Mundua aldatu ahal izateko mundua ulertzeko lau saioko zikloa Arrasaten

Mundukidek eta Harremanek Mundua ulertu, aldatu ahal izateko lau saioko zikloa abiaraziko dute Arrasaten. Mundua hobeto ulertzeko eta gure erabakiek gizartean zein planetan duten eraginaren inguruan hausnartzeko proposamena.

PUBLICADO EL:

05 Ots. 2026

POR:

EN CATEGORÍA::

Herritarrei zuzendutako zikloaren helburua da bizi garen mundua ulertzeko eta gure erabaki ekonomiko, sozial eta kontsumo-ohiturek dituzten ondorioen inguruan hausnarketa kritikoa sustatzea.

Zikloa Mundua ulertu, aldatu ahal izateko lelopean egingo da. Beñat Arzadun Olaizola Mundukideko kideak gidatuko ditu saioak, eta ekimenak datuetan oinarritutako analisi eta eztabaidarako espazioa eskainiko du, iritzi hutsez eraikitako diskurtsoetatik urrunduz. Helburua da munduan bizi garen 8.000 milioi pertsonen bizimodua ezagutzea eta gure bizi-moduek desberdintasunarekin, pobreziarekin, osasunarekin eta ingurumen-inpaktuarekin duten lotura ulertzea.

Zikloak ideia nagusi bat du abiapuntu: mundu interkonektatu batean, leku batean gertatzen denak beste leku batzuetan eragina du, eta gure erabakiek ondorioak dituzte gure ingurunetik harago ere. Lotura horiek ulertzea da aldaketa sozialerako lehen urratsa.

Saioetan lau ardatz tematiko landuko dira:

  • Otsailak 9: ABERASTASUNA. Zer nolakoa da egoera baliabide ekonomikoei dagokienean? Bizi itxaropenean? Elikaduran? Hezkuntzan? Giza eskubideetan?
  • Otsailak 23: OSASUNA. Munduan bizi itxaropena luzatzen ari ote da? Leku guztietan? Zer nolako desberdintasunak daude? Zenbat gastatzen da osasunean? Non dago zer hobeagotu gehiago?
  • Martxoak 9: DESBERDINTASUNA. Zer nolako desberdintasun ekonomikoak daude? Hezkuntza desberdintasunengatik? Lan aukera edo baldintzengatik? Zeintzuek ondorioak? Gatazka? Migrazioa?
  • Martxoak 23: POBREZIA. Zenbatekoa da munduan txirotasuna? Zer egiten da hori aldatzeko? Zenbatekoa eta nolakoa da nazioarteko laguntza? Globalizazioak zer eragin du?

Mundu mailako datuak aztertuko dira, nazioarteko erakunde eta ikerketa-zentroen informazioan oinarrituta, galderak planteatuz eta ikuspegi kolektiboa eraikiz.

Zikloa ikasle, irakasle, gizarte eta hezkuntza arloko profesional zein justizia soziala eta jasangarritasuna interesatzen zaion edonorentzat dago irekita. Formatuak datuen aurkezpena eta analisia eta eztabaida kolektiboa uztartuko ditu.


Informazio praktikoa
  • Jarduera: 4 saioko zikloa – Mundua ulertu, aldatu ahal izateko
  • Hizlaria: Beñat Arzadun Olaizola
  • Antolatzaileak: Mundukide eta Harreman GGKE
  • Laguntzailea: Arrasateko Udala
  • Datak: Otsailak 9 eta 23; martxoak 9 eta 23
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Garibai Aretoa, Kulturate (Arrasate)
  • Hizkuntza: Euskaraz, gaztelaniarako aldibereko itzulpenarekin