako testuinguruari aurre egiteko.

2022ko martxoaren 10ean, Ezohiko Batzar Orokorrean, 2022-2030 Plan Estrategikoa onartu zuen Euskadiko GGKEen Koordinakundeak. Barne espazioetan (lantaldeetan eta GGKE bazkideekin) zein kanpo eremuetan (euskal erakunde publiko nagusiekin) egindako partaidetza-prozesu zabal baten emaitza da. Duela lau urte inguru amaitutako prozesu kolektibo horretatik sortu zen 2022tik 2030era bitarteko bederatzi ekitaldietarako ibilbide-orria.

Plangintzak hiru erronka estrategiko eta hamabi helburu zehatz ezartzen ditu. Eta, plan estrategiko baten helburua, hain zuzen ere, epe luzerako helburuak finkatzea eta horietarantz aurrera egitea bada ere, etengabe aldatzen ari den mundu batean bizi gara; azken urteotan, gainera, nazioarteko zuzenbidean atzerakada handiak izan dira, maila globalean demokrazia ahuldu egin da, eta nazioarteko lankidetzaren esparruan murrizketak izan dira.

Testuinguru horretan, joan den otsailaren 26an, 30 pertsona inguruk, Euskadiko GGKEen Koordinakundea osatzen duten 83 erakundeen ordezkari gisa, hausnarketa jardunaldi batean parte hartu zuten Arantzazuko (Oñati) Gandiaga Topagunea Batzar Zentroan, datozen bost urteetako (2026-2030) erronka estrategikoei buruz eztabaidatzeko.

Lehenik eta behin, 09:30etik 11:00etara, koordinakundeko erakundeek plana onartu zenetik igarotako lau urteen ebaluazioa egin zuten, dinamika parte-hartzaileen eta osoko bilkuraren bidez. Horretarako, Bea Puerta bideratzailearen laguntza izan zuten; taldeen eta hausnarketarako guneen dinamizazioan, laguntza estrategikoan, PDDH babes integralean, feminismoetan, nazioarteko elkartasunean, justizia sozialean eta dirulaguntzen kudeaketan espezializatua dago.

Kaferako etenaldiaren ondoren, Ecoper (Economistas de la Cooperación) aholkularitza-taldeak «Lankidetza deszentralizatua, aktibismo globala eta giza eskubideak» azterlanaren aurrerapenak aurkeztu zituen, fokua jarriz gizarte zibileko erakundeetan eta gure lankidetza eredua ezartzeko testuinguru gero eta konplexuagoetan.

Arratsaldean, jardunaldiaren ondorioak bildu eta laburbiltzeaz gain, entitateen eraldaketa prozesuei buruzko mahai-inguru bat ere izan zen, Oxfam Intermon eta Medicusmundi Gipuzkoaren esperientziekin.

Azkenik, otsailaren 27ko goizean, Gobernu Batzordeak eta talde teknikoak elkarrekin aztertu zituzten aurreko jardunaldiaren ondorioak, datozen bost urteetarako erronka nagusiak identifikatuz eta 2030. urtera arte GGKEen euskal sarearen urratsak gidatu beharko dituzten lehentasunak ezarriz. Hori guztia dokumentu batean jasoko da, Koordinakundearen plangintza estrategikoa egungo testuinguru global eta lokal konplexura egokitzeko oinarri gisa.

ENTRADAS RELACIONADAS

Utzi erantzun bat