- Azken hilabeteetan, Euskadiko GGKEen Koordinakundea euskal erakundeetan ordezkaritza duten alderdi nagusiekin bildu da, udaletatik Eusko Legebiltzarreraino.
- Neurri handi batean lan horri esker, aurrekontu igoerak lortu dira Arabako Foru Aldundian (1,2 milioi euro), Gipuzkoako Foru Aldundian (500.000 euro) eta Gasteizko Udalean (350.000 euro), besteak beste.
- 2026. urterako aurrekontuetan garapenerako laguntza ofiziala %0,7koa izatera iristeko aurrerapausoak egitea eskatzen dugu, Nazio Batuek 2030. urterako ezarritako helburuari jarraituz.
- Ganbera gehienetan zuzenketak aurkezteko epea amaituta, akordio zabalak, konpromiso argiak eta nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren aldeko apustu sendoa eskatzen ditugu.
Urteko azken hilabeteetan, euskal erakundeek aurrekontuen eztabaidari ekin diote, eta eztabaida horretatik sortuko dira udalen, batzar nagusien eta Eusko Legebiltzarraren proiektu ekonomikoak. Testuinguru horretan, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak harreman bira zabala egin du euskal alderdi politiko eta erakunde nagusiekin, bai tokian toki eta probintzia mailan, bai autonomia mailan, gobernutik oposizioraino.
Horrela, irailetik, ikasturte berriaren hasierarekin batera, Koordinakundea EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos eta IUko zuzendaritzekin bildu da; baita Eusko Legebiltzarreko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako eta udal nagusietako ordezkariekin ere.
Eragin politikoko lan horri esker, aurrerapen garrantzitsuak lortu dira erakunde batzuetan lankidetzaren aldeko apustua indartzeko. Adibidez:
- Aurrekontu akordioa Araban %0,7ren alde: Elkarrekin Arabak EAJ-PSEren foru gobernuarekin egindako akordioak, besteak beste, nazioarteko lankidetzara bideratutako partidak handitzea jasotzen du. 1,2 milioi euroko igoera izango da 2026an (Palestinako herriarentzako premiazko laguntza humanitarioa barne), eta igoera handiagoa 2027an eta 2028an, urtero 1,7 milioi euro gehiagorekin.
- Gipuzkoako Foru Aldundia: Elkarrekin Gipuzkoak EAJ-PSEren foru gobernuarekin egindako akordioak 500.000 euroko igoera jasotzen du nazioarteko lankidetzara bideratutako partidan.
- Gasteizko Udala: EAJ-PSEren udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuak nazioarteko lankidetzarako 350.000 euroko igoera jasotzen du, 2025eko aurrekontuekin alderatuta.
Beste erakunde askotan, ordea, asko dago oraindik jokoan, eta datozen egunak eta asteak erabakigarriak izango dira euskal lankidetzaren eta GGKEen etorkizunerako.
Konpromisoa lankidetzarekin eta elkartasunarekin
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak euskal erakundeei gogorarazi nahi die aurrekontuen %0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko konpromisoa lege-agindua dela une honetan Euskadin, 2024ko otsailean onartutako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen 16. artikuluaren arabera.
Hala ere, gaur egun, EAEko erakundeetan aurkeztutako aurrekontu-proiektu gehienek —salbuespen batzuekin, noski— bideratutako ehunekoaren jaitsiera dakarte. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, gainera, murrizketa hori termino absolutuetan ere bada, eta horrek bere plangintzan, Gobernu Planean eta Lankidetzarako Legean hartutako konpromisoetatik oso urrun uzten du 2026rako aurrekontua, baita Nazio Batuek 2030erako ezarritako %0,7ko helburutik urrun ere.
Euskal GGKEen lana aitortzeko eta defendatzeko garaia da; hitzez ez ezik, erabaki politikoekin ere. Zentzu horretan, udalei, batzar nagusiei eta Eusko Legebiltzarrari eskatzen diegu beren aurrekontuetan lankidetzara bideratutako partidak pixkanaka handitzeko.
Zuzenketak aurkezteko epea amaituta, Giza Eskubideen, lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren aldeko apustu sendoa, akordio zabalak eta konpromiso argiak eskatzen dizkiegu alderdiei, bai aurrekontuen eztabaidan, bai 2026. urte osoko politika publikoak markatuko dituzten proiektu ekonomikoen bozketan.
Azpimarratu nahi dugu aurrekontu-zuzkidura nahikoa beharrezkoa dela, ez bakarrik lankidetza proiektuen finantzaketa ziurtatzeko, baita giza baliabide tekniko nahikoak, langileen etengabeko prestakuntza, lan tresna egokiak eta ezustekoen aurrean erantzuteko gaitasuna izateko ere.
Euskadi erreferente izan da, eta bada, elkartasunari dagokionez; eta euskal GGKEek, gizarte-ehun aktibo baten parte garen aldetik, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu bat eraikitzen jarraitzeko apustua egiten dugu.
Euskadiko GGKEen Koordinakundea datuetan
Euskadiko GGKEen Koordinakundea 1988. urtean sortu zen, eta gaur egun garapenerako gobernuz kanpoko 84 erakunde biltzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan dauden 100 ordezkaritza baino gehiagotan. GGKE horien lana 63 herrialdetara hedatzen da, 839 lankidetza proiekturen bidez, eta, era batera edo bestera, 3 milioi pertsona baino gehiagorengana iristen da mundu osoan.
Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) herrialde horietan lan egiten dute premiazko behar humanitarioei aurre egiteko, bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko, aukerak sortzeko eta epe luzerako garapena bultzatzeko, hainbat arlo hartzen dituzten lankidetza proiektuen bidez, tokiko erakundeekin lankidetzan: osasuna, nutrizioa, hezkuntza, ur-zerbitzuen hornidura, saneamendua eta higienea, haurren babesa, emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzea, giza eskubideen defentsa…
Gaur egun, Koordinakundeari atxikitako euskal GGKEen oinarri soziala 117.774 pertsona dira guztira, laguntza ekonomikoa eskaintzen duten pertsonak, bazkideak, emaileak eta boluntariotza motaren bat egiten dutenak barne.



